Euskaraz bizi nahi duten herritarrak kalean aktibatuta ditugu, belarriprest eta ahobizi txapa jarrita. Euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin hitz egin nahi dute eta jarrera horrekin esnatzen dira egunero. Euskaraldian baikaude. 15 egunez euskara hutsean bizi edo horretan ahalegina egiteko ariketa martxan da. Ariguneak horretan ere laguntzaile dira.
Irurtzundarrak Euskaraldian izena ematen.
Zenbat gara?
Euskaraldiko kantuak egiten duen galderetako bat da. Astearte gauerdian itxi zen euskararen erabilera handitzeko ariketa sozialean izena emateko epea. 2.171 sakandarrek eman dute izena, aurreko edizioan baino 438 gutxiagok (%16,79ko jaitsiera). Hala ere, Euskaraldian parte hartzen dutenak sakandarren %10,75 dira. Ekitaldi oso gutxik lortzen dute halako parte hartzea ibarrean.
Izen-emate garaian Sakanako 16 Euskaraldia batzordeek sumatzen zuten lehen edizioko kopuruen azpitik zebiltzala. Baina parte hartzearen jaitsieran zerikusi handiena pandemiak izan du, Euskaraldia baldintzatu du. Elkarrengandik urrundu gara, talde txikitan elkartzen gara, klase guztietako ekitaldiak bertan behera gelditu edo egokitu dira. Komunitateak ez daude trinkotuta. Eta, zailtasunak-zailtasun, herrietako batzordeek ahalegin handia egin dute sakandarrengana iristeko eta aktibatzeko. Egoera dena izanda, lortutakoa kontuan hartzeko modukoa da.
Aurrekoan bezala Euskaraldiak kalean ikusgarritasuna lortzea zailagoa izan da aurretik, eta orain. Nahiz eta kalera aterata txapak ikusten diren. Aurrez aurreko topaketak izaten dira, eta aurrekoan bezala, sorpresa ederrak opatzen dira, ezustean halakok euskara ulertzen edo hitz egiten duelako. Harremanak baldintzatuta eta mugatuta daude bai, baina telefonoz, sare sozialen, bideo-deien eta abarren bidez komunikatzen segitzen dugu. Euskaraldian horietan zentratu behar da aurten, horiek euskaraz egitea tokatzen da. Ohitura aldatu eta hala segitzeko.
Bi mila pertsonatik gorako parte hartzea oinarri sendoa da. Sakandarrek badute gogoa, eta beharra sentitzen dute, bere hizkuntza ohiturak aldatzeko, euskara erdigunean jartzeko. Euskaraldia egiten ari da Sakanan, ez soilik 2.171 horiek. Txapa janzteak eragin biderkatzailea baitu. Euskaraldiak hizkuntza ohituretan eragiteaz aparte, parte hartu edo ez, norberaren hizkuntza ohituren inguruan pentsatzera bulkatzen du. Euskararendako arnasaldi handi bat da garai hau. Hitzak, esaldiak, esaera zaharrak, txisteak, pozak, penak, amorruak… ohiturak aldatu eta denak euskaraz emateko garaia da.
Uhartearrek Euskaraldiarekin bat egin dute.
Rolak
Lehenengo edizioan bezala, oraingoan ere, izena eman duten bostetik lauk ahobizi rola hartu du (1.760 sakandar, parte-hartzaileen %81,07, 1,57 puntu gehiago). Belarriprestak, berriz, 411 izan dira (%18,93). Euskaraldian parte hartzeko ezinbesteko baldintza da euskara ulertzea. Beraz, nahi eta nahiez, parte-hartzaile guztiak belarriprest dira. Oinarri horrekin, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketan jarrera lasaiagoa edo ausartagoa hartu daiteke, belarriprest edo ahobizi. Eta, hala ere, izen-emate batzuk ikustean zalantza sortzen da: jendeak rolak ulertu ditu? Badaki ahobizik eta belarriprestek ez dutela loturarik euskararen ezagutzarekin? Euskara asko edo gutxi jakin, horrek ez du zerikusirik rolekin. Belarriprest edo ahobizi txapa janzten dutenek euskara erabiltzerakoan jarrera bat hartzen dute. Hori argitzea da egitekoetako bat. Eta rola aukeratzerakoan zintzoa izatea ere bai.
Hala ere, ahobizi eta belarriprest jarrerak hartuta bi mila pasa sakandar euskarazko espazioak zabaltzen ari dira etxean, lagun artean, parte hartzen duten entitateetan… Guztiak, belarriprest edo ahobizi txapak soinean, euskararen, komunitatearen alde ari dira. Ilusioz. Euskaraz hitz eginez, elkarrizketa elebidunak izanik, komunitate guztiaren etorkizuna lantzen ari dira.Txapa jantzita elkar ikusteak poz txikiak sortzen ditu, euskararen sua bizitzeko ezinbestekoak diren ilusio garrak dira. Euskaralditik kanpo segida duen ariketa.
Lizarragabengoan ere Euskaraldiari tokia egin diote.
Generoa
Aurreko Euskaraldiko joera berretsi da, emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago parte hartzen dute hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketan. Izena emandako sakandarren %62,74 emakumezkoak dira (1.362, aurrekoan baino 2,57 puntu gehiago). Gizonezkoen parte hartzea % 36,67 da (796, 1,11 puntu gutxiago). Ez binarioak berri %0,78 dira (17, 0,25 puntu gehiago).
Genero banaketa hain nabarmen hori ez da soilik Euskaraldian gertatzen. Euskaltegietako izen emateetan eta, orokorrean, kultur ekitaldi edo ekimen guztietan, gizonezkoek gutxiago parte hartzen dute. Euskara feminizatuta dago? Indarrean dagoen maskulinitate ereduak ez du hizkuntzarendako tokirik uzten? Utzikeria da?… Galdera asko sortzen dituen gaia da, lehen edizioaren ondoren identifikatu zena. Hala laburbildu zuen Kike Amonarrizek otsailaren 14an Altsasun eman zuen hitzaldian: “testosterona arazo bat dugu!” Euskarak aurrera eginen badu, gizonezkoen konplizitatea eta parte hartzea ezinbestekoa izanen da.
Lizarragan aurten ere Euskaraldiak harrera ona izan du.
Errepikatze tasa
Euskaraldia ariketa guztiz berria zen 2018an. Orduan parte hartu zutenen % 74,99 (1.628 sakandarrek) berriro eman dute izena Euskaraldian eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketan parte hartzen ari dira. Lehen edizioaren positibitate eta baikortasun olatua ikusita izena ematera animatu diren sakandarren %25,01 estreinakoz parte hartzen ari dira ariketan. 2018an 16 urte ez zituztelako edota ariketa ezagutu ondoren izena ematea erabaki dutenak. Bestalde, ere izan da aurreneko Euskaraldian parte hartu eta txapa etxean zuenez, izena eman ez duenik.
Urdindarrak txapa hartu berritan.
Ariguneak
Aurtengo edizioko berritasuna dira euskaraz lasai hitz egiteko espazioena, ariguneak. Sakanako 119 entitatek eman dute izena eta, guztira, 371 arigune sortu dira. Haietatik 182 barne-arigune dira, hau da, entitate barruan hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egite ari dira. Eta gainontzeko 189ak kanpo-arigune dira. Haietara joaten diren sakandarrak badakite euskarazko arreta jasoko dutela.
Harreman sozialak mugatuta izanik, arigune gisa izena emandako establezimendu askok jendaurreko harrerarik ez dute, edo mugatua dute. Ingurune digitala erabiltzen dutenak errazago izanen dute. Baita lantokietan sortutako barne ariguneek ere. Merkataritzako kanpo ariguneak ere martxan dira, bai.
Ziordiarrak Euskaraldiari ongi etorria eman zioten.
Euskaraldia berriak etorriko dira eta haietan ere ariguneak egonen dira. Entitateek eta erakundeek denbora dute hausnartzeko eta beraien erakundeetan hizkuntzaren normalizaziorako pausoak emateko. Eta jakinik zer diren kanpo eta barne ariguneak, gaurtik pausoak emateko garaia da. Horrela, hurrengo Euskaraldirako lankide, langile, elkartekide, bazkide, arduradun, agintari eta abarren hausnarketak eta konplizitateak lortu eta euskarari bide berriak zabalduko dizkiogu kultur, kirol edota gastronomia elkarteetan , lantegietan, merkataritzan, ostalaritzan edota administrazioan. Euskararen alde jokatzeko garaia da, euskaldunen aldeko politikak sustatzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko.