Guaixe senidetzea

Eta, azkenean, esnatu zen

Alfredo Alvaro Igoa 2020ko abe. 2a, 14:50

Jendetza Durangoko Azoka hartzen duen Landako gunean.

Erromatarrek idatzitako harrietan ageri dira euskarazko lehen hitzak. Latinez edo erromantzeetan idatzitako testuetan ere ageri dira hitz eta esaldi solteak. Baina euskarazko literatura gero etorriko zen. Gure letren barnako bidaia laburra da ondorengoa. 

Gaiari heldu aurretik, utzidazue ohar bat egiten: abenduaren 4tik 8ra Durangoko Azoka eginen da. 55. edizioa, pandemiak hala behartuta, guztiz digitala izanen da. Joan den urteko datu batzuk, Bizkaiko hiri horretako hitzorduaren tamaina azaltzeko: erakustazokan 264 erakusmahai jarri ziren  eta 405 nobedade aurkeztu zituzten (273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari, 5 ikus-entzunezko eta 20 bestelako). Gainera, 700 metrotan, 200 ekitaldi baino gehiago izan ziren (liburu, disko, film edota antzezlan aurkezpenak, hitzaldi eta mahai-inguruak…). 2019an 120.000 bisitari hartu zituen. Durangoko Azoka euskal kulturaren erreferentziazko gune eta hitzordua da. Euskarazko sorkuntzaren argazkia ematen diguna urtero. Erreferentzia puntu bat euskaldunendako. Gainera, urtean zehar euskal komunitatea gainditu eta erdal komunitatera iristen den ekitaldi bakarretakoa da. 

Baina heldu diezaiogun hariari, literatura idatziari. Herriak euskaraz komunikatzen bazen ere, Nafarroako hasierako erregeek izan ezik, ondorengo agintari guztiek beste hizkuntza batzuetan hitz egin dute. Horrek, jakina, eragin handia izan zuen euskarazko literaturan. XVI. mende erdira arte ahozko literatura izan genuen (koplak, baladak…). Bernart Etxeparek Linguae Vasconum Primitiae liburua 1545ean argitaratu zuen. Egilea kontziente zen inprentatik ateratako euskarazko lehen liburua zela berea eta euskararen aldeko aldarrikapena sartu zuen bi poematan. 

Hurrengo mendeetan inprentetatik euskarazko liburu gehiago aterako ziren. Baina ez asko, eta gehienak erlijioa gai hartuta, elizgizonek idatzitakoak. Haiek ziren ikasketak zituztenak eta euskaldunak zirenak, eta fedearen mezua herritarrei helarazi nahi zioten. Bestalde, administrazio banaketak mugaz bi aldeetako literatura desberdina izatea ekarri zuen. Iparraldean (Frantzia) XVII. mendean loraldia izan zuen literaturak. Hegoaldean (Espainia) 250 urte itxaron beharko ziren halakorik ikusteko. Nork bere euskalkian idatziko zuen. Lau bilakatuko ziren literatura-euskalkiak: lapurtera eta zuberera Iparraldean eta gipuzkera eta bizkaiera Hegoaldean. Baina esan bezala, liburu ekoizpen handirik ez zen izan.

Pizkundea
XIX. mendeak erromantizismoa ekarri zuen eta atzerriko hainbat jakintsu, pentsalari eta idazle euskarari begira hasi ziren. Hainbat mito eta kondaira jaso zituzten Wilhelm von Humboldtek, Louis Lucien Bonapartek, Hugo Schuchardtek, Wentworth Websterrek, Victor Hugok edo George Borrowek. Bestalde foruen (lege propioen) galerak bultzada eman zioten euskarazko literaturari. Euskal Pizkundea XIX. mende akaberan hasi eta 1936ra arte haziz joan zen. Bitarte horretan 300 liburu argitaratuko ziren. Francoren estatu kolpeak euskal kulturari eten handia ekarri zion: Aitzol eta Lauaxeta fusilatu egin zituzten eta euskaltzale askok Iparraldera edo Amerikara ihes egin behar izan zuten. Euskal kultur mugimendua desagerrarazi zuen estatu kolpeak. Euskara 60ko hamarkadara arte debekatuta egon zen eta euskaraz egindako argitalpenek zentsuratik pasa behar zuten aurretik.  Euskara batuak XX. mendeko 70eko hamarkadatik aurrera hartuko baitzuen indarra eta, hortik aurrera, euskara estandarrean argitaratu dira liburu gehienak, bigarren euskal Pizkundean. 

Hizkuntzaren estandarizazioarekin batera, dena egiteko garaiak ziren, eta ahalegin eta borondate handiarekin argitaletxeak, literatur aldizkariak eta idazle berriak plazara ateratzen hasi ziren. Poesian nabarmendu daitezkeen izenetako batzuk dira: Gabriel Aresti, Bitoriano Gandiaga, Xabier Lete, Josean Artze, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe, Castillo Suarez… Eta narratiban, berriz, Ramon Saizarbitoria, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi, Itxaro Borda, Uxue Alberdi, Ixiar Rozas… 

Saiakera eta antzerkia idazten duen euskal sortzailerik bada. Euskarara idazlanak ekartzen duen itzulpengintzak gero eta zabalagoa da, eta haren itzala izugarri handitu da. Gainera, Euskal Idazleen Elkartea 1982an sortu zen. Bere programen artean idazleak ikastetxeetara eramateko programa dago, idazleak eta ikasleak aurrez aurre jartzen dituena. Bestetik, Etxepare Euskal Institutua euskara eta euskal sorkuntza garaikidearen presentzia eta ikusgarritasuna bultzatzen, nazioarteko lankidetza sustatzen, eta sortzaile, profesional, eragile eta erakundeen arteko elkartrukea eta komunikazioa bideratzen ari da 2010etik. Haren bidez hainbat euskal idazlek, esaterako, nazioarteko literatura topaketetan edo liburu azoketan parte hartu dute. Azkenik, badira ere euskarazko irakurketa sustatzeko urtero errepikatzen diren kanpainak, esaterako: Irakurri, Gozatu eta Oparitu. Izenak dioen moduan, euskarazko liburu bat norbaiti oparituz bukatzen dena (horretarako deskontuak daude).