Urdalurko sarea zabaltzeko beste pauso bat

Guaixe 2020ko abe. 3a, 10:39
Satrustegi eta Etxarren artean luzatuko dute Urdalurko ur hodia.

Irurtzungo ur horniketa Urdalurreko urtegitik egiteko, ur-hodia Satrustegitik Etxarrenera luzatzeko lanak egiteko nahitaezko desjabetze-espedientea hastea erabaki da. 

Sakanako Mankomunitatearen helburuetako bat da Urdalurko urtegiko urarekin Irurtzungo ur hornidura bermatzea. Horretarako ibarra zeharkatzen duen sarea luzatu nahi du. Gaur egun Satrustegiraino iristen da eta heldu den urtean eginen diren lanekin Etxarrenera iritsiko da. Lan horiek egiteko proiektua onartu zuen Sakanako Mankomunitateak azaroaren 12an. Horrekin batera, ibarreko erakundeak erabaki zuen desjabetzeko espedientea hastea eta proiektu horrek ukitzen dituen ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batez onestea. Ondorioz, proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak onura publikoko izendatu ziren, eta lanak egiteko haiek okupatu beharra aitortu zen. 

Proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean 15 egun baliodunez egonen da gaurtik aurrera. Tarte horretan interesdunek egokiak iruditzen zaizkien ohar edo alegazio guztiak egin eta argitaratutako zerrendako okerrak zuzentzeko behar diren datuak eman ditzakete. Beti ere, idatziz. Horiek Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzara bidali edo han aurkeztu beharko dituzte. Lanek 551.000 euroko aurrekontua dute. 

Erlazionatuak