Nafarroako Gobernuaren 2021eko Aurrekontu Foru Legeari aurkeztutako emendakinak Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Ogasun Batzordean aztertzen hasi ziren astelehenean. Gobernuaren sustengu diren PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk, I-Ek eta EH Bilduk adostu dute haiek aurkeztutako 250 emendakinek aurrera egitea. Beraz, ibarrerako aurreikusitako bost emendakinek aurrera eginen dute.
Sakanako Garapen Agentziak (SGA) bide horretatik 156.000 euro jasoko ditu. 116.000 euro Banda Zabaleko plana garatzeko izanen da. Sakanako Mankomunitateko Telekomunikazio Batzordeak Guifinet fundazioarekin elkarlanean zuntz optikorik ez duten ibarreko herri txikietara zuntza eramateko proiektua landu dute. Diru ekarpen horrekin Arakil, Irañeta, Uharte Arakil eta Arruazura eramanen litzateke zuntza. Horrek, Sakanan telekomunikazio azpiegitura komunala abian jartzeak, beste hainbat aukera irekiko lituzke: zerbitzu berriak garatzea, tokian tokiko enpresa berezituak sortzeko aukera... Emendakina Geroa Baik eta EH Bilduk aurkeztu zuten.
SGArendako gainontzeko 40.000 euroak Sakanako mugikortasun eredu berri baterako egitasmoa garatzeko izanen da. Mugikortasunerako gero eta zerbitzu publiko gutxiago daude eta ibilgailu partikularrarekiko gero eta menpekotasun handiagoa dago. Asmoa da Sakanarako eta, bide batez, landa guneetarako baliagarria izan daitekeen eredu posible baten prototipoa sortzea eta, horretarako, egun mugikortasun zerbitzuak ematen dituzten eta eredu berriak lantzen ari diren lurraldeko eragileekin landuko litzateke gaia. Ahal Duguk proposatutako emendakina da.
Lakuntzako eta Arbizuko udalek sustatuta, Kattuka haur eskola 2011ko irailean zabaldu zituen ateak. Lanak egiteagatik Nafarroako Gobernuak 70.000 euroko dirulaguntza agindu zion Arbizuko Udalari. Baina finantza erakundeek eragindako krisiak lehenik eta luzamenduengatik ondoren, Arbizuko Udalak 2008an onartutako dirulaguntza kobratu gabe segitzen du oraindik. Hori zuzentzeko eta foru administrazioak ordainketa behingoz egin dezan, EH Bilduk proposatutako emendakina onartu da eta hala jaso da Nafarroako aurrekontuetan.
Altsasuko Udalak Zelandi eskolako urbanizazioa hobetzeko 236.000 euro jasoko ditu Nafarroako aurrekontuetatik. Eskolako zuzendaritzak, Zelandiko eskola kontseiluak eta Guraso elkarteak hainbatetan egindako eskaera da. Euria egiten duenean putzuak sortzen dira eta hori eragozteko euri ura hartzeko kanalizazioa eginen da. Horrekin batera, zorua ere berrituko da. Ikastetxeak 400 bat ikasle hartzen ditu. Geroa Bairen emendakinaren bidez lortu du finantzazioa udalak.
Olatzagutiko Udalak, azkenik, 20.000 euro jasoko ditu. Horiekin hitzarmen bat eginen du udalak herrian dagoen etxebizitza premia eta alternatibak aztertzeko. Etxebizitza duina izateko dauden beharrei neurri zehatzekin erantzuteko proiektua eginen da heldu den urtean. EH Bilduk aurkeztutako emendakina izan da.