Neguko festen zikloaren barruan ditugu neguko solstizioko eta urte aldaketako ospakizunak. Esaera zaharrak hala dio: Santa Luzia, argitu orduko iluna. Argi ordu gutxi eta hotz handia dira neguko solstizio aurreko asteetako panorama. Euria, batzuetan elur bihurtuta, mendi gainetan, edo herriraino jaitsia ere bai.
Testuinguru horretan nekazaritza eta abeltzaintza nagusi zen gure aurrekoen gizartean etxeko lanak ziren nagusi. Eta horien artean aparteko garrantzia zuen txerria hiltzea. Neguko hotzak haragiaren kontserbazioa ahalbidetzen zuen. Baratzean zeuden aza eta porruekin asteetako dieta bilakatuko zen.
Euskal Herrian garai honi lotutako makina bat ospakizun daude, gehienek ere elementu jakin batzuk oinarri dituztenak. Baina idatzi honetan gure ibarreko, Sakanako, ohiturei erreparatuko diegu. Neguko solstizioko ospakizunak Jesusen jaiotzarekin bateratu zituen eliza katolikoak. Hala, abenduaren 24ko eguerdian hainbat herritan haurrak etxez etxe kantu-eskean ibiltzen dira. Esaterako, Etxarri Aranatzen garai batean haurren bere aginaldoa pazkuan amores eskatzen zuten. Lizarragan, berriz, etxez etxeko eskean hala esaten zuten: gaztein betzuk Gau Ona eitteko, fabores! Garai batean jasotzen zituzten gaztaina, hur, intxaur eta bestelakoak goxoki eta diruak ordezkatu ditu gaur egun.
Egun horretan haurrek gehien espero duten bisita helduko da herrira: Olentzero. Basotik jaisten den ikazkin tripaundia. Berak ekartzen ditu haur eta helduendako opariak. Herrietan harrera egin eta gurdiren batean igota herrian barna kalejiran eramaten dute, haur eta gurasoen segizioa lagunduta eta garaiko musikak girotuta. Olentzerori herri guztia erakutsi ondoren, haurrak harengana hurbildu eta beraien gauzez hitz egiteko aukera izaten dute. Goxoki poltsa batekin bueltatzen dira gurasoengana. Eta hurrengo goizeko opariekin amesten. Genero berdintasunaren lorpena izan da ohitura eguneratzea eta Olentzerorekin batera Mari Domingi emakumezkoa ere agertzea herrietako segizioetan. Garaiko kantu batean aipatzen zen emakumezkoa gorpuztuta ikusten dugu orain abenduaren 24an.
Baina opariak jaso aurretik afaldu beharra dago. Abenduaren 24an mahaiaren bueltan familiak biltzen dira. Majo afaltzen da, gehiegi askotan. Ondoren, etxeko ohituraren arabera, kartetan, kantuan edo hizketan aritzen dira, bestela, telebista aurrean esertzen denik bada. Hurrengo eguneko bazkaria ere eder askoa izaten da.
Aurten ezinezkoa izanen da, baina aurreko urteetan makina bat jende tabernaz taberna tragoak hartzera ateratzen da, afaldu aurretik normalean. Herrien arabera, abenduaren 24an edo 31n izaten da hori. Egun horietan tabernariek jateko mokadutxoak doan eskaintzen dizkiete beraien bezeroei.
Elementuak
Gurean solstizioetako ospakizunei lotutako bi ezinbesteko elementu sua eta ura dira. Udako eta neguko solstizioak lotzen zituen esaera jaso zuen Jose Mari Satrustegi etnografoak: Gabonetan txapan eta sanjuanetan plazan. Izan ere, garai bateko etxeetako sukaldeetan sua lurrean zegoen metalezko plantxa baten gainean egiten zen.
Garai batean Gabon gauean suak ere bere protagonismoa zuen. Propio aukeratutako enbor handiarekin egiten zuten sua herri batzuetan. Herriaren arabera izen desberdina hartzen zuen: supil, sukil, olentzero, enborra… Satrustegik berak etxean ezagututako ohituraren berri eman zuen: suaren onura familia guztiarendako izateko etxeko jaunak falta ziren edo bertan zeuden familiako kide bakoitzeko egur bat erretzen zuen. Jaungoikoa, Ama Birjina eta San Joserekin hasten zen eta ondoren, adinaren ordenaren arabera, familiako kideei zegozkion egurrak botatzen ziren sutara. Ameriketan zuen osabak urtero eskatzen zien beraren egurraz ez ahazteko. Sutara botatzen zirenak haurrek aukeratutako "egur politak" ziren.
Solstizioko suaren eragina urte guztirako zen, horregatik beti hautsak estalitako inkerren bat egon behar zuen. Satrustegik azaldu zuenez, Arruazun su berria etxera Larunbat Santuko mezaren ondoren eta San Juan suen ondoren eramaten zuen bere amonak etxera. Guztiak galdutako ohiturak, memorian gordetzen ditugunak.
Solstizioarekin lotura duen beste elementua ura da eta berari lotutako ohiturak bizi-bizi daude neguko solstizioan.
Urtezaharra
Urtean 18 urte betetzen dituzten gazteek beraien ospakizun handiak, kinto egunak, inauteriekin batera ospatzen dituzte. Gero eta gazte gutxiago dagoenez eta kinto eguneko eskean herri guztira iristen ez direnez, Etxarri Aranazko kintoak eske errondan aritzen dira urteko azken egunean, inauterietako beraien festa finantzatzeko diru eske. Ikusiko dugunez, ez dira data aipagarri honekin kalera ateratzen diren kinto bakarrak.
Urtezaharreko afariak gehienek familian egiten badituzte ere, lagunekin egiten duenik ere bada. Gauerdiarekin batera su artifizialak pizten dituenik ere bada. Ondoren ordu txikiak arte luzatzen diren tabernetako parrandak dira ohikoenak gazteen artean. Etxeko giroaren epelean gelditzen dira helduagoak. Baina uraren inguruan gordetzen den ohiturarik badago gurean.
Ezagunena, baina ez bakarra, Urdiaingoa da. Udaleko kideak apaizetxean elkartzen dira apaizarekin. Gau erdiko ezkilkadak jotzen dituztenean gazteek iturritik "ur berria" hartzen dute pitxera batean eta kanta abesten dute. Gazteek agintariei ura eskaintzen diete eta haiek edan egiten dute. Apaizak abeslariei tarta oparitzen die. Haiek alkateari eskaintzen diote. Pixka bat dastatu ondoren gazteak badoaz. Hala ekiten diote urte berriari Urdiainen.
Gaur egun urteari harrera kantuan egiteko ohitura Irañetan, Arruazun, Lizarragabengoan, Etxarri Aranatzen, Iturmendin eta Urdiainen mantentzen da. Irintarrek jasotako jakiak errondaren ondoren elkartean dastatzen dituzte. Arbazuarrek kantatu bitartean herritarren artean banatuko dute gauerdian jasotako ur berria. Iturmendiko kintoek kantu-eskeko erronda egiten dute etxez etxe.
Urte berriko kantak herriz herri bere doinu eta letra du. Azken horretan bi zati bereiz daitezke. Bat "ur berriari" buruzko mezuarekin lotutakoa, zaharragoa dena eta, gero, kantu-eskea. Denboraren joanarekin aldatu egin da kanta. Hona Arruazuko kantua:
Ur goiena, ur barrena
urte berri egun ona
Graziarekin osasuna
pakearekin ontasuna
Jaungoikoak dizuela egun ona
Iturmendiko haurrak farekin herrian barna.
Gehiago
Garai batean ere izaten zen gau erdiko mezaren ondoren zerbait jatera eta edatera elkartzen zen gazteak. Topaketa horiei sorgin-afaria hots egiten zieten, Sorgin adjektiboa, beraz, elkarketa egiten zen orduagatik besterik ez zen. Bestalde, urteko lehen eguneko iluntzean Altsasuko Udalak Gure Etxea eraikinean gaztainak, intxaurrak eta ardoa banatzen ditu, eta jendea kantaz aritzen da.
Egun hauetako ospakizunak Errege Magoen etorrerarekin despeditzen da. Ilbeltzaren 5eko iluntzean herrietan barna haien segizioa ikusteko aukera dago. Garai batean egun horretako arratsaldean haurrak etxeko aziendaren fale txikiak hartuta herrian barna korrika ibiltzen ziren hotsa dariela. Iturmendin edo Altsasun hala ibiltzen dira. Egungo bertsioaren arabera erregeak herritik ez pasatzeko eta bertan gelditzeko jotzen dituzte faleak. Neguan lo dagoen natura esnatzeko deia ere bada.
Heldu den garaia izendatzeko hiru hitz erabiltzen dira. Gero eta erabilera txikiago duena pazko hitza da. Gabonak eta eguberriak dira gehien erabiltzen direnak. Data seinalatuak urteari hasiera ematen dion hilabetearen aurretik, ilbeltza.