Aitaren gorpuzkiak jaso ditu Concha alabak

Guaixe 2020ko abe. 24a, 14:25
Concha Dieguez Jaka aitaren hezurdura duen kutxaren ondoan negarrez. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Concha Dieguez Jakak aita bilatzeko lan nekaezina egin izan du urtetan. Berak sei urte zituenean fusilatu zuten aita. Ostiralean aita zenaren gorpuzkiak zituen kutxa guztiz hunkituta jaso zuen, kutxari heldu zion aita besarkatu nahi izanen balu bezala. 

Claudio Dieguez Loza 1900eko lastailaren 30ean jaio zen San Asension (Errioxa). Renfeko langilea, sugina zen. Francisca Jaka Mendiola etxarriarrarekin ezkondu zen. Lau seme-alaba izan zituzten; aurreneko biak, Castor eta Angel, Miranda de Ebron jaio ziren, baita txikiena, Isabel. Concha, Concepcion Dieguez Jaka, berriz, Etxarri Aranatzen. 1936. urtean hiru urte zeraman familia Etxarri Aranatzen bizitzen. Franciscaren gurasoen (Pellonekoako Monika Mendiola Berastegi eta Pedro Maria Jaka Maiza) etxe ondoan bizi ziren. 

Dieguezek CNTrekin lotura zuen. 1936ko irailaren 13an, Miranda de Ebron lanean ari zela, atxilotu eta Altsasura bidali zuten. Leporatu zioten Asturiasko iraultzaren ondorengo hilketen kontrako eta emakumezkoen boto eskubidearen aldeko kartelak jartzea. Gau hartan bertan, familiari jakinarazi ziotenez, Sorozarreta inguruan hil eta bertan lurperatu zuten. Antza, jakinik fusilatuko zutela, eraman zuten kamioitik jaistera ukatu egin zen Dieguez eta han bertan bi tiro jo zizkioten eta larri zaurituta lurperatu zuten. Lekukoen arabera, handik egun batzuetara txakur batzuk lurretik atera zuten gorpua eta jaten hasi ziren. Inguruko etxekoek txakurrak hil eta gorpuari atzera ere lur eman zioten. 

Conchak ostiralean esan zuenez, “ni ez ninduten hil, baina ez didate bizitzen utzi”. Aita hil ondoren Etxarri Aranatzen bizi zirela “makurkeria” asko bizi izan zituen familiak, besteak beste, zituzten animaliak pozoitzea. Azkenik, herria utzi eta Altsasura joan ziren bizitzera. Conchak pena zuen ostiralean bere hildako anaiak eta ahizpak ez zutelako jakin, azkenean, aita berreskuratu zutela. 

DNA
Lekukotasun batzuen arabera, 50eko hamarkadaren akaberan, errepidean obrak egiten ari zirela, giza arrasto batzuk agertu ziren. Zenbait hipotesi zeuden horren inguruan: bertan edo laster utzi izana, edo hilerriren batera joan izana. Hala ere, Nasertic enpresa publikoaren laborategi genetikoak Otsaportilloko leizean 2016 eta 2017ko hilobitik ateratako gorpuzkien artean identifikatzea lortu zuen. Hipotesi hori ez zen kontuan hartu, eta, antza denez, norbaitek erabaki zuen gorpuzkiak jaso eta Urbasa mendilerroko leize horretara eramatea, ziurrenik 1936ko biktimak hil eta lurperatzeko leku gisa zuten balio sinbolikoak eraginda.