Gogorren elikagai bankuko lotea 77 pertsonak jasotzen dute

Guaixe 2021ko urt. 8a, 12:28

Elikagai bankuaren alde Eñaut Elorrietaren eta Aiora eta Pitiren (Zea Mays) kontzertua antolatu dute Lekunberriko kiroldegian etzi, igandean, 17:00etan.

COVID-19 gaitza iritsi eta konfinamendua ezarri zen udaberrian. Testuinguru horretan sortu zen Gogor, Langileen Defentsa Antolatua. “Krisialdiaren ondorio latzenak langileriak pairatzen ditugula ikusirik, gure bizitzen kontrola eskuratzeko tresnak martxan jartzea du helburu, gizarte justua eraikiz”. Elikagai bankua izan zen martxan jarri zuen lehen ekimena. Gogorren ekimenari esker, gaur egun Sakanako eta Larraunaldeko 77 pertsonak jasotzen dute jaki lotea; gainera, 33 pertsona  itxaron zerrendan dute. 

Gogorreko kideek elikagai bankuari bultzada emateko hiru saskiren zozketarako txartelak saldu dituzte eta horiek bihar zozketatuko dituzte. Lekunberriko kiroldegian eginen da zozketa eta horrekin batera Gogorrek kontzertua antolatu du: Eñaut Elorrieta eta Zea Mayseko Aiora eta Piti. Kontzertua 17:00etan izanen da, igandean. Sarrerak gaur arte gogorlangile@gmail.com helbidera idatziz eskuratu daitezke, edo egunean bertan eros litezke 12 euroren truke.