Juan Tomas Alcalde

"Zuhaitzen %5 zahartzen utziz gero aukera asko emango genizkioke inerexaguei"

Guaixe 2021ko urt. 20a, 14:58

Juan Tomas Alcalde biologoa inerexagua eskutan duela. Argazkiak: Utzitakoak.

Gure basoetan egiten dugun kudeaketa kaltegarria da inerexaguendako, ez baitugu hildako zuhaitzik zutik uzten, eta horiek izaten dira haien babesleku naturalak.

Juan Tomas Alcalde inerixaguetan espezializatutako biologoa da. Zehazki, xaguzaharren kontserbazioan aritu da hogeita hamar urtez. Sakanatik pasa zen duela urte eta erdi eta, Iñigo Aritzaren Oinez Basoaren harira, Usolarrainen inerixaguentzako babeslekuak jartzeko proiektuan lan egin zuen. Gaur solasaldi bat izan dugu harekin, gauez bizi diren animalia hauetaz zer edo zer ikas dezagun.

Zer egin zenuten Usolarrainen?
Inerexaguendako babeslekuak, kaxa modukoak, jartzea zen proiektuaren helburua, animalia horiek basoan finkatzen laguntzeko. Sakana inguruko basoak interesgarriak dira urriagoak diren espezie batzuendako, eta proiektuaren helburua zen babesleku aukera gehiago ematea, inerexaguek ez baitute beraiek babeslekurik edo habiarik egiten; aurkitzen dituzten zuloak aprobetxatzen dituzte.

Zergatik behar dute laguntza?
Inerexaguek bi gauza behar dituzte: babeslekua eta elikadura. Elikadura toki gehienetan izaten dute. Sakana bezalako eskualde batean, nahiko ongi mantenduta dagoena, bizitzeko aukera onak izango dituzte intsektu ugari bizi direlako. Baina elikaduraz aparte babesleku egokiak behar dituzte. Horri dagokionez, hiru mota dauzkagu: pitzaduretan bizi direnak (batzuetan eraikinetara moldatu direnak), kobazuloetan bizi direnak, eta zuhaitzen barruan edo zuloetan bizi direnak. Azken talde horrendako jarri genituen kaxak. Zuhaitzetan dauden zuloak gure basoen kudeaketaren araberakoak dira. Toki batzuetan inerexagu horiek ez daukate babeslekurik guk zuhaitzak zahartu aurretik mozten ditugulako; ez ditugu hildako zuhaitzak zutik uzten, eta horiek dira babesleku gehien eskaintzen dutenak. Beraz, gure basoen kudeaketagatik falta diren babesleku naturalak konpentsatzeko jarri genituen kaxa horiek; saguzarrek bizitokia izatea errazteko.

Izan al da emaitzarik?
Duela urte eta erdi jarri genituen kaxak eta pasa den udazkenean egin genuen berrikuspen bat. Hogei kaxa berrikusi genituen eta horietan saguzarrak, edo arrastoak, seietan aurkitu genituen, eta horietatik hiru okupaturik zeuden. Oraindik denbora gehiago eman behar zaie, baina ongi. Hasi dira iristen.

Zehazki espezie baten bila ari zineten, ezta?
Sakanan jarri ditugu kaxa horiek ea Bechstein saguzarra (ratonero forestal) sartzen den. Oso urria da. Nafarroan hiru kolonia ezagutu dira, hogei eta hogeita hamar kideko taldeak; hau da, oso-oso gutxi. Aipatu behar da saguzarra babestutako animalia dela. Nafarroan oraintxe bertan hogeita zazpi espezie daude, eta horietatik sei daude desagertzeko zorian.

Eta sartu al da bechsteinik?
Oraindik ez. Oso urria da, beraz, kaxetaraino iristea, aurkitzea eta bertan bizitzen jartzea oso zaila da. Hogei kaxa dira... Ez dira asko. Oraingoz Etxarri Aranazko basoan aurkitu dira, baina ez Altsasun. Ikusiko dugu ea iristen diren. 

Beste alde batetik, esan behar da kaxak aukera onak direla babesleku natural gutxi dauden lekuetarako, baina onena babesleku naturalak izatea izango litzateke. Kaxek ez dituzte zuhaitzetako babesleku naturalak ordezkatzen. Kaxak neguan hibernatzeko txarrak dira, bakarrik udarako eta udazkenerako balio dute. Negua pasatzeko zuhaitzetan egon behar dute, beraz, kaxekin bakarrik ezin ditugu saguzar horiek mantendu. Basoen kudeaketa ere kontuan hartu beharko litzateke. 

Baina, beharrezkoa da? Beharrezkoak dira saguzarrak ekosisteman?
Saguzarrek garrantzi handia dute ekosisteman. Gure latitudean, hemen, ia saguzar guztiak dira intsektiboroak, normalean gaueko intsektuak ehizatzen dituzte, eta intsektu horiek ez dauzkate etsai asko gauez. Hau da, naturak gaueko intsektuak kontrolatzeko duen bidea, gure lurretan, saguzarrak dira. 

Gauez hegazti gutxi egoten dira aktibo, eta gainerako predatzaileek eragin gutxiago dute. Pentsa, gainera, xaguzaharrek metabolismo oso azkarra daukatela. Minutuko zortziehun taupada ematera iritsi daitezke hegan egiten dutenean. Horregatik egunean gutxi gorabehera beraien pisu erdia jan behar dute. Hori, urtean, milaka intsektu dira; milioiak, kasu batzuetan. 

Intsektu horien kontrola guretzat onuragarria da. Badira guri eraginik egiten ez dizkiguten intsektuak, baina beste batzuek plagak sortu ditzakete edo gizakiei gaixotasunak transmititu. 

Nola izan behar da basoaren kudeaketa xaguzaharrak babesteko?
Araudiren bat badago. Toki batzuetan betetzen da eta beste batzuetan ez. Basora bazoaz oso zaila da zuhaitz bat zuloekin, edo hilda topatzea zutik. Lehenago mozten ditugu. Onena izango litzateke portzentaje txiki bat uztea. Adibidez, zuhaitzen ehuneko bostari zahartzen eta zutik hiltzen utzi ezkero, eta hor zutik inork ikutuko ez balitu, beren kabuz egoten, erori arte, horrek aukera asko emango lizkieke saguzarrei. 

Kontua da ezin garela, ezta ere, fundamentalistak izan eta esan ezin dela basoa ikutu. Ez, denok nahi ditugu altzariak, papera, eta egurra erabili. Baina komenigarria litzateke zuhaitzen ehuneko txiki bat ikutu gabe uztea beren bizitza zikloa bete dezaten, gu tartean izan gabe.


“Saguzarrak, euren mailan, piramidearen goialdean daude, intsektuez elikatzen direlako eta inor ez delako saguzarrez elikatzen”

Gauez mugitzen direnez ia ezkutuan bizi dira, baina adi dagoenak ikusiko ditu animalia hauek gure inguruan. Sakanan hainbat izen hartzen dituzte: inerexaguak, gauineriak, saguzarrak… Eta oso ohikoa da animalia bitxi hauek jendearen jakinmina piztea.

Zergatik jartzen dira buruz-behera?
Oinetan azkazkalak dauzkate eta diseinaturik daude esfortzurik egin gabe zintzilkatzeko. Azkazkalak kako antzeko zerbait dira, hortik zintzilikatu eta ez dute indarrik egin behar mantentzeko. Azkazkalaren eta hezurren arteko ligamentua da gorputz osoaren pisua eusten duena. 

Eta buruz behera lo egitean toki altuetan geratzen dira, predatzaileengandik urrun. Sabaian lo egitea lurrean egotea baino seguruagoa da, lurrean lepazuriek eta katuek harrapatzeko arriskua daukatelako.

Nolakoa da saguzarren bizitza soziala?
Orain, neguan, hibernatu egiten dute, talde txiki edo handietan babeslekuaren arabera. Txoko ezkutuetan elkartzen dira, tenperatura asko jaitsiko ez den tokietan, eta elkarrekin berotzen dira. 

Udaberria iristean itzartzen dira eta, goseturik daudenez, jaten hasten dira. Emeek kumeak hazteko koloniak sortzen dituzte. Hamarretik hirurehun arterako taldeak sortu ditzakete, kobazuloetan, eraikinetan edo zuhaitzetan, eta bata bestearekin berotzen dira enbrioien garapenean arazorik ez gertatzeko. Bien bitartean arrak bakarrik bizi dira, haien kabuz. Ez dituzte kumeak zaintzen.

Garagarrilean erditzen dituzte kumeak; bana, eme bakoitzeko, eta garragarriletik garilera bitartean emeek bularra ematen diete, eta ehizatzen eta hegan egiten erakusten diete. Uda bukaeran araldia hasten da, eta berriro elkartzen dira arrak eta emeak. Arrak haremak egiten saiatzen dira eta agorriletik hasita lastailara arte emeak estaltzen aritzen dira. Azaroan berriro hibernatzera doaz. 

Luze bizi dira?
Espeziearen arabera, baina orokorrean urte asko bizi dira saguzarrak. Gutxien bizi diren espezieak hiru eta lau urte inguru bizi dira, eta gehien bizi direnak hogeita hamar eta hogeita hamabost urte inguru bizi daitezke. Batez besteko bat izan daiteke bost-hamar urte bitarteko zerbait. Hori asko da horrelako animalia txiki batendako, berrogeita hamar gramotik beherako animalia batendako.

Baina gutxinaka ugaltzen direnez, urtean kume bakarra eme bakoitzeko, urte asko bizi behar dute ondorengotza bermatzeko.

Zergatik kume bakarra?
Seguruenik kume gehiago edukitzeko energia lortzeko gai ez direlako, eta estrategia honek ongi etorri zaielako orain arte. Saguzarrak pixka bat muga-mugan bizi dira. Hiperaktiboak dira, energia asko gastatzen dute bizitzeko eta aparteko edozein esfortzuk, haurdunaldiak edo bularra emateak, adibidez, bizitzaren mugaraino eramango lituzke. Eta beraien bizitza zikloa horretara ohitu da, obulu bakarra obulatzera eta kume bakarra erditzera. Horrela ongi doakie.

Egia da, gisa berean, ez daukatela etsai naturalik eta, beraz, ez daukatela beste batek ehizatzea konpentsatzeko azkar ugaltzeko behar hori.

Arraroa al da etsairik ez edukitzea?
Bai, espezie gehienek dauzkate etsaiak, eskala trofikoan goian daudenek izan ezik; horiek ez dute izaten. Pentsa, harrapariak, otsoak edo hartzak. Eta saguzarrak ere, beste maila batean, piramidearen goialdean daude, intsektuez elikatzen direlako eta inor ez delako saguzarrez elikatzen. Batez ere abilezia izan dutelako gauez bizitzeko. Hor zaila da haiek harrapatzeko.

Gauez ibiltzeko daukaten gakoetako bat radar sistema da.
Bai, sonar bat da, horrek esan nahi du soinuarekin funtzionatzen duela. Saguzarrek garrasi egiten dute eta ultrasoinuak emititzen dituzte (guk entzun dezakeguna baino tonu altuagoko soinuak). Garrasi horiek alde guztietara emititzen dituzte eta belarri handiekin, oso handiak dira gorputzarekin alderatuta, oihartzunik dagoen edo ez jasotzen dute, eta horrela badakite inguruan oztoporik dagoen edo ez. Nondik datorren oihartzuna kontuan harturik, ba, badakite non dagoen oztopoa; eta noiz iristen den oihartzuna, ba, badakite zein distantziatara dagoen oztopoa. Noski, hori egiteko ez dute argirik behar. Egunez ere hegan egin dezakete, baina gauez eraginkorragoa egiten zaie inork ezin dituelako ehizatu.

Esan behar da xaguzaharrak ez direla itsuak. Gauza da ikusmena ez dutela oso garatuta. Seguruenik txuri-beltzean ikusten dute eta ez dute gure bereizmena. 

Batzuetan pasa izan zaizkit oso gertutik ziztu bizian. Bazirudien talka egingo zutela. Horrela hegan egiteko eta maniobratzeko, sonar horrek zehatza izan behar du.
Bai, zehatza da oso intsektu txikiak aditzeko gai delako. Baina egia da oso irismen gutxikoa dela, ezin dute berrogeita hamar bat metrora dagoena ikusi. Guretako laino handia dagoenean ikustea bezalaxe da. 

Maniobratzeko gaitasuna beste honengatik da. Xaguzaharraren jatorrizko izena chiroptera (quiróptero) da, grezieratik: χείρ, txeir, «esku», eta πτερόν, pteron, «hegal». Izen hori saguzar baino zehatzagoa da. Saguzarrek hegala eskuarekin osatzen dute, hau da, eskuko hezurrak, metakarpoak, oso luzeak dituzte, behatzak ere oso luzeak dituzte, eta horrekin osatzen dute ia hego guztia. Hegaztiek, aldiz, soilik behatz batekin eta besoarekin egiten dute. Pentsa, saguzarrek besoarekin eta eskuko behatz guztiekin. Ia hegal guztia eskua da. Eta gurekin gertatzen den antzera, eskuetan besoan baino askoz ere mugikortasun handiagoa daukate, eta horrela sekulako abilezia daukate maniobratzeko eta norabidea zehaztasunez kontrolatzeko.    

“Zineman irudi txarra izan dute, eta orain, egunkarietan ere bai”

Gauineriei buruz zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta animalia bitxiagoak eta erakargarriagoak iruditzen ari zaizkit. Hala ere, solasaldi bat ez da nahikoa izango aurretik zineman eta telebistan sartu diguten irudia aldarazteko. Saguzarrak, banpiroak eta koronabirusa.

Nerabe talde bat txango batean basoan galtzen da. Kobazulo batera sartzen dira gaua pasatzeko eta, bat-batean, saguzar mordoa ateratzen da hegaka. Arriskurik?
Ez dute erasotzen. Gehien pisatzen duenak berrogeita hamar gramo pisatzen ditu. Pentsa. Ez gaituzte erasotzen galtzekoak dituztelako. Egia da batzuetan badirudiela oso gertu hegan egin dezaketela eta… legenda ugari dago saguzarren inguruan, baina Europan ez dago gizakiak erasotzen dituen saguzarrik. 

Errabiaren tankerako gaitzak izan ditzakete. Baina hori gizaki bati kutsatzea zaila da. Lehenik, saguzar bati heldu behar du norbaitek; gero, saguzarrak ihes egiteko hozka egin behar dio; eta, azkenik, saguzar horrek errabia izan behar du, eta hori oso zaila da. Milatik batek baino gutxiagok daukate errabia. Normalena da ezer ez gertatzea. Oso hozka txikitxoak dira. Niri neuri askok egin didate kosk.

Eta banpiroak…
Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan odolez elikatzen den saguzar bat bizi da, banpiro deitzen diotena. Ugaztunen odola xurgatzen du eta gizakiari kosk egin diezaioke, gainerako animaliei bezala. Zauria txikia da eta odol gutxi hartzen du, baina errabia pasa dezake. 

Baina hori bakarrik han gertatzen da. Mila eta laurehun espezietan bakarra. Saguzarrak batez ere onuragarriak dira. Pentsa malaria bezalako gaixotasunak kontrolatuago daudela saguzarrek malaria transmititzen duten gau intsektuak jaten dituztelako. Giza bizi asko salbatzen dituzte.

Azkena: Koronabirusarena.
Ea, hauxe da dakiguna. Badira Txina inguruan gure koronabirusaren antzekoa den birus bat garraiatzen duten saguzarrak. Birus horren eta gure koronabirusaren material genetikoak aztertu dituzte eta ikusi da bi birusek arbaso amankomun bat zutela. Duela berrogeita hamar bat urte arbaso hori zuten, eta gero bi birus ezberdinetan banatu zela, gurea eta saguzarrena. Horregatik espekulatu da agian saguzar batek pasa digula koronabirusa, baina kontua da ez dela orain arte topatu saguzar bakar baten baitan gure koronabirusa. Egia da antzekotasun asko daudela saguzarren birusaren eta gurearen artean. Aurkitu da, baita ere, gure birusak antzekotasunak dituela bertako beste animalia batzuen birus batzuekin. Pangolina hor dago.

Ez dago zientzialari seriorik birusaren jatorria naturala dela dudan jartzen duenik. Animalia bat izan daiteke jatorria baina ez dakigu zein, oraindik ez baita aurkitu zehazki gure birusa animalia basati baten baitan.

Erlazionatuak

Sakanako bigarren Oinez Basoa

Guaixe 2019 mar 03