San Anton gabe

Guaixe 2021ko urt. 15a, 13:16
Iturmendiko sanantondarrak. Artxiboa.

San Anton eguna igandean izanen da, baina asteburu honetan Dorraon, Bakaikun, Iturmendin eta Urdiainen ez da ospakizunik izanen, elizkizunak soilik. Bakaikuarrek 23ra atzeratu dute.

Animalien zaintzailea da, baita abereekin zerikusia duen lanbideen babeslea ere. Hori da San Anton. Eta haien zaintzaile gisa hartu zuten nekazari, mandazain eta abeltzain sakandarrek eta hala sortu ziren San Anton kofradiak. XVII. mendetik bizirik daude Bakaikuko, Iturmendiko eta Urdiaingo kofradiak, eta 1932tik dago Dorraokoa.

COVID-19 gaitzak lau kofradien urteroko hitzorduari eragin dio. Dorraoko kofradiako priore Anjel Pueio Lizarragak erabaki du ospakizuna bertan behera uztea. Berak jarraituko du kofradiako ardurarekin beste urte batez. Bakaikun, berriz, heldu den larunbatean elkartuko dira, baina ez da ohiko bazkaririk izanen. Iturmendiko sanantondarrak domekan, 10:30ean, elizan elkartuko dira, hildako kofradeen aldeko meza izanen baita. Baina gainontzeko egitekoak bertan behera gelditu dira. Azkenik, Urdiaingo San Anton kofradiako kideak larunbat eguerdian hildako kofradeen aldeko meza eginen dute. Iñigo Etxeberria eta Josu Lanasek kofradiako buruzagi karguari beste urte batez helduko diote. 

Erlazionatuak