Gaur egun hedabideetan behin eta berriz opatzen dugu eguraldi iragarpena. Baina telefono adimendunekin eguraldi iragarpena poltsikoan dugu, nahi dugunean kontsultatzeko. Meteorologia zerbitzuek hainbat oinarri fisiko kontuan hartzen dituzte eguraldi iragarpenak egiteko. Gero mugikorreko pantailan eguneko ordu bakoitzean zein eguraldi izanen den ageriko zaigu zehaztuta. Irratian orduero informatuko gaituzte errepide egoeraz eta eguraldiaz eta telebistan eguraldiak gero eta tarte handiagoa hartzen du. Hori da gaur egun eguraldiarekin dugun harremana.
Baina ez da beti horrela izan. Egungoaren moduko teknologiarik eskura ez zegoenean ere iragarpenak egiten ziren. Biziraupena eta ekonomia jokoan zuen nekazaritzan, abeltzaintzan, basogintzan eta merkataritzan oinarritutako gizarteak. Patatak noiz jaso eta garia noiz erein? Mandazainaren kezka: bihar pasatzeko moduan izanen da mendiko portua? Mekanizaziorik gabe, lan handia eskatzen zuten egitekoak ziren eta zeruaren menpe zeuden lanak ziren.
Herri meteorologiak iragarpenak egiteko bere metodoak ditu. Horietako bat da hilegunak edo zotal egunak, Euskal Herriko hainbat herritan erabiltzen zena. Baina aitortu behar dut ez nuela metodoa ezagutzen eta haien berri Yucatandik jaso dudala, han ere erabiltzen baitute metodo hori. Horren arabera, ilbeltzeko edo urtarrileko lehen 12 egunetan egiten duen eguraldiari erreparatzen zaio eta, hurrenez hurren, halako eguraldia nagusituko da urteko hilabete bakoitzean. Bata, ilbeltza; bia otsaila… Hilabete bakoitzean nagusituko den haizea, euria eta eguraldiaren berri ematen du metodoak. Jose Mari Satrustegi etnografoak jaso zuen bere herrian, Arruazun, agorrileko edo abuztuko lehen 12 egunak zirela erabiltzen zirenak urteko iragarpena egiteko.
Ezagunena
Urtaro bakoitzean nagusituko den eguraldia iragartzeko balio dute tenporek. Horretarako, aldi bakoitzean hiru egun jakinetan dauden meteorologia faktoreei erreparatzen zaio, batez ere haizearen norabideari, tenperaturari eta prezipitazioari. Kontuan hartzen diren beste adierazle batzuk hodeiak, eguzkia, ilargia edota izarrak dira. Iragarpena egiteko asteazkena, ostirala eta larunbata hartzen dira kontuan. Egun bakoitzeko azterketaren emaitza hurrenkeran hilabete batekin lotzen da.
Udaberriko tenporak garizumaren bigarren astean izan ohi dira. Udakoak, Mendekostetik lehenengo astera edo Mendekostetik zortzi egunetara. Udazkenekoak irailaren 14tik hurrengo asteazkenean hasten dira eta, azkenik, neguko tenporak abenduaren 13aren ondorengo asteazkenean hasten dira. Irailaren 14a eta abenduaren 13a asteazkena bada hurrengo asterako uzten dira. Udaberriko eta udako tenporen datak mugikorrak dira Pazkoko ilargi betearen arabera mugitzen baitira.
Gaur egun herri meteorologiako epe luzeko iragarpen ezagunenak gure artean tenporak dira, besteak beste, Pello Zabala fraideak, Jazinto Sagarna Gorbeiako artzainak eta Miel Sukuntzak iragarpenak egin dituztelako. Tenporekiko interesa adin batetik gorako pertsonen artean mantendu dute, belaunaldi berriak zientzia datuetan oinarritzen baitira eguraldi iragarpenaren berri izateko.
Hainbat jenderen interesa sortzen dute tenporek. Jakin-mina sortzen diote beste hainbati. Baina iragarpen horien zientzia oinarri eta zehaztasun falta salatzen dutenak ere ez dira gutxi. Hala ere, bai hilegunak bai tenporak gure kultura ondarearen parte dira. Eta ondare horren parte dira ere eguraldi iragarpenerako beste bi metodo. Bata behaketan oinarrituta eta herri jakin batzuei lotuta. Halako herrian esanen dizute mendian lainoa gelditzen bada, hiru egunetara euria eginen duela. Edo beste herrian zehaztuko dute mendiari itsatsia dagoen lainoak haizea norabide jakin batetik jotzen duenaren adierazle dela… Materia gabeko kultur ondare aberatsa dira ere esaera zaharrak, eta haietako mordo bat daude eguraldiarekin lotuta.
Klima aldaketan aipatutako iragarpen metodo guztiei eragiten ote die?
Eta, biharko zer eguraldi dugu?