Altsasuko osasun eskualdea Burunda mendebaldeko hiru herriek osatzen dute. Altsasuko osasun etxetik kudeatzen da eskualdea, eta han lanean sei mediku egon beharko lirateke: lau Altsasun, bat Olatzagutian eta beste bat Altsasuz eta Ziordiaz arduratuko litzatekeena. Sei medikuetatik bat bajan dago. Bestalde, profesionalen lekualdaketa garaian, bi plaza bete gabe daude. Bata, Olatzagutikoa, plaza hartu duen medikua bajan dagoelako eta beste plaza bat hutsik dago.
Horren ondorioz, hiru mediku ari dira 9.305 pertsonako eskualdeaz arduratzen. Egoera normal batean mediku bakoitzak bere kontsultak izanen lituzke eta bat larrialdiez arduratuko litzateke eta beste bat COVID-19 kasuez. Azken bi agenda horiek mediku bakar baten bizkar gelditu dira, eta gainontzeko kontsulten ardura bi sendagilerena da. Altsasuko osasun etxeko langile batek azaldu duenez, medikuak “ezin iritsi daude, ittota. Oso gaizki daude”. Langileak azaldu duenez, jakitun dira zerbitzuaren kalitatea “dudarik gabe jaitsi egin dela. Jendeari lasaitzeko eskatzen ibili behar dugu. Eta ez genuke horretan egon behar”. Osasunbideak ordezko medikuak bidali zain, sendagileak ahal den moduan ari dira lana aurrera ateratzen.
Altsasuko osasun eskualdeko plantilla
6 mediku (4 Altsasun, 1 Olatzagutian, 1 Altsasu-Ziordia), 6 erizain (berdin banatuta), pediatra bat, pediatriako erizaina, 4,5 administrari, eta gizarte langile bat.