Burundan mediko faltagatik kezkatuta

Guaixe 2021ko ots. 8a, 14:52

Altsasuarrak osasun etxean sartzeko ilaran zain. Artxiboa.

Altsasu, Olatzagutia eta Ziordirako sei mediku egon beharko lirateke eta hiru besterik ez daude. Haietako bat larrialdiez eta COVID-19 kasuez arduratzen da, eta beste biak kontsulta pasatzen ari dira. Irurtzungo eta Etxarri Aranazko osasun eskualdeetan egoera ez da hain larria.

Altsasuko osasun eskualdean sei mediku egon beharko lirateke lanean: lau Altsasun, bat Olatzagutian eta beste bat Altsasuz eta Ziordiaz arduratuko litzatekeena. Sei medikuetatik bat bajan dago. Bestalde, profesionalen lekualdaketa garaian, bi plaza bete gabe daude. Bata, Olatzagutikoa, plaza hartu duen medikua bajan dagoelako, eta beste plaza hutsik dago. 

Horren ondorioz, hiru mediku 9.305 pertsonako eskualdeaz arduratzen ari dira. Egoera normal batean mediku bakoitzak bere kontsultak izanen lituzke, bat larrialdiez arduratuko litzateke eta beste bat COVID-19 kasuez. Azken bi agenda horiek mediku bakar baten bizkar gelditu dira, eta gainontzeko kontsulten ardura bi sendagilerena da. Altsasuko osasun etxeko langile batek esan duenez, medikuak “ezin iritsi daude, ittota. Oso gaizki daude”. Langileak azaldu duenez, jakitun dira zerbitzuaren kalitatea “dudarik gabe jaitsi egin dela. Jendeari lasaitzeko eskatzen ibili behar dugu. Eta ez genuke horretan egon behar”. Osasunbideak ordezko medikuak bidali zain, sendagileak ahal den moduan ari dira lana aurrera ateratzen. 

Erreakzioak 
Altsasuko osasun etxearen egoera “larria” dela aitortu du Javier Ollo Martinezek, Altsasuko alkateak. Ollok jakinarazi duenez, “alkate gisa, Nafarroako Gobernuko Osasun Zuzendari Nagusiari bilera eskatu diot”. Alkateak nabarmendu duenez, “aspaldiko egoera honi konponbide bat aurkitu behar zaio”. Ollok gaztigatu duenez, “egoera honek, berriro ere, agerian uzten du Nafarroako landa-eremuen eta Iruñerria eta Iruñeraren artean ez dagoela lurralde-kohesiorik”. Bestalde, Olatzagutiko alkate Joseba Vizuete Azkargortak ere “kezkaz” bizi du egoera, “batez ere osasun egoera zaurgarria duten pertsonengatik”. 

Bestetik, Altsasuko EH Bilduk “osasun etxean azken asteetan gertatzen ari den egoerari konponbide bat eskatzeko” kontzentrazioa deitu zuen atzorako. Bilkurak Gure herrietan osasungintza bermatu leloa izanen du. Koalizioko kideen iritziz, hiru medikuren hutsunea ez betetzea “herritarrek jaso beharreko arretaren kalitatea dezente kaltetzen du, are gehiago pandemia egoera batean”. 

Bi eskualde gehiago 
Irurtzungo osasun eskualdetik jakinarazi dutenez, plantillan faltan duten profesional bakarra pediatra da, azarotik ez dute. “Pediatriako erizaina arduratzen da txikienez, eta behar izanez gero loturako pediatra bat dago Iruñean eta hari hots egiten zaio”. Bestela, pandemia hasi denetik osasun etxeko ateak zabalik izan dira. “Izan ditugu lan karga handiko uneak, baina ez dugu aparteko ordurik sartu behar izan”. Langile batek ez beste guztiek oporrak nahi izan zituztenean hartzeko aukera izan zutela azaldu dute ere. 

Etxarri Aranazko osasun eskualdetik azaldu dutenez, plantilla beteta dute. “Lakuntzaz eta Arbizuz arduratzen zen medikua abenduan jubilatu zen eta, orain arte, ahal zen bezala bete ditugu txandak. Haren bakantea beste sendagile batek bete du, baina gaurtik bajan dago eta beste mediku bat Lakuntzako eta Arbizuko jendea artatzeaz ardudatzen ari da”. COVID-19 kasuetarako ate propioa dute eta baita erizain bat horretan aritzen dena.  

Plantillak
Irurtzungo osasun eskualdea
Haren ardura dira Lekunberri, Betelu, Larraun eta Araitz. Eta Sakanan Arakildik Arruazuraino. Irurtzunen 2 mediku, 2 erizain, 2,5 administratibo, pediatra (plaza hutsik), pediatria erizaina eta gizarte langile bat daude (astean bitan Irurtzunen eta beste hirutan Etxarri Aranatzen) eta Uharte Arakilgo kontsultategian mediku bat eta erizain bat.

Etxarri Aranazko osasun eskualdea
Lakuntza eta Urdiain arteko osasun eskualderako 4 mediku daude: 1 Lakuntza-Arbizu (astelehenean bajan izanen da), 2 Etxarri-Ergoiena, 1 Bakaiku-Iturmendi-Urdiain, 4 erizain (medikuen banaketa bera), 4 administratibo, pediatra bat, pediatria erizaina eta gizarte langile bat (astean hirutan Etxarri Aranatzen eta beste bitan Irurtzunen). 

Altsasuko osasun eskualdea 
Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia hartzen ditu. 6 mediku: 4 Altsasun (bi bajan), 1 Olatzagutian (bajan), 1 Altsasu-Ziordia, 6 erizain (berdin banatuta), pediatra bat, pediatriako erizaina, 4,5 administrari, eta gizarte langile bat. 

Erlazionatuak