Musika begietatik ere sar daiteke

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko ots. 9a, 13:04
Pello Reparaz eta Castillo Suarez Iortian egindako solasaldian.

AEK-ko Itsesi euskaltegiak 25 urte betetzen ditu aurten, eta ospatzen hasteko Pello Reparazen solasaldia antolatu zuen Sakanako Mankomunitatearekin eta Altsasuko Udalarekin batera

Pello Reparazek Iortia kultur guneko mikrofonoa hartu zuen, baina ez zen abesteko izan. Itsesi euskaltegiak, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eta Altsasuko Udalak antolatuta musikariaren ibilbidearen inguruko solasaldia antolatu zuten, AEK-ko euskaltegiaren 25. urteurrenaren harira. Castillo Suarez euskara teknikariak eta idazleak zeremonialari izan zen, eta Reparazekin elkarrizketa interesgarria eduki zuen. "Plazera da halako iniziatibetan parte hartzea". Izan ere, egoera kontuan hartuta, Iortia kultur guneko areto nagusiaren edukiera erdira zegoen, eta, beraz, lehenengo galdera derrigorrezkoa zen: "Nola bizitzen ari zara pandemia?".

Pandemia hasi aurretik Pello Reparazek proiektu berri bat hasi berria zuen: Zetak. "Pandemiak sortzaile bezala harrapatu nau oso momentu onean. Gogo handiz eta ilusio handiz". Hori guztia lan taldearekin konpartitzen zuen eta "buelta ematea" lortu zuten. "Jon Maiak esango zuen bezala txarrenari onena atera diogu". Hortaz, Zetak proiektua oso aktiboa egon da. "Ni pertsonalki oso aktibo egon naiz, eta terapeutikoa izan dela uste dut".

Proiektua
Zetak diziplina anitzeko proiektu artistiko bat bezala deskribatu du Reparazek. "Musika du ardatz, baina gauza asko ere baditu". Hamazazpi urte zituela Reparaz Vendetta taldean hasi zen eta 28 urterekin bukatu zuen proiektua. Estilo aldaketaren arrazoietako bat hori dela azaldu zuen musikari arbizuarrak: "Aldaketa nabaria da. Lehen entzuten nuen musika kontuan hartuta, beste mundu bat da". Artista batek bizi duen momentua bere lanean islatu behar duela uste du, "eta beste puntu batean nengoen. Hamazazpi urteko gazte batek transmititzen duena eta 28 batek esaten duena ezin da berdina izan". Zetak, beraz, musika talde bat da, baina arte proiektu bat badela azaldu du Reparazek. "Ez dakit zer puntutaraino garen gauza bat eta zer puntutaraino bestea".

"Musika elektronikoa ere asko aldatu da. Sakanan Lakuntzako Matrakarekin edo Unibertsalarekin lotzen dugu, 1990ko hamarkadarekin eta drogekin. Egia da, musika elektronikoa eta drogak eskutik helduta joan dira". Estigmazio hori ikuste zuen Reparazek, baina musika elektronikoa "asko aldatu" dela esan du. "Musika elektroniko mota asko egiten ari da". Zetak-ek, beraz, ez du "Valentzian egiten zen musika hori" ardatz, baizik eta Erresuma Batuan egiten den musikan inspiratzen da Reparaz, Berlineko edo Frantziar Estatuko musika elektronikoa du oinarri. "Gehien bat, konponketei dagokienez, Erresuma Batua da erreferentzia, eta oso lotua dago pop-arekin".

Arbizu
Reparaz Arbizun jaioa da, arbizuarra da, euskalduna, euskaraz bizitzeko saiakera egiten du eta euskaraz egiten ditu abestiak. Bere "erroa eta jatorria" maite ditu eta ikus entzunezko proiektua ere ikusten da; "hautu garbia" egin zuen. "Ez zen sanoa izango. Onuraduna da nire sormenerako eta proiektuaren ibilbiderako. Sinesgarritasuna ematen dio". Estrategikoki eta marketinari dagokionez ere ez dela aukera txarra esan du.

Herriarekiko ez ezik, zaletuen gertutasuna Zetak proiektuaren beste bereizgarri bat da, Suarezek nabarmendu zuenez. Zeinen ederra izango den, Hitzeman eta Akelarretan taldeak sortu dituen azken bideoklipak zaleek bidalitako irudiekin osatu dituzte. "Proiektua duela urte bat sortu genuen eta oso azkar doa. Etapa asko erre ditugu. Asko handitu da eta zalegoa bat-batean sortutako da. Lehenengo abestitik oso harrera ona izan dugu". Energia trukaketa bat gertatzen dela azaldu du: "Jasotzen dugun energia hori guztia berriz energia bihurtzen da eta elkar elikatzen dugu". Hartu eman "oso aberasgarria" sortzen dela esan du. "Eta hori mantendu nahi dugu".

Zirkulua ixten
Reparazek "bakarka" sortzen zuen, eta du. "Gero taldearekin sinergia bat sortzen zen". Zetak-ekin "antzeko" zerbait gertatzen dela azaldu du, eta zenbait abestitan Gorka Pastorrekin egiten du lan. "Nire abestiak idazteko moduagatik bakarrik idazten ditut. Nire denborak hartuak ditut". Londresen Abestigintza masterra ikasi zuen, eta "asko lagundu zidan". Ez bakarrik abestiak sortzen, "distantzia" hartzeko oso aberasgarria izan zela kontatu du. "Beti Euskal Herrian bizi izan naiz. Gehienez hiru hilabete pasatu izan ditut Euskal Herritik kanpo eta gero itzultzen nintzen. Londresen denbora gehiago pasatu behar izan nuen, eta horrek perspektiba eman zidan". Erroa eta jatorria eta lana uztartzeko eta naturaltasunez transmititzeko hausnarketarako aukera eman zion.

Irudia da Zetak-en beste bereizgarri bat: "Garrantzia oso handia du. Oso potentea da". Transmititu nahi dutena transmititzeko sare sozialak eta irudia ezinbestekoak dira. "Apustu hori egin dugu eta pozik gaude. Musika begietatik ere sar daiteke". Horregatik Zetak musika talde bat baino zerbait gehiago ere bada, eta ikuskizunetan "zirkulua ixten" dute. Proiektua sortu zutenetik "ekipo handia" izan dutela azaldu du.

Taularen gainean lau pertsona egoten dira: Gorka Pastor piano jolea, Leire Colomo perkusionista eta Iban Larreburu bateri jolea. Baina instrumentu hauek "bereziak" dira, eta jotzen direnean seinalea ordenagailu batera bidaltzen dut eta ordenagailuak soinu bihurtzen du. Horregatik, proiektuan Paskal Etxaperek parte hartzen du, soinu ingeniaria. Argiteria Isabel del Moralek diseinatzen du, managerra Artzai Iraurgi etxarriarra da eta Joseba Razkinek dena ongi egotea egiaztatzen du. Iratxe Reparaz arte zuzendaria ere Zetak-eko "nukleoaren" parte da.

Pandemia egoera dela eta, kontzertuak emateko orduan neurriak bete behar dira. Hala ere, Reparaz kontzertuak eman ahal izateagatik pozik dago: "Kontzertu bat non jende guztia eserita dagoen eta maskara jantzita, tristura eman lezake, baina egun bizi dugun egoera kontutan hartuta, non urte bat etxean pasa dugun, zuzenekorik eman gabe, nik garai bateko kontzertuen parean jarriko nuke.