"Zetak-ek gauzak beste modu batera egin nahi ditu"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko aza. 25a, 13:22
Pello Reparaz musikaria Zetak-en aurkezpenean. JAIME VENEGAS

Musika elektronikoa oinarri duen proiektua aurkeztu zuen aurreko larunbatean, azaroaren 16an, Oialume Biltokian, Pello Reparazek. Musika talde bat baino zerbait gehiago bada Zetak

Zetak sortu zenetik misterioa eta sekretismoa izan dira nagusi. Martxoan jakinarazi zuen Pello Reparaz arbizuarrak musika proiektu berri batean lanean ari zela. Eta ekaina aldera lehenengoa bestiaren bideklipa kaleratu zuen: Errepidean. Sare sozialetatik proiektuaren zertzeladak ematen joan dira. Azaroaren 16an Zetak-en misterio ia guztiak argitu ziren Hernani eta Astigarraga artean dagoen Oialume Biltokian egindako aurkezpenean.

Zer da Zetak?
Zetak proiektu artistiko diziplina anitz bat bezala ulertzen dugu, musika talde bat bezala baino. Musika hor dago ardatz gisa, baina arlo askotan egin behar dugula lan uste dugu benetan nahi dugun hori transmititzeko. 

Zertan oinarritu zara proiektu hau sortzeko?
Nik beti aldaketa aldarrikatu dut. Musikaren barruan, baita bizitzan ere. Musikaren barruan aldaketak askotan aldarrikatuko ditut. Vendettan diskoz disko aldaketa nabarmena egiten joan nintzen, eta momentu batean sentitu nuen aldaketa drastikoago baten momentua zela. Pertsonalki, eta sormenaren ikuspegitik, ohi baino azkarrago aldatzen ari nintzela konturatu nintzen, eta horrek behar zuen nire arlo artistikoan eta proiektuen arloan aldaketa handiago bat. Hortik dator Zetak. Orduan, aldaketa aldarrikatzeari lotuta eta ezberdin izatearekin lotuta Zetak-en sormen intentzioa sortu genuen. Zetak-ek gauza beste modu batera egin nahi ditu. Eta horrexetan ari gara. 

Transmititzeko modu berri bat. 
Gizartea asko aldatu da, eta ni ere, noski. Gaur egun, musika eta musikaren industriak beste forma bat du. Garai batez musikaria musikari soila zen, gaur egun, musikaria community manager izan behar da, irudia zaindu behar du... Transmititu behar duena bakarrik musikaren bidez transmititzeaz gain, bestelako arlo batzuekin ere transmititu behar du. Irudiarekin lotutako arloaz eta bideoaren arloaz ari naiz. Orduan, indar handia eman nahi genion gai honi. Sare sozialak erabili ditugu, modu nahiko egokian, Zetak-ek transmititu nahi zuena esateko. Egia esan, sutan daude sare sozialak eta Zetak inguratzen duen horrek guztiak. 

Proiektu berritzailea dela esaten dute. 
Ez dugu guk esan. Zorionez jendea ari da hitz hori erabiltzen eta harrotasun handia da. Ez gara Euskal Herriko lehen musika elektroniko taldea, inolaz ere, baina estiloa kontuan hartuta eta sormen intentzio hori kontutan hartuta ukitu dugu hor zegoen teklatxo bat. Jendea gogotsu dago Zetak-ekin eta jendea gogotsu dago musika elektronikoarekin gozatzeko. Bistan da plazaratu ditugun hiru bideoetan eta egin dugun zuzenekoan. Zorionez. 

Zergatik musika elektronikoa?
Musika estilo desberdinak entzun ditut beti. Vendettaren azken bi diskoetan, baina bereziki nik ekoiztutako azken horretan, asko sumatzen da musika elektronikoaren presentzia, eta Zetak estiloari dagokionez armairutik ateratzeko prozesu bat bezala ulertzen dut. Gogo asko nuen elektronika konplexurik gabe jorratzeko, eta orain erabat, % 100, jorratu dut. Oso harro sentitzen naiz. 

Esan duzun bezala, elektronika talde gehiago izan dira Euskal Herrian, baina ez dute oihartzun handirik izan. 
Nik uste aldea hor dagoela: harrera eta ospea. Ez gara lehenengoak elektronika egiten, baina bistan da Zetak-ek bere bizi labur honetan asko eman duela, hitz egiteko asko eman duela. Badago jendea esaten duena bazela garaia Euskal Herrian elektronika egiteko. Baina, ez, elektronikak denbora asko darama Euskal Herrian, baina egia da ospea eta harrera ikusita bestelako sentsazioa ematen duela. 

Musikaren industriaren garai egokienarekin bat egin duzu?
Elektronika beti hor izan da. Musikaren industria globalizatuaren influentzia ikaragarria izan da. Modu batera edo bestera gurera ekarri dugu. Agian Zetak-ek egin nahi duena da globalizazio hori gure alde erabili. Guk bestelako buelta bat eman diogu soinu moderno honi: txalaparta erabili dugu, euskararekin bat datozen soinu identitate bat garatu dugu, eta, noski, euskaraz abesten dugu. Hori da, nire iritziz, globalizazioa geure alde bilatzeko aukera oso on bat. Gero eta globalizatuago den mundu batean artistok behar handiagoa dugu ezberdingarria den elementu bat sortzeko edo aurkitzeko. Euskaldunok, zorionez, euskara dugu. Mundu osoan milioi batetik behera pertsonek hitz egiten duten hizkuntza bat dugu. Interesgarriagoa suerta daiteke mundu osoarendako hain pertsona gutxik hitz egiten duten hizkuntza batean abeste duen talde bat. Horregatik, nik uste gure aldeko tresna gisa erabili dezakegula globalizazioa, baita horri aurre egiteko modua izan daiteke gure hizkuntza ere. 

Euskaraz abesten du Zetak-ek, eta letrek garrantzia handia dute. 
Bai. Zetak-ek ez du erantzuten aspekturik mainstreamementan musika elektronikoak erantzuten dion printzipioei. Zetak Euskal Herrian jaio da, eta Euskal Herriak badauka hona iritsi arteko ibilbide luze bat, eta Zetak ez da horrengatik independentea izan. Euskal Herrian askotan erabili izan da musika zerbait transmititzeko; mezu bat edo sentimendu bat transmititzeko. Forma eta itxura asko aldatu da eta asko aldatu du Zetak-ek, baina esentzia euskal musikaren ondarearen ondorio bat da. 

Sare sozialetan euskaraz ez ezik, hainbat hizkuntzatan aritzen zarete ere.
Gai honen inguruan askotxo galdetzen didate. Youtuben bada bideo bat bakarrik ingelesara azpititulatu duguna. Horrekin jokatzen ari gara, eta nahita egiten dugu. Hemen gaude jendea pentsarazteko, debateak mahai gainean jartzeko eta orain arte nahiko deserosoak izan daitezkeen gaiak berriz beste era batera eta beste prisma batetik plazara ateratzeko. Hizkuntzarena hor dago, noski.

Zetak aurkeztu zenuten Oialumen. Esperientzia bat izan zen. 
Kontzertu-esperientzia, denetarik deitu izan diogu. Gauzak beste era batera egiteko intzentzioarekin ari gara lanean eta horregatik lehenengo kontzertu hori nahiko berezia izan da hainbat aspektutan. Hasteko, ez dugu esan non izan behar zen; sarrerak saldu ditugu kontzertua non izango zen jakin gabe. Guretako harrigarria izan da hainbeste jende prest egotea Euskal Herritik eta kanpotik ere, Kataluniatik eta Madrildik jendea ere etorri zen, sarrera erostea non den jakin gabe. Ikaragarria da. Hori zen gure apustua. Aitortu behar dut 100 pertsona inguruko aforo batean pentsatu genuen hasiera, eta eskutik joan zitzaigun lehenengo astean. Gauza oso handia egin dugu, eta oso pozgarria da. Gainera, ez zen ohiko kontzertu bat izan. Pertsona bakoitzarendako haririk gabeko entzungailu bat izan genituen eta esperientzia bat sortu genuen. Entzungailuen bidez diskoaren aurre-entzunaldiarekin bat hausnarketa batzuk ere eskaini genizkien jendeari, gerora lehenengo kontzertu esklusiboa eskaintzeko. Jendea oso pozik zegoen asteburuan bizitutakoarekin eta ez dugu inolaz ere alde batera uzten etorkizunean horrelako esperientzia gehiago antolatzea eta sortzea. 

Zein da hurrengo urratsa?
Diskoa. Durangoko azokan plazaratutako dugu abenduaren 5ean. 6an bertan Durangon joko dugu Zetak-en bigarren kontzertua. Horretan oso enfokatuak gaude. Lan ikaragarria egin dugu eta uste dut Durangoko Azoka euskal kulturaren biriketako bat da eta apustu hori egin dugu. Horretara zentratu ditugu indar guztiak eta Zetak-en erabateko erditzea izango da. 

Diskoa formatu tradizionalean egongo da?
Esklusiba emango dut. Zigor Samaniego izeneko 3D diseinatzaile handiarekin diseinatu ditugu 3D diseinu-badegoi batzuk eta diskoarekin batera banatuko ditugu. Hamar abesti ditu diskoak eta bakoitzarekin diseinu bat egongo da. Diseinuak 2Dan, inprimatuta, egongo dira, baina 3D teknikarekin sortutakoak. Abesti bakoitzari erreferentzia egiten diote. Arteari izugarrizko garrantzia eman diogu disko honetan ere. Diskoari lotuta ere, eta Zetak-en dituen baloreei lotuta, diskoan ez dago plastikorik diskoa bera izan ezik. Diskoa kartoian sartu dugu. Horrelako gauzak ere zaindu ditugu. 

Pello Reparazen proiektua da, baina nor dago Zetak-en atzean?
Zerrenda ematen hasiko banu, ez nuke amaituko. Jende pila bat dago proiektuan sartuta. Guaixerako ari garenez, hainbat sakandar daudela aipatzea interesgarria da: Iratxe Reparaz arbizuarra arte zuzendaria da; Joseba Razkin Zetak-en roll managerra izango da eta orain arte gogo-babesa oso handia eman eta lana ikaragarria egin du; Etxarriko Artzai Iraurgi dugu taldearen managerra, Lur Larrraza etxarriarra ere taldean sartutako dago, Arbizuko Andoni eta Unai kamisetak saltzen egon ziren eta etorkizunean ere ikusiko ditugu... Arbizu denez gure zentro neuralgikoa sakandar asko daude proiektuan, eta proiektuak beste dimentsio bat hartu du.