Sakanan 149 tortura kasu dituzte dokumentatuta. Eta gehiago izan daitezkeela uste dute. Kasu kopurua ikusita, torturaren errealitatea jendartean zabaldu beharra dagoela uste du Irurtzungo Aixita elkarteak eta, horretarako, dokumentala egitea erabaki dute. “Aspaldi genuen buruan Sakanan izan ditugun tortura eta tratu txar asko polizia eta segurtasun indar deitutakoen aldetik. Uste dugu badela errealitate bat zeina ez den argitara ateratzen; zeina mass media handiek eta status quoak ez duten fokua hor jartzen. Uste dugu sakandarrok, herritarrok, izan behar garela errealitate hori argitara aterako dugunok”. Dokumentalaren koordinatzaile den Unai Razkin Iriarteren azalpenak dira.
Ikus-entzunezkoa ere ibarreko historia memoria berreskuratzeko ekarpen gisa ikusten dute sustatzaileek. Haien egitasmoari Arg(h)itzen izena eman diote: “torturaz argi hitz egiten, tortura argitzen”. Dokumentala egiteko Interneteko Verkami plataformaren bidez 10.000 euro lortu nahi dituzte. Diru hori 40 egunetan bildu nahi dute. Unai Razkin Iriarte dokumentaleko koordinatzailea da eta Patxi Arratibel Garziandia parte hartzailea.
Hasteko, zer da tortura?
Unai. Torturak alde asko ditu. Askotan tortura bakarrik jipoiekin edo tratu txar fisikoekin lotzen dugu. Baina hori baino gehiago da. Tortura psikologikoa da. Tortura jendea txikitzea da. Eta tortura ere bada politikoki era kontziente batean erabiltzen den tresna bat.
Patxi, zuk bizi izan duzu tortura, hala da?
Patxi. Ni lehendabiziko aldiz 1997an torturatu ninduten, azkenekoz 2011n. Azken hori askoz ere okerragoa izan zen. Hori izan zen salatu genuena eta ondoren Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuena, tortura salaketak behar bezala ez ikertzeagatik. Ez naiz orain tortura testigantza kontatzen hasi behar. Ez daukat horretarako arazorik. Nik uste dut Sakanan, zoritxarrez, testigantza asko leittu ditugu jada, eta badakigu zertaz ari garen hizketan. Eta nola tratatu izan gaituzten polizia etxeetan independentziaren alde lan egin dugunoi, edo beraiek politikoki ezabatu nahi zuten jendea nola tratatu gaituzten atxilotzen gintuztenean.
Hortik pasa zaretenak, gerora torturaz hitz egiten duzue?
P. Edozein pertsonak dauzkan arazo pertsonalen inguruan bere jokabidea dauka. Bada, hori bera da torturarekin. Tortura testigantza kontatzea, edo zer egin dizuten esatea… Nik, adibidez, ez daukat arazorik. Baina badago jendea, hainbat arrazoirengatik, gordeta duena. Edo oso konfiantzazkoa duen jendeari kontatzen diona bakarrik. Hori oso pertsonala da. Nik beti esan diot ahalik eta jende gehienari zalantzarik ez izateko, salatu beharra dagoela; barnean ez dela gorde behar. Zeren horrek barruan eraginak sortzen ditu. Lehenbailehen atera beharra dagoela. Eta gero ahal bada, balorea baldin badago, salatu ere bai. Arazoa ez gorde barruan.
Eta jendartean hitz egiten da gaiaz?
U. Denetarik egonen da; egonen dira toki batzuetan baietz, eta besteetan ezetz. Baina gure sentsazioa da ez dela gai bat modu librean ateratzen dena, nahiko ezkutuan egon dena. Uste dugu jendartean ere eztabaida hau irekitzeko eta mahai gainean jartzeko garaia dela, bai gure belaunaldien artean, bai belaunaldi berrien artean. Tortura oso gertukoa izan da, baina, era berean, oso urrun ikus dezakeguna. Horregatik ematen diogu garrantzia dokumentalari eta hau guztia orain mahaian jartzeari.
Horregatik dago torturaren kontrako egun bat, otsailaren 13a?
U. Hori Joxe Arregiren erailketaren urtemuga da. Egun hori erreferentzia gisa hartzen da, baina halako kasuak milaka ditugu Euskal Herrian. Eta Sakanan ere asko-asko daude. 20.000 biztanle eskaseko ibar batean egiaztatutako 149 tortura kasu ditugu gutxienez. Horrek esan nahi du torturaren tamaina eta erabilera nahiko sistematikoa izan dela.
Nola iritsi zarete 149 kasuen zifra horretara?
U. Herriz herri lan bat egin da. Ikerketak ere eginda daude, Euskal Memoriak-eta egindakoak. Hortik atera ditugu datuak. Ziurrenik horiek baino gehiago izanen dira. Kasu batzuk ere sorpresaz hartu ditugu, ez genekielako hainbat kidek edo pertsonak jasan zituztela.
Patxi, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak zure tortura salaketa ez zela behar bezala ikertu esan zuen. Iñigo Gonzalezek epai bera jaso zuen ilbeltzaren erdialdean. Orduan, prentsaurrekoan, eskatu zenuten: “Beharrezkoa deritzogu erreparazioa, aitortza eta, batez ere, ez errepikatzeko bermea izatea”. Erreparazioa zein zentzutan?
P. Torturaren gaia, zorionez, lehengo garaiko gauza bat izanen balitz bezala gelditzen ari da. Zorionez esaten dut, espero dugu berriro ez bueltatzea. Baina erreparazioaren inguruan hitz egiten dugunean, gaur egun asko entzuten dugu sufrimendu bati buruz hizketan bakarrik. Alde bateko sufrimendu bat behin eta berriro jartzen da mahai gainean. Nahiz eta onartuta duen indarkeriaren alde ez dagoela, beste modu batera lan egiteko bide bat hartu eta abar, alde bati etengabe eskatzen zaio indarkeria behin eta berriz kondenatzeko, eta abar. Baina justu beste aldeak ez du sekula ezer ere errekonozitu. Esaterako, tortura izan dela sistematikoa eta erabili izan dela politikoki helburuak lortzeko. Hori guztia onartu beharko dute ere beste aldekoek. Aitortza horrek egon behar du. Esatea: bai, guk erabili genuen tortura, honetarako, honetarako eta honetarako. Hori oraindik ez dute egin. Aitortza hori behar da. Eta torturatuek merezi dute hori argi gelditzea. Beste biktima batzuk beste gauza batzuk eskatzen dituzten bezala, kasu honetan, torturatuek horren eskubidea daukagu.
Nola lortzen da torturak ez errepikatzeko bermea?
P. Tortura ez balute erabili beharko, hori aspaldi eginen lukete. Ez badute egin da tortura behar zutelako. Zer egin dezaketen? Hasteko, inkomunikazioa kendu. Zertarako inkomunikatu behar zaituzte bost egunez zure kontra ez deklaratzeko eskubidea baldin baduzu. Zertarako egon behar duzu bost egunez beraien esku, inork jakin gabe, ez abokatuak, ez familiak, ez inork ez zer ari zaizuen egiten. Ez baldin bada torturari bide edo eremu bat zabaltzeko. Ondoren, atxilotuak atxilotua dagoen momentu guztietan eduki dezala, modu batera edo bestera, bakarren batek kontrolatzeko aukera, irudi bidez edo bestela. Horrela ez litzateke espaziorik egonen tortura ahalbidetzeko.
Horiek iritsi bitartean torturaz ariko den proiektu bat duzue esku artean, ezta?
U. Kontuan izanda Sakanan ditugun kasu anitzak, uste dugu oso interesgarria dela testigantza horiek guztiak biltzea. Kontatzea zer pasatu den ibar honetan, eta ibarreko kideen bizipenetatik abiatzea dokumental bat egiteko. 149engana iristea ezinezkoa izanen da. Alde batetik, batzuk bizirik ez daudelako. Beste batzuk, oraindik ere, jasandako egoeraren ondorioz horretaz hitz egiteko gai ez direlako. Baina, behintzat, saiatuko gara garai desberdinetako pertsonen atea jotzen eta Euskal Herrian eta, zehazki, Sakanan gertatu den errealitate bat azalerazten.
Nola eginen duzue dokumentala?
U. Auzolanean egindako lan bat da. Sakanatik jaioa, Sakanako jendeak egina. Lanean gaude jada. Mundu guztiari bezala itxialdiak lanean harrapatu gintuen, eta zerbait atzeratu da. Baina grabazio batzuk egiten hasi gara eta pitteka-pitteka aurrera doa.
Noizko egonen da ikusgai dokumentala?
U. Data bat zehaztea zaila den arren, nahi genuke 2022ko otsailaren bueltan prest egotea. Baina bizi dugun egoera aldakor honetan ere daten kontuak tentuz hartu behar dira.
Zabalkundea pentsatua duzue?
U. Pausoz pauso joanen gara. Lehenik grabazioak egitea, editatzea, muntatzea, finantziazioa lortzea eta, ondoren, zabalpenean pentsatuko dugu. Estreinaldia Sakanan izanen da, hori argi eta garbi dugu. Baina hortik aurrera, oraindik ere, goiz da zehazteko.
Finantziazioa aipatu duzu. Beharrezkoa?
U. Proiektu guztietan bezala, lan txukun bat egiteko, gutxieneko finantziazio bat beharrezkoa da. Nahiz eta auzolanean egin finantziazio maila bat lortzea beharrezkoa da. Horretarako crowdfunding kanpaina hasi dugu. Jakinik proiektu hau dela Sakanatik jaioa, Sakanako bizilagunetatik sortua, finantziazioak ere izaera bera izateari garrantzia ematen diogu eta herritarren eskutik finantziazio hori lortzea. Gure buruari herritarren ekarpenekin 40 egunetan 10.000 euro lortzeko helburua jarri diogu. Interneteko Verkami plataformaren bidez ari gara diru bilketa egiten hilaren 12az geroztik. Sakandar eta euskal herritar guztiak animatzen ditugu beraien ekarpena egitera.
Zu hemen egonda, Patxi, parte hartzen ari zarela pentsatzekoa da.
P. Bai, nire elkarrizketa duela bi hilabete grabatu genuen. Jada, zerbait grabatzen hasita dago.
Jendeari kamara aurrean jartzea ere kosta egiten zaio. Zer aholku emanen zenizkioke lekukotza emanen dutenei?
P. Hor bi arazo juntatzen dira. Ni, esaterako, oso urduri jartzen naiz irratian, kamara aurrean edo horrelako gauzetan. Egia da jende ezaguna eta gertukoa izatean, Etxarrikoak, lasaitu egiten zaitu. Arazo handiena hori izaten da, hori gainditzea eta esatea: benga, hau barnetik atera behar dut eta kontatu behar diot mundu guztiari egin didatena. Baina torturatu batek behin salatzea erabakitzen duela, behin pauso hori emanda, beste gainerako guztiak askoz ere errazagoak dira.
Zein da zuen proiektuaren izena?
U. Arg(h)itzen jarri diogu izena. Argitu eta hitz egin lotuz; argi hitz egin hitz jokoa erabilita. Zer egin nahi dugun ikustarazteko oso argia da.