Natur parkearen kudeaketa jardunbide egoki izendatu dute

Guaixe 2021ko ots. 11a, 19:50

Mendizelei eta Beriain.

Europako NaturClima proiektuak klima-aldaketara egokitzeko mugaz gaindiko 24 jardunbide egoki onenen artean aukeratu du Urbasa-Andia natur parkearen kudeaketa.

Nafarroa, Pirinio Atlantikoak eta Pirinio Garaiak sustatutako proiektua da NaturClima. Hiru eskualdeetako arduradunek badakite klima aldaketaren aurrean natur guneak espazio kalteberenen artean daudela. Elkarlanean Pirinioen bi aldeetan babestutako natur guneen kudeaketa eta gobernantza hobetzeko sortu zuten NaturClima proiektua. Baita klima aldaketarako egokitzapena babestea, sustatzea eta hobetzea ere. Egokitzapen ekintzetarako lau natur gune aukeratu zituzten eta horien artean dago Urbasa Andia natur parkea. 

Orain natur espazioak egokitzeko egindako kudeaketaren esperientzia onenak baloratu dituzte, eta hautatutako 24en artean Urbasa Andia natur parkeko kudeaketa dago. Nafarroako Gobernuak zehazki natur parkeko bi jardunbide aurkeztu zituen. Batetik, mendietako bazka-eskaintza kudeatzea, eta, bestetik, klima-aldaketara egokitzeko neurriak: Zunbeltz finkan baso-kudeaketa egokitzailea egitea. Egoki jotako esperientziekin, NaturClimak gobernantza parte-hartzaileko eta kudeaketako irizpideak diseinatuko ditu naturagune babestuak klima-aldaketara egokitzeko.

Esperientziak eta ezagutzaren transferentzia
NaturClimako bazkide diren erakundeek jardunbide egokirik onenak bildu dituzte, lehendik dauden edo garatzen ari diren tresnak, esperientziak eta azterlanak kapitalizatzeko, eta adibide onak eta oinarri sendoak dira klima-aldaketara egokitzearen arloan ezarri beharreko lanerako. Hori dela eta, NaturClimaren 2021erako prestakuntza-ekintzak diseinatzeko oinarria ere izanen dira, hautatutako lau naturagune pilotuetako talde teknikoei eta kudeatzaileei zuzendutako tailerrak eta dibulgazio-fitxak barne. Behin proiektuaren webgunea prest dagoenean, jarriko dira, hobeto ikusteko eta zabaltzeko.

NaturClima 
Mugaz haraindiko lankidetzarako Europako proiektua Interreg POCTEFA lurralde-lankidetzarako programan sartuta dago (Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzarako Programaren akronimoa), eta Espainia-Frantzia mugaz haraindiko eremuan klima-aldaketara egokitzea eta arriskuen prebentzioa eta kudeaketa sustatzea du helburu. POCTEFA espazioak kalteberatasun-maila handia du klima-aldaketaren ondorioekiko, eta, beraz, egokitzapena premia eta erronka bat da.

NaturClima Europako proiektuak 2.134.856 euroko aurrekontua du eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du 1.387.659,94 eurorekin. Proiektua 2019ko garagartzaroa eta 2022ko maiatza artean garatuko dute.