Garraiolariak protestan

Maider Betelu Ganboa 2021ko ots. 12a, 13:00

Nafarroako garraiolariek manifestazioa deitu dute igandean Iruñean (12:00etan Baluarten), Nafarroako Gobernuari Errentaren Gaineko Zerga moduluka egitea eta Nafarroako 5 autobidetan bidesariak ez kobratzea exijitzeko

Autonomoei, tartean garraiolariei, bizitza are gehiago zaildu zaie. Nafarroako Gobernuak Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergatik modulu bidezko zerga ordainketa kentzea erabaki du eta horren ordez Zuzeneko Estimazioaren Araubidea ezarri du. Autonomoen iritziz horrek haien gaineko zerga presioa bikoiztu eginen du, eta aldaketa hau koronabirusak sortutako munduko krisi baten erdian gaudela egitea ez zaie batere ongi iruditu. Erabakia sektore bakoitzak dituen beharrak kontuan hartu gabe hartzea leporatu diete autonomoek Nafarroako Gobernuari, eta makina bat mobilizazio egin dituzte orain arte. Hori gutxi ez balitz, garraiolariei beste arazo bat gehitu zaie: Nafarroako 5 autobidetan bidesaria ordaindu beharko dute.

Guztiarengatik protesta egiteko, igandean, otsailak 14, TRADISNA Nafarroako Garraiolarien Elkarteak garraiolarien eta autonomoen aldeko manifestazioa deitu du Iruñean, 12:00etan Baluarteko plazatik abiatuko dena eta Gaztelu Plazan despedituko dena. Beltzez jantziko dira “Moduluak bai, bidesariak ez!” dioen pankartaren atzean. 

"Zerga sistema justua" eta elkarrizketa eskatzen diote Nafarroako Gobernuari"

Bizimodu gogorra
Garraiolarien bizimodua gogorra dela esatea ez da kontu berria. Garraiolariek ordu mordoa ematen dituzte errepideetan, horrek duen arriskuarekin. Eskaria bezeroarengana ordurako eramateko presioari hamaika faktore gehitu behar zaizkio. Abiapuntua kamioia eta lana izatea da; hau da, kamioia baldintza onetan izatea –kamioia erosi eta ordaindu, aseguruak, tailerrak, gurpilak, olio aldaketak, kamioi aparkalekua ordaindu…– eta, jakina, bezeroak lortzea. Hori, gauden egoeran, ez da batera erraza. Bigarren eginbeharreko garrantzitsua da bezeroen eskaerak ongi lotzea, bidaiak errentagarriak izateko. Hau da, karga bat Bartzelonara eraman behar bada, Bartzelonatik bueltan beste karga bat ekartzea lotu beharko litzateke, bidaia errentagarria izateko. Ondoren, garraioak berak dakarren guztia legoke: ea ordurako kargatuko eta deskargatuko ote dieten; ea eguraldiak lagundu eta errepideak garbi egongo ote diren, istripurik ez inolako arazorik gabe; ea karga ordurako entregatuko ote duten; bitartean, gidatutako orduen kontrola egiten duen takografoko diskoak eskatzen dituen geldialdiak egin beharko dituzte; jakina, kamioia ibili ahal izateko biltegia gasolioz bete; ibilbidean autopistako bide sariak ordaindu; eta helmugara iritsi bitartean sortu ahal diren egiteko eta ezusteko ugariei aurre egin: bazkaldu, afaldu, lo egin eta beste. Hauxe litzateke garraiolari baten egunerokoa, asko laburbilduta. Atzean askoz ere gehiago dagoelako, familia bizia egiteko zailtasunak eta beste hamaika kezka. 

Gastu asko eta etekin gero eta gutxiago
Garraiolariena lan gogorra da, baina beraiena ezinbesteko lana, produktuak handik hona garraiatzea beharrezkoa dugulako. Eta egungo bizimoduarekin, are gehiago. Konfinamenduan argi eta garbi ikusi zen. Etxetik kanpo ordu asko dira, errepidean ibiltzeak duen arriskuarekin. Nahiz eta beti erlojuaren kontra ibili behar, duela zenbait urte, gutxienez, euren lanak nolabaiteko aitortza zuen. Garraiolariek lan asko egin egiten zuten, baina soldata duina eta dezentea zuten. Baina zenbait urtetik hona egoera izugarri okertu da: garraio zerbitzuen prezioak ez dira igo, duela urte asko ordaintzen ziren berberak dira; gasolioaren prezioak gora egin du, baita autopistetako bidesariak eta beste. Finean: gastu asko eta gero eta etekin gutxiago. 

Zerga Aitorpena moduluka egitetik Zuzeneko Estimaziora
Eta egoera hori are gehiago zaildu zaie garraiolariei, Nafarroako Gobernuak Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga Aitorpena moduluka egiteko aukera kendu baitu. Autonomoek erabakia "presaka hartzea, sektore bakoitzak dituen ezaugarriak eta beharrak kontuan hartu gabe” leporatu diote Gobernuari. Euren ustean, zerga sistema berriak kalte ugari ekarriko dizkie, hainbat gastu eta inbertsio ezinen dituztelako zerga bidez kendu. Esaterako, sistema berriarekin kamioiaren erosketa gastua ezinen dute kendu. “Zerotik hastea ezinezkoa izanen da” diote. Halaber, jasango duten zerga presioa bikoiztuko dela salatzen dute, eta Espainiar estatuko gainontzeko autonomoekin alderatuta ez direla lehiakorrak izango uste dute, “guztiek berdin kobratzen dugulako baina zergetan guk gehiago ordaindu behar dugulako”. 

"Zerga sistema justua" eskatzen dute, eta Nafarroako Gobernuarekin elkarrizketa bidea zabaltzea, gutxienez Zerga Aitorpen sistema berria indarrean jartzeko bidean bi urteko trantsizio epea jasotzeko, aldaketari modu eraginkor eta adostuan egokitzeko. Bitartean, Espainiako Gobernuak neurri batzuk hartu ditu. Esaterako, autonomoei zergen %35 arteko beherapena aplikatuko die eta Nafarroan aurten Errentaren Gaineko Zergan egindako aldaketa, moduluka ordaintzetik Zuzeneko Estimaziora ordaintzea, atzeratuko dela. 

Erlazionatuak

"Gaur egun oso zaila da gazteak kamioiarekin hastea"

Maider Betelu Ganboa eta Eneida Carreño Mundiñano 2021 ots 17 Sakana