Eneko Larraioz

"Gaur egun oso zaila da gazteak kamioiarekin hastea"

Maider Betelu Ganboa eta Eneida Carreño Mundiñano 2021ko ots. 17a, 14:30

Garraiolarien egoera "gogorra" dela esan du Eneko Larroiz garriolariak. "Ez gaituzte entzuten". Igandean manifestazioa egin zuten Iruñean. Igandean manifestazioa egin zuten Iruñean. 

Garraiolariak kexu dira, Nafarroako Gobernuak Errentaren Gaineko Zerga moduluka egiteko aukera kendu duelako eta Nafarroako 5 autobidetan garraiolariei bidesariak kobratuko dizkielako.

Pandemiak sortutako krisia arintzeko Espainiako Gobernuak neurri batzuk hartu ditu, esaterako Errentaren Gaineko Zerga moduluka ordaintzen duten autonomoei zergen %35 arteko beherapena aplikatu, eta 2021ean Nafarroan indarrean sartu zen Zuzeneko Estimazioaren bidezko zerga ordainketa atzeratzea. 
Egoera kontuan hartuta, Espainiako Gobernuak Errentaren Gaineko Zerga Aitorpena moduluka egiteko aukera beste urte batez luzatu du. 10 urte daramatzat garraioaren munduan eta beti entzun izan da Nafarroan Errenta Aitorpena moduluka egiteko aukera kendu behar zutela, baina uste dut hau ez dela unerik egokiena, pandemiarengatik bizi dugun krisia eta egoera gogorra kontuan hartuta. Espainiako Gobernuak beherapena aplikatu du, eta Nafarroan egin digutena ondokoa da: guk hiru hilabetetik behin BEZa ordaintzen dugu. Orduan azkeneko kuotan %80 edo %70 jaitsi digute, halako zerbait. Keinu txiki bat da.  

Zer gertatu da Nafarroan?
Errentaren Gaineko Zerga Aitorpenean Zuzeneko Estimazioaren Araubidea inposatu digutela. 2020 urteko urrian eman ziguten aldaketaren berri eta ez gaituzte ezertarako kontuan hartu. Ez digute hitz egiteko, adosteko, ezta eztabaidatzeko aukerarik eman. Garraiolariei ez ezik nekazariei, merkatariei, taxi gidariei… eragiten die erabakiak, gremio askori. 

Beste autonomia batzuetako garraiolariekin alderatuta diskriminatuta sentitzen zaretela salatu duzue. 
Nafarroan garraiolariek ezin dugu Aragoin edo Errioxan dauden garraiolariekin alderatuta lehiakorrak izan. Beraien lan berdina egiten dugu baina guk Nafarroan zerga askoz ere gehiago ordaintzen ditugu. Eta kasu askotan gure zergak pasatu behar dira %100 baino gehiago ordaintzera. 

"Egoera gogorra da, eta ez gaituzte entzuten"

Nafarroan zerga sistema justua aldarrikatzen duzuenean zer eskatzen duzue?
Azkenean zerga sistema bat jarri nahi digute non nahi duten guk ordaintzea irabazten dugunaren arabera. Esaten digute: “asko irabazten baduzu, asko ordaindu behar duzu”. Bale, baina gure apustu pertsonala handia da. Nik dakidana da gu 15 ordu egoten garela etxetik kanpo lanean. Gero etxera etorri eta gauza asko daude, presio izugarria dugu. Egunero errepidean gaude, eta egunero istripuren bat gerta daiteke. Zer nolako bizimodua daramagu azkenean? Inork ez gaitu derrigortu, baina garraioa beharrezkoa da, autonomoak beharrezkoak dira. Eta honekin guztiarekin azkenean gertatuko dena da autonomo asko desagertuko direla. Pentsa, gure lan tresna kamioia da eta nik  kamioia erosten badut ezingo dut hori Errenta Aitorpenean desgrabatu. Ikaragarria da. 

Gremio guztiei berdin ordaintzea aplikatuko du zerga berriak, baina akaso hemen ez dira kontuan hartzen zuek zenbat ordu ematen dituzuen etxetik kanpo, errepidean duzuen arriskua, eta, finean, zein bizitza mota duen garraiolari batek. 
Bai, horrek nolabaiteko aitortza bat izan beharko luke trukean, duintasunezko soldata bat. Eta ezarri duten zerga sistema berri horrek ez du hori bermatzen. Nik nire bizitza guztian nire aita eta osaba kamioiarekin lanean ikusi ditut. Niri ere gustatzen zait eta ez nuke aldatuko, baina aitortu behar da nahiko esklabua dela. Martxoko konfinamenduan garraiolariak heroiak izatetik orain pelikulako gaiztoak izatera pasa gara. Zerga asko ordaintzen ditugu, eta trukean zer jasotzen dugu? Pentsatzekoa da zerga horiekin errepideak zainduak egotea bermatu beharko litzatekeela, baina garraiolariok errepideetan bidesariak ordaindu behar ditugu, igandeetan ezin gara errepideetan ibili… guztia murrizketak dira.  

"Martxoko konfinamenduan heroiak izatetik filmeko gaiztoak izatera pasa gara"

Egoera honetan, zein gazte animatuko da garraiolari izatera?
Inor gutxi. Garraiolari lanean hasteko, diru asko jarri behar duzu: kamioia erosi, txartela erosi... Lanean hasi eta lehenengo ordainketa 60-90 egunetara jasoko duzu. Horri eusteko, pentsa hasierako inbertsioa nolakoa izan behar den. Gaur egun oso zaila da gazteak kamioiarekin hastea. Ni elektronikan aritu nintzen, baina 26 urterekin aitarekin garraioan lan egiten hastea erabaki nuen. Etxean garraiolariak zeuden eta babesa izan dut. Ez dakit nolako etorkizuna izanen dugun, baina beno. Nik 36 urte ditut eta Sakanan gazteenetakoa naiz, nik dakidala. Ezagutzen ditudan garraiolari gehienak 45 urtetik gorakoak dira. 

Orain garraiolariek Nafarroako autobideetan bidesaria ordaindu behar izatea beste kolpe bat da zuen sektorearendako.
Azkenean guk leku guztietatik jasotzen dugu. Gasolioa ordaindu, autopisten bidesariak, eta gutxi ez balitz, orain Nafarroako errepide publikoen sarean dauden 5 autobidetan kamioiek bidesaria ordaintzea ezarri nahi dute. Sinestezina da. Gipuzkoan aurretik jarri zituzten garraiolariei eragiten dieten AT bidesariak, Etzegaraten eta A-15 autobidean, esaterako. Bruselan bitan esan dute legez kanpokoak direla, baina hor jarraitzen dute. Etzegaratetik pasatzen garen bakoitzean AT bidesariak klikatzen du, “pi-pi” egiten du. Ilegala da, baina ordaintzen ari gara. 

Deskargan ere bidesaria jarri dute eta garraiolariak eta auto gidariak ere mobilizatzen ari dira, kasu honetan guztiei aplikatu zaielako bidesaria, autoei eta kamioiei. 
Bai, azkenean uste dut jende guztia mobilizatuko dela. Zerga asko ordaintzen ditugu eta nik ez dut ikusten hori errepideetan islatzen denik. Ezin dituzte errepide nazionaletan eta publikoetan bidesariak jarri. 

"Azkenean gertatuko dena da autonomo asko desagertuko direla"

Bestalde, herri gehienetan kamioak herri barruan aparkatzea debekaturik duzue eta zenbait herritan kamioiak ordaindutako parkingetan aparkatu beharra duzue. 
Bai, beste gastu bat. Eta ez baduzu ordaintzen eta kamioia herritik kanpoko beste tokiren batean uzten baduzu, kamioia txikitu ahal dizute. 

Duzuen egoera ez da batere erraza. 
Ez da erraza, eta ez digute ezertan laguntzen. Nafarroan Foruak ditugu, baina ez dakit zertarako erabiltzen dituzten. 

Igandean, manifestazioa deitu zenuten Iruñean. 
Bai, Nafarroako Garraiolarien Elkarteak, TRADISNAk deituta. 12:00etan atera ginen Baluarteko plazatik eta Gaztelu Plazan despedituko zen deialdia. Aurretik beste bi manifestazio egin genituen, nahiko garrantzitsuak izan zirenak. Kamioiak atera genituen, baina isunak jarri zizkiguten, bozina jotzeagatik eta beste. Horregatik, igandekoa oinezkoa izan zen. Beltzez jantzita, Moduluak bai, bidesariak ez! aldarrikatu genuen. Gerran jarraituko dugu, ea zerbait lortzen dugun. Guk Nafarroako Gobernuari eskatzen dioguna da gutxienez hitz egitea, gure egoera kontuan har dezatela. Gutxienez Errenta Aitorpena moduluka ordaintzeko aukera beste urte batean luzatzea, garraiolariak egoera berrira egokitzeko, erabakia gauetik egunera hartu zutelako. 

Zerga sistema berriarekin garraiolari askok aholkularitza kontratatu beharko dute. 
Bai, guztia ordenagailuz egin behar da, garraiolari asko nagusiak dira eta hori beste traba bat da eurendako. Aholkularitza, hori ere beste gastu bat izanen da. Gutxienez, gastu hori Errenta Aitorpenean kendu ahal izango dugu. Garraiolari gehienek egunero etxetik kanpo bazkaltzen dugu eta ez dakigu dieta horiek zerga sistema berrian deskontatu ahal izango ditugun ala ez. 

Beraz, oraindik badaude airean dauden gauzak. 
Ez dugu argi sistema berrian zerk desgrabatzen duen eta zerk ez. Gure elkarteek Gobernuari galdetzen diete, eta zer egin behar dugun erantzuten die administrazioak. Bilera informatibo hutsak dira, ez gaituzte entzuten. Horregatik, igandean, Iruñean, konponbidea eskatu genuen eta gure aldarrikapenak egiten jarraituko dugu, ea bildu eta guztien artean zerbait lortzen dugun. 

 

Erlazionatuak

Garraiolariak protestan

Maider Betelu Ganboa 2021 ots 12 Sakana