Altzaniako erretena bertatik bertara

Guaixe 2021ko ots. 24a, 14:59

Ebroko Ur Konfederazioko bi langile, eta Mario Carreras eta Migel Adanon teknikariak uberkako balbula ganberan.

Mario Carreras eta Migel Anadon Ebroko Ur Konfederazioko bi teknikariekin Urdalurko erretena edo uberka bisitatu dugu eta harekin nola lan egiten duten azaldu dute. 

Urdalur urtegia mustu zutela 25 urte bete ziren igandean. Eta horrela bukatu ziren ibarreko herrietan garai batean udan hain ohikoak ziren ur mozketak. Horretako eraiki baitzuten erretena, Sakana urez hornitzeko. Uberkak jasotzen duen ura Sakanako Mankomunitateko Ur Zerbitzuak kudeatzen du. Erretena mustu zenean Altsasu eta Lakuntza arteko herriak urez hornitzen zituen. Gaur egun ur hodia Satrustegiraino iristen da eta Mank Etxarren arte luzatzeko lanetan ari da. Beste hodi batek Olatzagutia eta Ziordia hornitzen ditu. Urdalurko saretik eta Mank-en Ur Zerbitzutik kanpo daude Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu eta Etxarri Aranatz. 

Ziordiko lurretan jaso zen erretena estatuarena da eta Ebroko Ur Konfederazioak kudeatzen du. Eta erakunde horretako bi kide izan dira uberka nola funtzionatzen duen bertatik bertara azaldu digutenak: Mario Carreras, Ustiapeneko Baliabideen Kudeaketa Arloko burua (aurretik eskualdeko ustiapen burua zena eta, horregatik, ondo ezagutzen ditu erretenaren eta haren erabilerak) eta Miguel Anadon, 3. Ustiapen Zerbitzuko teknikaria, uberka hori barne hartzen duena. Urdalur erretanean sartzera goaz. 

Zer motako erretena da Urdalurkoa? 
Grabitate uberka da, arrabolaz trinkotutako hormigoiz egina. Hau da, porlana bota eta lurra mugitzeko erabiltzen den makineriarekin zabaltzen da. Horrela, errendimendua hobetu egiten da eta ohiko dardaratutako hormigoiarekin baino azkarrago egiten dira lanak. Uberka egitean ezin da ohiko kofratzea erabili. Mailaka kofratu behar duzu. Horregatik, mota honetako erretenek mailak dituzte. Trinkotutako hormigoizko uberkak identifikatzeko bereizgarri dira mailak. Teknika hori erabilita Estatuan egin zen lehen erretenetako bat izan zen Urdalurkoa. Uberkak bi galeria ditu. Haietan dauden tresna batzuen bidez erretena auskultatzen dugu. 

Auskultatu, medikuak guri egiten digun moduan?
Hori da. Uberka baten jokabidea aztertzeko hiru aldagai aztertzen dira: formazioari dagozkionak (asentatzen den, alde batera edo bestera, gora edo behera mugitzen den), hidraulikoak (filtrazioen kontuagatik), eta, bestea, tentsioari dagokiona. Horrela, presa nola dagoen dakigu. Eta, horren arabera, dagokion atalaren mantentze lana egiten dugu. Galerietan jartzen dira ekipamendu guztiak, ikuskapena egitea ahalbidetzen dizu eta tratamenduren bat eman behar bada horretarako aukera ematen dizu. 

Zer mantentze lan eskatzen ditu Urdalurrek? 
Bai honetan bai beste edozein erretenetan, mantentze plana dago. Mekanika, elektrika eta auskultazio ataletan banatzen dugu. Mekanikari dagokiona da ur irteerarekin zerikusia duen guztia da, torlojuak… mekanikoa den guztia. Arlo elektrikoan babes koadro guztiak, ekipoak eragiteko koadroak… Eta auskultazioa uberka bakoitzaren araberakoa da. Erreten modernoagoek auskultatzeko ekipo gehiago dituzte eta pixka bat zaharragoak direnak sentsore gutxiago dituzte. Sentsoreen arabera planean neurketa maiztasuna zehazten da. Irakurketa batzuk egunero egin behar dira, esaterako, urtegiaren ur maila. Eta beste batzuk astean behin egiten dira, esate baterako, piezometria. 


Migel Adanon azalpenak ematen.

Hori guztia telematikoki egiteko aukera duzue?
Bai. Urdalur eta Ebroko Ur konfederazioaren uberka guztiak SAIH-Ebro (Hidrologia Informazio Sistema Automatikoa) sarean daude. Han seinale guztiak jasotzen dira: ur maila, bolumena, ura askatzeko organoen irekiera eta itxiera, auskultazio aldagai guztiak… SAIHko auskultazio aldagai guztiak Geiser erremintara pasatzen da (urtegien kudeaketa, ikuskapenak, segurtasuna, berrikusketa-ekipamenduak). Hark aukera ematen du datuak aztertzeko, egokiak diren edo ikusteko, arazoren bat ote dagoen jakiteko, edo dena delakorako. 

Urrutiko aginteak eta automatizatua izateak, telefono mugikor batean edo ordenagailu batean edozein tokitatik ikusteko aukera ematen dute. Baina, akaso, garrantzitsuena da langileak ditugula instalazioan bertan. Horrela, prebentzio mantentzea egin dezakegu. Baita sentsore automatiko horietako edozeinen matxurak atzeman ere. Langileak uberkan ditugun “begiak” dira. 

Zer gerta ere 24 ordutan prest dagoen lantaldea dago? 
SAIH sarean arroko prozesu zentroa dago eta 24 orduz 365 egunetan lanean dago. 

Uberkak lan handia ematen dizue? 
Ez. Obra nahikoa sendoak dira. Mantentzea, jarraipena, zaintza eskatzen dute. Ez da lan berri bat egitea bezain ikusgarria. Baina oso zehatza da; distantzia luzeko korrikalarien parekoa da haien lana. Erretenean dauden langileek primeran ezagutzen dituzte sortzen diren pitzadura txikiak, ur sartze txikiak… denak ezagutzen dituzte. Egunean eramanda, mantenua ederki asko egin daiteke. 

Erretenak nola funtzionatzen du?
Uberka bakoitzean modu desberdinean funtzionatzen du. Urdalurren balbula ganberan (uberkaren oinean dagoen etxola) bat egiten dute hornidura uraren instalazioak eta hondoko hustubideko bi hodiak. Azken horren helburua da, lehenik, erretena eraikitzen ari ziren bitartean kargatze fasea egiteko urtegiaren betetzea kontrolatzea, progresiboa izateko, motela izateko eta egiturak erantzun egokia ematen duela ikusi ahal izateko. Behin uberka eginda, beharrezkoa izanez gero, urtegia hustu ahal izatea. 

Sakana urez hornitzeko egin zen Urdalurko erretena eta ur hartuneak horretarako dira. Hiru ur hartune bikoitz daude. Uberkaren goiko eta erdialdeko hartuneetako hodiak erretenaren kanpoko aldetik jaisten dira. Balbulen ganberan beheko hartunea dago. Hodiak han bertan biratzen dute, ganberatik atera eta beste etxola batean bi hodiek bat egiten dute. Erregulazio balbula bat dago. Sakanako Mankomunitateak duen premiaren arabera balbula zabaldu edo itxi eginen du, duen eskaeraren arabera. 

Hemendik ura presio handian aterako da…
Karga hausteko elementuak ditu Mank-ek. Guk esaterako, orain ekologia hartunea erabiltzen ari gara eta ura zein abiaduran eta zein presiotan ateratzen den ikusi dezakegu. 

Ibaiak ekologia emaria izan behar du beti. Hori nola lortzen duzue? 
Ekologia hartunearekin. Orain, gutxi gorabehera segundoko metro kubiko bat ematen ari da. Hornidura ur hodi baten adar bat da. Kalean ura botatzen ari den balbula da. Hartune horren bidez bueltatzen diogu emaria ibaiari. 


Mario Carreras teknikaria argibidak ematen.

Hiru ur hartune: goian, erdian eta behean. 
Hiru altueratan jarritako hartuneena hala jasoa zegoen hasierako proiektuan. Azken batean kalitate kontu bat da. Mank-ekin koordinatzen gara. Haiek manganeso edo burdin arazoren bat baldin badute, ura hartzeko aukera onena zein den hitz egiten dugu. Oraintxe urtegian pontoi baten modukoa dugu. Hura beheko hartunera lotuta dago, urtegiaren sakonera guztia baliatu ahal izateko. Urtegiaren maila bat edo bestea izan, pontoiaren bidez ura beti ur azaletik metro eta erdira edo bi metrotara hartzen da. 

Orokorrean urtegietan estratifikazio termikoa sortzen da. Urtegiko ur zutabearen beheko aldean dagoen urak eutrofizazio arazo gehiago izaten ditu, eta kalitate txarragoa du. Hartune flotagarriak aukera ematen du ura hobea den tokitik hartzeko. Kasu batzuetan, esaterako, ura oso bero badago, Mank-ekin koordinatuz, ur hartune bateko eta besteko urak nahastu dira. Kasu puntualak dira horiek, eta Mank-en premien arabera egiten da. Baina, bestela, egunerokoan, hartune flotagarria dugu etengabe lanean. 

Gainezkabidea dago erretenaren goiko partean.
Beheko hustubideak urtegia husteko aukera ematen du. Erretenaren goiko partean dagoen gainezkabidetik ateratzen dena soberan dagoen ura da, urtegian biltzeko gaitasunik ez dugun hura ateratzen da handik. Ur maila gainezkabidearen “ezpainera” iristean hasten da handik ura pasatzen eta erreteneko horman behera egiten. Urdalurko gainezkabidea “ezpain” finkokoa da, uhaterik ez duelako. 

Gauden garaian egonda, urtegia betetzeko tarte bat falta da. Ur goraldi handi bat baldin balego, ur emaria moteltzeko aukera ematen digu horrek. Eta, horrela, ibaian bukatzen duen ura urtegian sartzen dena baino txikiagoa da (uholdeak saihesteko). 

Gainezkabidean maiz ikusten dugu zuhaitzen bat trabeska. 
Bai, gertatzen da, urtegiaren inguruan zuhaitz asko dagoelako. Baina horretarako da mantentze lana. Hori da gure egunerokoaren zatia. Gainbegiratzen da, ikusketa egiten da, eta ura husteko organoen funtzionamendua kaltetu dezakeen edozein elementu kendu egiten da. Egurra, normalean, edo gainezkabidetik ateratzen da, edo urarekin-eta usteldu eta urtegiaren ondoan bukatzen du. 

Eguraldi iragarpenaren berri uneoro duzue? 
Bai, Informazio Hidrologikoko Sistema Automatikoak, SAIHk, kontrol zentroan erretenak monitorizatzeaz eta haien seinaleak jasotzeaz aparte, AEMETekin eta Europa erdialdeko modeloarekin hitzarmenak ditu. Haien bidez hainbat eguraldi iragarpen jasotzen dira, epe motzeko iragarpenak eta epe ertain eta luzeko iragarpenak. Epe motzeko iragarpenei “erresoluzio handikoak” hots egiten zaie, zehatzagoak direlako. Eta 7 edo 8 egunera egindako epe luzeko iragarpenak “erresoluzio baxukoak” dira. Ez dira zehatzak, baina orientagarriak dira: frontea etorriko den edo antizikloia egonen den eta euri tantarik ez dela egonen. Beraz, beti dugu eguraldi iragarpen bat. Horren arabera urtegia modu batera edo bestera kudeatzen dugu. 

Urtegiak noiz husten dira? 
Premia dagoenean. Uberken arabera, jendea hiru txandatan dago lanean bertan. Baina edozein prebentzio maniobra egin behar denean, berdin da eguna edo ordua, urtegira joan eta egiten dugu. 

Zer gertatzen da ur gutxi dagoenean? 
25 urtetan, zorionez, Urdalurren ez da halakorik gertatu. Urtegiak 5,4 hektometro kubikoko bolumena du eta arroaren urteroko bataz besteko ekarpena 14,3 hektometro kubikokoa da, ia hiru urtegi betetzeko modukoa. Ez dugu arazorik izan dagoen ur eskaerari erantzuteko eta urtegia betetzeko. Klima aldetik lehorragoa den beste urtegiren batean, edo ur erregulazio ahalmena baino eskaera handiagoa den urtegietan, lehorte planak daude. Urtegian dagoen ur erreserbaren arabera,  plan horiek zehazten dute zein protokolo segi behar den. Esaterako, ureztatu behar bada, agian proportzionalki banatzen hasi beharko dute. Edo ur horniduraren kasuan, lehentasunezkoak ez diren aisialdirako erabilera batzuetarako ura moztea. 

Ur maila jaisten denean, urarekin kontaktuan dagoen pareta ikuskatzeko baliatzen da? 
Auskultazioaren barruan, prebentzio mantentze lanen barruan, begi-ikuskapena dago. Langileek balbulen ganbera, hustubideren bat edo halakoen ikuskapena egiten dute egunero. Baina aparte, urtegia inguratzen duen bidean barna buelta eman behar da, filtrazioren bat dagoen begiratu… Estalita dauden elementuak urtegiaren ur maila jaistean ikuskatzen dira, jakiteko dilatazio junturaren bat zabalik dagoen, hormaren aurpegian edozein arazo dagoen…

Urtegia itxitura batez inguratuta dago. 
Pertsonen kontsumorako bideratutako ura ahalik eta gehien babesten saiatzen gara. Edozein erabilera (abeltzaintza, nekazaritza eta abar) urtegiaren kutsadura iturri bihurtzen da, puntuala edo difusoa, eta uraren kalitateari kalte egiten dio. Urdalurko itxiturarekin halako jarduerak mugatu nahi ditugu. Gainera, dituen maldengatik, azaleragatik, luzeragatik… ezaugarri geometrikoengatik urtegia zenbait erabileretarako ez da egokia. Beste urtegi batzuetan sky-surfa edo nabigazioa baimentzen dira. Baina horretarako jendeak eskatu behar du eta urtegia ez da ur hornidurarako erabili behar. 


Mario Carreras eta Migel Adanon goiko galerian.

Erreteneko ur harguneak zuhaitzekin edo lohiarekin ixten zaizkizue? 
Mantentze planeko helburuetako bat da hustubideetan prebentzio maniobrak egitea. Esaterako, beheko hartunea bakarrik arazoren bat dagoenean erabiliko bagenu, urtegiaren huste partziala egiteko adibidez, agian ez genuke sekula erabiliko. Planean egin behar batzuk daude, balbulak lanean jartzeko, erabiltzeko prest egon daitezen. Gainera, beheko ur hartunearen inbutu ondoan sedimenturen bat baldin badago, aukera ematen du hura zurrupatzeko eta ur hartunearen ondoan ez pilatzeko. 

Nola finantzatzen da hau guztia? 
Uren Legearen testu bateginean, Estatuarenak diren uberketan, erregulazio kanona dago. Uraren erabilera tarifa eta erregulazio kanona dago. Urtegien kasuan erregulazio kanona da. Kanon hori erabiltzaileek ordaintzen dute. Funtsean hiru zati ditu: kontserbazio eta mantentze gastuak (eguneroko lanak eta konponketa lanak), kudeatzailearen kudeaketa gastuak (teknikariak, ingeniariak) eta inbertsio lanak (lan handiak). Kostu horietatik ehuneko bat ur azalari dagokiona da, Estatua eta herritar guztiak dira horren onuradunak eta hori ez du Mank-ek pagatzen. Urdalurren kasuan %20 da. Gainontzeko %80 da Mank-ek pagatzen duena. Hori urtean behin egiten da eta, normalean, urte akaberan pagatzen du Mank-ek. 

2006 edo 2007ra arte gutxi gorabehera. Iruñerriko Mankomunitateak ere hartzen zuen Urdalurko ura. Garai hartan gastua bi mankomunitateen artean pagatzen zen. Baina gaur egun soilik Mank-ek hartzen du Urdalurko ura, eta hark bakarrik pagatzen du kostua. 

Mantentze lanak nola egiten dituzue? 
Dugun aurrekontuaren barruan, lantxoak egiten ditugu, uharka mantentzeko. Esplotazio juntak zehazten duen aurrekontura egokitzen gara mantentze lanak egiteko. Urte batetik bestera kostua nabarmen ez igotzeko moduan egiten dugu horrela, lanak egitea gehiago kostatzen bada ere. Joan den urtean goiko galeria eta beheko galeria lotzen dituen pasabidean eskailera guztiak aldatu ziren eta argiztapena bikoiztu zuten. Urak zikindu egiten du manganesoa-edo duelako eta galerietako ezpondak garbitu izan behar dira. Horretarako, hainbat hartune dituen ur hodia jarri dute, langileek haietan ura presiora botatzen duen makina konektatu eta garbiketa errazago egiteko.

Uberkaren “harmaila” gainean dagoen eta galerian sartzeko balio duen metalezko pasabidea berritu dute. Erretenaren kanpotik joaten diren ur hartuneen hodietako zenbait elementu margotu dira, hodi zatiak lotzen dituzten piezak. Uberkak mailak izatean nahikoa begetazio du, baina orain ongi dago. Presaren oinean landaretzarik ez egotea ere beharrezkoa da; moztutako zuhaixken arrastoak daude horregatik. 

Aurten uberka gaineko baranda berrituko dute eta uharka oinean dagoen itxitura kenduko dute, “egoera txarrean dago eta ez du asko egiten. Hasiera batean presara ez sartzeko jarri zen. Baina gaur egun uharkak dituen itxiturekin nahikoa da. 

Urdalurren argindarra sortzeko turbina jar liteke? 
Lehenik, bideragarritasun azterketa egin beharko litzateke, errentagarria den edo ez jakiteko. Ur saltoa dago eta emaria dago. Baina administrazio tramitazioa ere badago. Hau da, aprobetxamendu hidroelektrikoa egiten denean, Uren Legearen testu bateraginera joan behar da. Han eman beharreko pausoak zehaztuta daude: lehiaketa, ikerketa… Akaberan errentagarria eta bideragarria dela ikusiz gero, orduan garatzeko aukera legoke. A priori, ezetz esateko arrazoirik ez dago, baina, logikoki, aldez aurretik eman beharreko pauso ugari daude turbina bat jartzeko. 

Erlazionatuak