Aintzane Iriberri Berrostegieta

“Dinabide moduko tresnak eskualdean egotea zentzua du”

Guaixe 2021ko mar. 1a, 14:01
Tailerrean bisitan, mahai gainean inprimatze eranshgarriaren bidez egin daitezkeen piezen adibideak. Argazkiak: SGA.

Sodena Nafarroako Gobernuaren diru laguntza tresna da Foru Komunitatearentzako balio erantsiko negozio proiektuak erakartzeko eta garatzeko. Eta Espezializazio Adimenduneko Estrategian ere lankidetzan aritzen da. 

Harekin elkarlanean Nafarroako hainbat kluster daude eta horietako batzuen arduradunak dira, hain zuzen, Dinabide bisitatu zutenak asteazkenean. 

Zehazki honakoak izan ziren: Cristina Garcia Lopez (Atana), Javier Belarra Gorrotxategi (Acan), Carlos Fernandez de Vigo (Clavna), Arturo Cisneros (Clavna), Cecilia Wolluschek Perri (Enercluster), Aritz Markalain Lopez (Enercluster), Sandra Agirre Saiz (Nagrifood), Adela Santamaria (Funtional Print), Susana Barasoain Arrondo (Funtional Print), Daniel Mazo Saez (Sodenako S3 atalekoa), Luis Goñi Navarro (Sodenako S3 atalekoa) eta Beatriz Blasco Felipe (Sodenako S3 atalekoa). Aintzane Iriberri Berrostegieta Sakanako Garapen Agentziako Industria eta Energia arduraduna da. 

Zer da kluster bat? 
Hainbat eragile biltzen dituen elkarte antzeko bat da. Sektore edo helburu komunean lan egiten dute eta beraien indarrak handitzeko, zerbitzuak elkarbanatzeko elkartzen dira, elkar laguntzen dute, klusterreko entitateen edo enpresen artean sinergiak sortzen dira, proiektuak egiten dituzte… Helburu desberdinekin sortu daitezke klusterrak.

Kluster horiek normalean sektorekoak dira, esaterako: Acan, Nafarroako automobilgintza kluster elkartea; Functional Print, inprimaketa funtzionala eta gehigarria; Nagrifood, Nafarroako nekazaritzako elikagaien klusterra; Enercluster, Nafarroako eolika klusterra, Clavna, Nafarroako ikus-entzunezko klusterra; Atana, Nafarroako Informazio eta Komunikazio Teknologien klusterra. 

Horietan Sakanako enpresarik badago? 
Bai, sartuta daude. Enerclusterren ibarreko enpresa dexente daude: Barranquesa, Eseki, Laneko, Jatorman, Sakana group eta Saprem electronica. Nagrifooden, berriz, Quesos La Vasconavarra, Arbizu hestekiak, Lacturale eta Viscofant. Acanen Iberica de Suspensiones eta Functional Printen SDI inprenta. 

Zergatik joan dira klusterretako arduradunak Dinabide bisitatzera? 
Dinabide diru publikoarekin egin eta finantzatzen den proiektua da. Eraldaketa digitala sustatzeko tresnez hornitu gara. Baliabideak ere jarri ditugu pertsonek teknologia horiek nola eta non erabili behar dituzten jakiteko. Gure esperientzia, bereziki azken urtekoa, ezagutzera. Tailerra, makinen demostrazioak, kasu arrakastatsuak, fabrikazio gehigarriko piezak, errealitate areagotuko aplikazioak, elkarlaneko robota eta exoeskeletoak ezagutu dituzte

Proiektuak martxan ditugu. Horiek guztiak ezagutzera etorri dira ere. Ez da bakarrik teknologia ezagutzea. Coworkerrek ere beraien proiektuak azaldu dituzte. Bat energiaren inguruko gaiekin ari da. Beste bat aerosorgailuen inguruko garapen bat egiten ari da. Beste bat, berriz, partekatutako autoen plataforma multimodalaren sorreran murgilduta dago… Erakusteko proiektu polit batzuk badauzkagu eta ikus dezatela ekintzailetza gure eskualdean ere eman daitekeela. Horrelako proiektuei erantzuteko, Dinabide bezalako tresna interesgarriak dira halako eskualdeetarako, hemen egoteak zentzua du. Beste enpresa edo entitateendako baliagarria izan daitekeelako. 

Eta Dinabide bera etorkizunean jardun gehiagoz janzteko?
Jakina. Klusterretako arduradunak etorrita, lortu beharko genukeena da ikustea zer aukera dauden beraien klusterreko enpresendako eta haiekin ere bisitan etortzea. Gure helburua da ondoren kluster bakoitzari saio espezifikoa eskaintzea. Hainbat sektoretan teknologia nola erabili edo zer proiektu esanguratsu errepikatu daitezkeen beraien enpresetan. Azken batean, biderkatzaileak izan daitezkeen entitateak erakartzen saiatzen gara. 

Zer mugimendu dago Dinabiden? 
Gero eta gehiago gaude. Joan den urtean coworker presentzialerako aukera eskaintzen genuen: Dinabidera etorri eta gurekin eraldaketa digitalarekin zerikusia daukan proiektua bultzatzeko aukera eskaintzen genuen. Baina egoera ikusita, egokitu gara eta, birtualki aritzeko aukera ere eskaini dugu. Lau coworker dauzkagu jada. Jendea hurbiltzen zaigu, bai proiektua martxan jartzeko edo laguntza behar dutelako, bai gurea, baita Nafarroako beste entitateek ematen dutena. Prestakuntza jasotzera, teknologia berriak ezagutzera, ere etortzen dira. Nahikoa espazio irekia da eta eraldaketa digitalarekin zerikusia daukan edozein proiektu edo berrikuntza bai guk, gure aholkulariek, lagun ditugun entitateek ere laguntza eskaintzen dute. Pixka bat hazi gara. Zerbitzu gehiago eskaintzen ditugu, eta teknologia gehiago baitugu. Etorri daitezela eta galdetu dezatela. Nahikoa malguak eta irekiak gara. 

Dinabideri lege izaera eman nahi diozue eragile bihurtzeko. Sakanara jakintza erakartzeko eta bertatik zabaltzeko, dirulaguntzak jaso edo proiektuetan parte hartzeko. Zertan dago lege izaera eskuratzearena? 
Lanean ari gara. Dinabide Sakanako Garapen Agentziaren proiektu bat da, Sakanara begira jaio zen. Baina ikusten dugu “masa kritiko” gehiago behar genuela, proiektu erakargarriagoak edo handiagoak ere. Eta, bereziki, gure teknologia Nafarroa guztiko enpresen eta entitateen zerbitzura jartzeko. Aztertzen ari gara. Modu desberdinak egon daitezkeelako helburu desberdinekin. Eta lege azterketa eremu horretan murgildu gara. Espero dugu aurten SGA, han dauden enpresak eta eragile eta enpresa gehiago Dinabideko kide izatea.