Protokoloaren sinatzaileek bien ahotik entzun zituzten indarkeriatik bizirik atera diren Sakanako lau emakumezkoren lekukotzak, arduradunek jakin dezaten indrkeria egoera bizi duten emakumezkoek zein premia dituzten.
Indarkeria jasaten, ni?
- "Harritu egin nintzen biktimaren akreditazioaz hitz egin zidatenean".
- "Ez nuen nire egoera tratu txartzat hartzen, ez baininduen jotzen".
- "Ez, eta gaur egun zaila egiten zait ikustea emakumearen aurkako indarkeriaren barruan dagoela. Ulertzen dut hala dela, baina emakumeen aurkako indarkeriaren ‘biktima’ gisa ‘definitzea’ kostatuko balitzait bezala da".
- "Eta uste dut ‘biktima’ hitzaren konnotazio negatiboagatik dela; izan ere, ez erabiltzen saiatzen naiz. Eta hori da, hain zuzen ere, gizarte-laguntza gehiago edo beste edozein motatako laguntzarik ez bilatzeko arrazoietako bat. Urte hauetan guztietan diskreziorik handiena bilatu dut, hau ahalik eta pertsonalena bizitzea, uste dut ukatzeko mekanismo gisa, batez ere hasieran: pentsatzen ez badut, hitz egiten ez badut, azkar pasatzen bada... agian desagertu egiten da nire burutik eta gorputzetik. Baina argi dago ez duela horrela funtzionatzen: ukatzen duzun guztiak menderatzen zaitu... Bizitzan bezala, kosta egiten da zuri gerta dakizukeela sinestea; beraz, leku horretan ikusi eta izena jartzea prozesu psikologiko eta emozionala da, nire kasuan, luzea eta oraindik itxi ez den prozesua".
- "Ez nekien zer gertatzen ari zen. Nire semeak ireki zizkidan begiak".
Informazioa, erabakiak eta autonomia
"Asko kostatu zait, baina bai; ez naiz hartutako erabakiez damutzen. Informazioak eragin handia du, baina erabakiak nireak izan dira".
"Bai, nire autonomia argia izan da; zerbitzuek autonomia hori ahalbidetu dute".
"Ez; erabaki asko hartu dira nireak izan gabe, eta nire iritzia eman dut. Ulertzen dut asmo onenarekin egiten dela, kasu honetan niretzat onena zer izan daitekeen pentsatuz beti; baina, guztiak ez badira ere, asko ez ditut nik bakarrik hartu, baizik eta nik zer egin nahi nuen jakinda hartu direla, nahiz eta hartutakoekin bat ez etorri. Gauza batzuk ez nekien nola edo hala egin zirenik ere, ‘babesteko’ ezkutatzen zitzaizkidalako.
"Nire erabakietan autonomoa izan naiz, nire egia jakitea nahi nuelako. Hasieran seme-alabengatik egin nuen, baina urte batean konturatu nintzen niregatik egin behar nuela, eta orduan salatu nuen".
Baliabideen koordinazioaz
- "Okerrena pertsonatik pertsonara igarotzea da. Zergatik ez diote pertsona bat esleitzen kasu bakoitzari? Guk gure bizitzaz hitz egiten dugu, gutaz... nolabaiteko enpatia behar da".
- "Oraindik, medikazioa eskatzeko osasun-zentrora deitzen dudan bakoitzean, istorioa kontatu behar dut".
- "Hilabeteak pertsona desberdinei gertaerak kontatzen ematea behin eta berriz, eta historia ezagutzean izandako erreakzioak ikustea... Koordinazio horren falta sumatu nuen beti, batez ere abokatu eta psikologoen artean gustatuko zitzaidakeen, haiengana joan bainaiz gehien. Kontua galdu nuen kontatu nuen aldiez. Baina horrekin sentiarazten zaituzten mina ere bizi izan dut. Baina prozesuak iraun duen urte hauetan, nire ustez, koordinatu egin zitezkeen..."
- "Ez da koordinaziorik egon, eta gaur da kontatu behar dudan eguna helegiteren batera joaten naizen bakoitzean".
Hortik pasa direnen laguntzaz
- "Salaketa faltsuen gaiak pisu handia du. Salaketa jarri aurretik gizartea sentsibilizatu behar da. Prozesua oso gogorra da sozialki. Gizarteak ez du babesten salaketa jartzea emakumeok etengabe justifikatu behar dugu geure burua. Irteteko prozesua gogorragoa da banatzeko prozesua baino".
- "Gizartean epaitua sentitzen naiz, agian bera ez da hain ona... tratu txarrik egon bada, zergatik ez du lehenago salatu?"
- "Babes soziala eta baliabideak falta izan zaizkit nire familiarendako adibidez, asko sufritu dute".
- "Berak sare sozial handia du herrian eta oso babestuta sentitu da. Kartzelatik irten zenean (ez zidaten jakinarazi irten behar zela), kalean aurkitzen nuen beti bere jendez inguratuta. Ni eta nire familia beti egon gara zalantzan".
- "Benetan, ez dakit merezi izan duen. Batzuetan pentsatzen dut etxean jasaten nuen kalbarioa kontrola nezakeela, baina herrian jasan dudan gizarte zanpaketa ezin dut kontrolatu. Herriaren epaiketa soziala jasanezina izan da".