Festetan emakumeen kontrako indarkeria kasuren bat egonez gero, nola jokatu jakiteko protokoloak daude Sakanako zenbait herritan. Baina festa girora mugatzen ziren jarraibideak dira. Urteko egun guztietarako baliagarria den “Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduna koordinatzeko Sakanako I. Lurralde-Protokoloa” du ibarrak asteazkenaz geroztik. Altsasuko eta Sakanako Berdintasun Zerbitzuek gidatutako hainbat erakunderen elkarlanaren fruitua da protokolo hori.
Emakume izate hutsagatik indarkeria jasan duten emakumezkoak beraien bizitzak berregiten, ahalduntze-prozesuan lagundu nahi du protokoloak. Horretarako, orain arte zegoena hobetuz, indarkeria egoeran dauden emakumezkoei arreta zerbitzu koordinatu egokia eskaini nahi zaie. Hori dela eta, protokoloa sinatu duten erakundeek koordinatuki lan egiteko antolaketa eta irizpide batzuk onartu dituzte. Baita konpromiso batzuk hartu ere: prestakuntza bulkatzea; Nafarroako Gobernuak baditu, baina egoera berezietan ekonomia baliabideak beharko balira, haiek jartzea; espazioak eta giza baliabideak eskaintzea.
Bi Berdintasun Zerbitzuak dira protokoloaren arduradunak eta haiei dagokie koordinazioa. Sortu den koordinazio mahaia urtean hirutan elkartuko da, dagokion jarraipena egiteko. Bestalde, agirian jaso denez, emakumeen kontrako indarkeria salaketa bat jasoz gero, erakundeek protokoloa jarraituz, badakite norekin jarri beharko duten harremanetan. Izan ere, zerbitzu bakoitzean erreferentziazko pertsona bat izendatu dute.
Hiru arlo
Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Batzordeko lehendakari Aizaga Zeberio Petriatik azaldu zuenez, protokoloak hiru arlo ditu: osasun, gizarte eta polizia arloa. “Arlo bakoitzaren papera zein den, zein bide jarraitu eta koordinazio egiturak zeintzuk diren zehazten dira bertan. Esku-hartze eredu oso eta homogeneo bat zehaztuz. Hortaz aparte, Sakanako udalek emakumeen kontrako indarkeria kasu larrietan eman beharreko erantzuna ere zehazten da”.
Zeberiok protokoloaren “eskualde ikuspegia” azpimarratu zuen, “Nafarroan lurralde izaera duen lehen protokoloa da (gainontzekoak hiri eta herrietakoak dira), honen konplexutasuna eta aldi berean aberasgarritasuna azpimarratu nahiko genuke”. Protokoloa egiterakoan udalerri txikien berezitasuna kontutan hartu dutela gaztigatu zuen. “Udalerrietako batzuk oso landa-ingurukoak dira eta, horregatik, emakumeek bizi duten indarkeria hautematean eta indarkeria horri aurre egitean kontuan hartu behar izan da gizarte-kontrola handiagoa dela eta horrek indarkeria estaltzea dakar askotan, beldurragatik edo lotsagatik”.
Gaineratu zuenez, adineko pertsonen artean “indarkeria kronikoago bihurtu ohi da eta normaltasunez onartuago egon ohi da, bikote-harremanean zein bikote-harremanetik kanpo”. Eta erakunde sinatzaileei “lurralde ikuspegia momentu guztian presente izatea” eskertu zien.
Benetako lana
Altsasuko Udalak 1992tik du Berdintasun Zerbitzua eta horretan aitzindaria da Nafarroan. Javier Ollo Martinez alkateak orain egindako bide “baliagarria” aitortu zion. Ollok gogorarazi zuenez, “duela 5 urte udalak indarkeria jasaten ari diren emakumeei arreta koordinatua emateko taldea sortu zen; han parte hartu zuten zerbitzuek eta profesionalek ireki zuten orain bete dugun elkarlana”. Haien eta Sakanako zerbitzu guztien hausnarketatik emakumezkoen kontrako indarkeriari aurre egiteko lan arloak zehaztu zituzten. Honakoak dira: “profesionalen prestakuntza, lanaren koordinazioa, emakumeendako informazioa zabaltzea, gizarteari informazioa jakinaraztea”.
Ollok gaineratu zuenez, “Sakanako egoera ezagutzea oso garrantzitsua zela esan zuten, ez bakarrik salaketak edo prozesu judizialak, baizik eta salatu gabeko indarkeria, isiltasunean jasotzen duten emakumeek eta askotan, beste arrazoi batzuengatik, profesionalek ezagutzen dutena”. Altsasuko alkateak azaldu zuenez, “protokoloak horri irtenbide bat eman nahi dio, baina kontuan hartu behar dugu orain hasiko dela benetako lana: protokoloa garatzea eta, ziur aski, garatze horretan aterako diren arazo berriei irtenbide berriak ematea”.
Koordinazioaren garrantzia
Nafarroako Berdintasunerako Institutuko kudeatzaile zuzendari Eva Isturiz Garciak landa eremuan toki erakundeen arteko koordinazioaren garrantzia azpimarratu zuen, “fokua behar den tokian jarriz: indarkeria honen biktima eta hartatik bizirik atera diren emakumezkoak”. Toki erakundeen arteko koordinazioa “lan egiteko modu eraginkorragoa da”. Eta, horregatik, Sakana “berdintasun politika publikoak lantzeko eta indarkeriari aurre egiteko garaian” aitzindaria dela aitortu zuen.
Toki eta foru erakundeak arreta hobea eskaintzeko “askoz hobe koordinatu” beharra dagoela nabarmendu zuen, “egiturazko arazo konplexuari erantzunak emateko”. Baina erakundeen arteko koordinazioaz aparte, jendartea sentsibilizatu beharra dagoela gaztigatu zuen Isturizek, “aurreratu dugun arren, egiteko asko dagoelako”. Gaineratu zuenez, emakumezkoen kontrako indarkeriaren arloa “foru erakundeen betebeharra da toki erakundeekin koordinatzea, arreta eta prebentzio” arloetan. Gaztigatu zuenez, “toki erakundeek berdintasun eta indarkeria gaietan eskumenak dituzte”. Horregatik, arlo guztietan koordinatzeko premia dagoela nabarmendu zuen.
Pandemia betean protokoloa gauzatzeko lana egin izana goraipatu zuen zuzendariak. Osasun egoerak “emakumezkoen kontrako indarkeria eta zaintza krisian fokua jarri du, gehiago nabarmendu araziz emakumezko askok, eta haien ardurapean dauden adin txikikoek, dituzten bizi baldintza zailak”.
Isturizek esan zuenez, “emakumezkoen kontrako indarkeria emakumeei eragiten dieten diskriminazio eta desberdintasunaren ondorioa da. Horiei ikuspegi feminista duen berdintasun politikekin egin behar diegu aurre. Errealitatea eraldatu nahi badugu, hortik ekin behar da. Ezin da bakar-bakarrik arreta eskaini. Beti egon gintezkeen arreta eskaintzen. Eta beti izanen genuke arazoa. Eta arazoaren muina gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasun falta da”.
Sinatzaileak
15 udalak
Sakanako Mankomunitatea.
Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko Gizarte Zerbitzuak.
Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko osasun etxeak.
Osasunbidea.
Nafarroako Gobernuko Berdintasunerako Institutuko zuzendaria.
Eskualdeko koordinazio mahaiko kideak
Hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Genero indarkeriaren Biktimentzako Arreta Integraleko Taldea, hiru osasun etxeak, Altsasuko eta Sakanako Berdintasun Zerbitzuak, Altsasuko Udaltzaingoa eta Foruzaingoa.