Guaixe senidetzea

Ama hizkuntza edo lehen hizkuntza

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko mar. 1a, 14:39

Arbizu sarreran dagoen seinalea.

Unescok izendatuta, otsailaren 21a Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna da. 

Nazioarteko erakundeko arduradunek, gizarte jasangarriak izateko, kultura aniztasunari eta eleaniztasunari garrantzia aitortu diete. Munduko hizkuntza aniztasunaren aldeko aldarria da egun hori. Globalizazioaren eskutik hizkuntza hegemonikoek indar handiagoa hartu dute eta munduko hizkuntza aniztasuna gero eta arrisku handiagoan dago. Unescok dioenez, bi astetik behin hizkuntza bat desagertzen da.

Erakundeak berak aitortu duenez, “ama-hizkuntzek duten garrantzia ulertzeari esker, horietan oinarritutako hezkuntza eleanitzaren arloan lorpenak lortu dira, bereziki lehen ikasketetatik eta eremu publikoan eboluzionatzeko konpromiso gero eta handiagotik”. Bestalde, Unescok berak dioenez, “gizarte eleaniztunak eta multikulturalak beren hizkuntzen bidez existitzen dira, ezagutza eta kultura tradizionalak modu iraunkorrean transmititzen eta zaintzen dituztenak”.

Bi hegemoniko
Euskal Herriaren kasuan bi hizkuntza hegemonikoren eraginpean gaude: frantsesa, iparraldean, eta gaztelania, hegoaldean. Testuinguru horrek guztiak gure hizkuntzari, euskarari, eragiten dio. Mendetan gure gainean dauden estatu-nazioek beraien hizkuntza hegemonikoa ezarri dute. Esan daiteke XIX. mende bukaera edo XX. mende hasierara arte ez zutela lortu. Ordura arte euskal herritar gehien-gehienen artean ama hizkuntza, lehen hizkuntza, euskara zen. Baina betidanik izan dira elebidunak. Frantziaren eta Espainiaren hizkuntza politikaren ondoren, gaur egun, Euskal Herrian ez dago euskara soilik dakien pertsona bakar bat bera ere. Dauden elebakar bakarrak soilik frantsesa edo gaztelania dakitenak dira. Bi konstituzioek hizkuntza horiei aitortza osoa egiten diete. Ondorioz, pertsona elebakar horiek beraien hizkuntzan bizitza normala egin dezakete eguneko 24 ordutan.  

Estatuen hizkuntzen lege markoari erreparatuta, Frantziak oso estu hartu ditu bere lurraldeko hizkuntzak eta apenas dute lege aitortzarik alsazierak, bretoierak, katalanak, okzitanierak, korsikerak eta euskarak. Espainian gaztelania da hizkuntza ofiziala eta herritarrek haiek jakiteko eginbeharra eta erabiltzeko eskubidea dute; eta galiziera, katalana eta euskara ere ofizialak dira zein bere eremuan eta herritarrek haiek jakiteko eskubidea dute; asturiera edo aragoiera, berriz, ez dira ofizialak. 

Euskara
Esan bezala, pertsona elebidunak ere bagaude eta haietako hainbatek etxetik bi lehen hizkuntzak jaso dituzte: euskara eta frantsesa edo gaztelania. Gure ibarrean, Sakanan, 20.000 pertsona bizi gara eta %40 euskalduna da, %16,3 elebidun-hartzailea da (euskara ulertzen du, baina hitz egiteko zailtasunak ditu) eta %43,7 erdalduna da (gaztelaniaz hitz egiten du; ez du euskara ulertzen). Azken multzo horretako askok euskara ikastetxean ikasi dute, edo helduak izan direnean ikasi dute euskara. 

24 orduak euskaraz bizitzea zailagoa da mendetan azpiratua izan den hizkuntza batean. Baina badira herriak zeinetan bizi diren pertsonen %70etik gora euskara dakiten eta haietan hizkuntza bizirik dago, kalean entzuten da. Hori horrela suertatzen den herri eta tokiei arnasguneak deitzen diegu, hizkuntza bizi mantendu eta egunero biziberritzen delako han. 

Gure ibarrean ere harrera egin diegu beste lurralde batzuetako pertsonei. Gaur egun, besteak beste, arabiera, tamazigtha, bulgariera, txinera, urdua, wolofa, serera, mambara, kitxwa, alemanera, errumaniera, portugesa, Brasilgo portugesa, katalana, kaloa edota italiera hitz egiten duten pertsonak bizi dira Sakanan. Ondorioz, hizkuntza eta kultura aldetik ibar gero eta anitzagoa gara. 

Ohar bat. Pertsona helduei estatuek soilik frantsesa eta gaztelania irakasten diete dohainik. Euskara ikasi nahi duen edozein pertsonak, hangoa edo hemengoa izan, pagatu egin behar du. Ekonomia traba ez izateko, ibarreko udalek  dirulaguntza ematen diete euskara ikasi dutenei. 

Zer egin?
Testuinguru horretan euskara moduko hizkuntza gutxitu batek dituen karta apurrak jokatu behar ditu. Horregatik, tokiko erakundeen bidez, hizkuntza eta kultura berriak ekarri dituztenei beraien lehen hizkuntzari eustea animatzen zaie. Baina, aldi berean, lurraldearen berezko hizkuntzara, euskarara hurbiltzeko gonbidapena egiten zaie. Euskarara hurbilduta komunitateko kide izateko lagungarri izanen zaielako. Ohikoena izaten da haien seme-alabek euskararekin lehen harremana hezkuntza sistemaren bidez izatea. Herri horietan helduek eguneroko bizitzan eta lanean topo egiten dute euskararekin. 

Mezu horiek zabalduz, euskara hemen dugula eta kultur ondare hori mantendu eta biziberritu nahi dugula adierazten ari gara. Pertsona eleanitzak izanik, euskaraz bizi eta funtzionatu nahi dugula. Dagoeneko bagara Unescok dioen gizarte "eleaniztun eta multikulturala", eta euskaran oinarritutako hezkuntzaren bidez hizkuntzaren ezagutza gero eta handiagoa da. Gaur egun gure ibarrean haurren %85 euskarazko ereduan daude izena emanda (gaztelania eta ingelesa ere ikasten dituzte). Ezagutza unibertsalerantz goaz, erabilera beste kontu bat da. Hor dugu orain erronka. 

Hirugarren hizkuntza hegemonikoa
Jakina, mundu guztian bezala, ingelesaren hegemoniaren eragina ere gurera iristen da. Gure hizkuntza biziberritzen nahikoa lan dugu. Hegemonikoen arteko lehia ez da gure kontua. Britainia Handirik gabeko Europa batean, hemendik aurrera bitxia izanen da Europar Batasunean agintariak elkarrekin zein hizkuntzan ariko diren ikustea: ingelesez hitz egiten segituko dute? Edo kontinenteko hizkuntza hegemonikoren batera aldatuko dira? Frantziako ministroren bat hasi da bere hizkuntza aldarrikatzen. 

Mundu guztiak elkar ulertzeko erabiltzen duen hizkuntza hegemonikoa da ingelesa. Eta horren jakitun, lehendik zeuden euskara baztertzeko diskurtsoak eguneratu egin dituzte pertsona eta alderdi batzuek. Gure erkidegoan, Nafarroan, jende hori agintean izanik hezkuntzako euskararen ereduaren gorakada moteltzeko ingelesean oinarritutako hizkuntza eskaintza egin zuten. Edo gobernuko edo udal batzuetako lanpostu batzuetan lanera sartzeko prozesuetan hizkuntzen ezagutza oso desberdin baloratu da, ingelesa, frantsesa edo alemana euskara baino gehiago puntuatuz. 

Trabak traba, gure lehen hizkuntzaren, euskararen alde egiten segitzen dugu. Etengabeko ekimen hori guretik munduko kultura aniztasunari eta eleaniztasunari egunero egiten diogun ekarpena da. Gure akats eta gabeziekin ere, gauza handiak lortu ditugu euskararendako. Eta gure ahalegina ikusita, gure artean bizi diren batzuek jabetu dira beraien sorterrian haien ama hizkuntzak zein egoera makurrean dagoen. Hizkuntza guztien beharra baitako Unescoren kultura aniztasun eta eleaniztasun helburuari eusteko. Munduko hizkuntza ekologiaren alde ari gara munduko makina bat tokitan, baita Yucatanen eta Euskal Herrian.