Errepide mantentze lanak ematea onartu du gobernuak

Guaixe 2021ko mar. 19a, 13:41
Kamioiak Sakanako Autobian (A-10).

Aurten bukatzen diren kontratuak berritzeko deialdia eginen du, bost urterako. Epe horretan Larraun, Leitzaldea eta Sakanako errepideetan 15 milioi inbertituko ditu foru administrazioak, hiru autobideetan, berriz, 13,75 milioi euro.

Nafarroako errepide-sarearen bideragarritasun-, segurtasun- eta erosotasun-baldintzei eusteko helburuarekin, aurten amaituko diren beste 6 kontserbazio-kontratu berritzea ere baimendu du Nafarroako Gobernuak. Horietako bi Irurtzungo mantentze zentroari dagozkio, eta bost urterako izanen dira. Guztira 28,75 milioi euro izanen dira. Nafarroako Gobernuak Leitzaldeko, Larraungo eta Sakanako errepideak mantentzeko 15 milioi euro inguru bideratuko ditu eta beste 13,75 milioi, euro, berriz, A-15 Leitzarango, A-10 Sakanako eta A-1 Iparraldeko autobietarako. Lan horiek bi kontratu bidez emanen ditu. 

Bestalde, Lurralde Kohesio Departamentuak 20 milioi euro izanen ditu Nafarroako Errepide Sareko seinaleak, bide-markak eta segurtasun-hesiak berritzeko. Herrialde guztiko errepideetan bide-marrak margotu eta berriz pintatzeko, guztira 9.960.000 euro bideratuko ditu foru administrazioak hainbat kontraturen bidez. Seinale bertikalak eguneratzeko eta berritzeko 6.640.000 euro erabiliko ditu, Nafarroa bi kontratutan banatuta. Azkenik, 4,16 milioi euro bideratuko dituzte segurtasun hesiak jartzeko, berritzeko, mantentzeko eta altxatzeko kontratura.

Kontserbatzeko zentro berria 
Nafarroako Errepide Sarea osatzen duten 3.821 kilometroak zazpi kontserbazio zentroetatik kudeatzen dira: Iruñea, Aoiz, Tafalla, Tutera, Lizarra, Mugairi eta Irurtzun. Nafarroako bide-sarearen mantentze-lanak sistema misto baten bidez egiten dira. Sistema horretan, lanak kontserbazio-kontratuen edo obra espezifikoen enpresa esleipendunek egiten dituzte, dagokien lehiaketa publikoaren ondoren. Obren kudeaketa eta kontrola Kontserbazio Zerbitzuko teknikari funtzionarioek egiten dute beti. Zerbitzu horrek honako eginkizun hauek ditu: Nafarroako errepide-sarea osorik kontserbatzea; sarea ustiatzea eta defendatzea; baimenak eta zehapen-espedienteak izapidetzea; eta Nafarroako Errepideen Katalogoa eta zeharbideen Inbentarioa kudeatzea eta eguneratzea.

Irurtzungo kontserbazio zentroa Trinitate kaleko 19. zenbakian dago. 7.301,77 metro karratuko azalera du eta Irurtzungo Udalak  herriarendako eskatzen du, bertan etxeak eta bestelakoak eraikitzeko. Bestalde, Nafarroako Gobernuak ibilgailu astunendako autobietako bidesariak kudeatzeko enpresa publiko bat sortuko du eta hori Irurtzungo kontserbazio zentro berrian kokatuko dela jakinarazi zuen, hau da, Etxeberriko autobus geltokiaren ondoko larrean.