Bernardo Ziriza Perezek, Lurralde Kohesiorako kontseilariak, jakinarazi duenez, ibilgailu astunentzako bidesariak “pitteka-pitteka” jarriko dituzte Nafarroako bost autobiatan. Zirizak aurreratu zuenez, urtea despeditu aurretik lehen bidesaria Iparraldeko Autobian (A-1) jarriko dute, hau da, Ziordia eta Etzegarate arteko 13 kilometroko ibilbideko punturen batean. Ondorengo urteetan Nafarbide enpresa publikoak kamioiendako bidesariak jarriko ditu Iruñea-Behobia errepidean (NA-121-A), Ebroko Autobian (A-68), Sakanako Autobidean (A-10) eta Leitzarango Autobidean (A-15).
Kontseilariak azaldu zuenez, errepideen erabileraren kanona arautzen duen Foru Lege proiektua bukatzen ari dira. Zirizak gaineratu zuen ere Nafarroako bide-azpiegituretan erabileragatiko ordainketa ezartzeko kudeaketa-sistemen ondoriozko bideragarritasunari eta lehiakortasunean duen eraginari buruzko azterlan bat eginen dutela. Horretarako, 350.000 euro bideratu ditu departamentuak.
Nafarbide, Irurtzun eta Arakil
Enpresa publiko hori arduratuko da kamioien bidesarien ezarpenaren kudeaketaz. Departamentuak enpresa publikoaren estatutuak aurkeztu ditu, eta “ekarpenak jasotzeko irekia” dagoela gaineratu zuen Zirizak. Nafarbidek 3.000 euroko kapital soziala izanen du, hiru partaidetza sozialetan banatuta. Azkenik, kontseilariak jakinarazi zuen Irurtzungo Errepideak Zaintzeko Zentroak egoitza berria izanen duela eta han kokatuko dela Nafarbide. NA-2410 errepidearen eta Irurtzungo A-15 autobiaren lotura gunearen arteko lursail batean egonen da. Errepidetik izanen du sarrera zentro berriak. Hau da, Etxeberriko markesinaren eta gatzontziaren ondoan.
Horrek guztiak esan nahi du Irurtzungo Trinitate kaleko 19. zenbakian departamentuak duen Errepideak Zaintzeko Zentroa lekualdatzetik gertuago dagoela. Nafarroako Gobernuaren lur sailak 7.301,77 metro karratuko azalera du eta Irurtzungo Udalak, aspaldi, herriarendako eskatzen du, bertan etxeak eta bestelakoak eraikitzeko.