Torturari buruzko dokumentalerako ekarpenak egiteko azken egunak

Guaixe 2021ko mar. 19a, 13:56
Arg(h)itzen torturari buruzko dokumentala egiteko ekimenaren logotipoa.

Lau egun barru despedituko da “torturaren errealitateak izan duen sakonera iluntasunetik argietara” ekarri nahi duen Arg(h)itzen egitasmoari diru ekarpena egiteko aukera.

Sakanan gutxienez 149 pertsonaren tortura testigantzak jasoak dituzte. Torturaren eta tratu txarren errealitatea “argitara atera” nahi du Arg(h)itzen egitasmoarekin Axita elkarteak. Sakandarrei hitza emanez azaleratu nahi dute errealitate hori. Lekukotzak dokumentalean jaso nahi dituzte eta hura behar bezala egiteko Verkami plataformaren bidez dirua biltzeko crowfounding kanpaina egiten ari dira. 

10.000 euroko gutxieneko kopurua. Gaur dagoeneko 206 pertsonaren ekarpenekin 11.200 euro jasoak zituzten. Gutxieneko kopurua, dokumentala egoki egiteko helburu aproposa 12.000 euro dira eta kanpaina irauten duen bitartean hori lortu nahi lukete. Horrela, “ekoizpena baldintza hobeagoetan” eginen dugu. Horregatik dei egin diete “torturaren egia argietara ekarri nahi duen guztiei bere ekarpena egin dezaten”. 

Aixita elkartetik adierazi dutenez, “oso eskertuak gaude egitasmoak izan duen harrerarekin. Jende asko da modu batera edo bestera bere babesa eta laguntza helarazi diguna: batzuk sare sozialetan egitasmoa zabaltzen lagunduz, beste batzuk parte hartzen duten elkarte zein eragileen ekarpena bideratuz, egon da ere egitasmoaren alde egitera animatuz bideo grabazioak bidali dizkigutenak”. 

Egitasmoa sustatzen zuen lantaldeko Fran Balda Arañaren heriotzak “bihotzak txikitu dizkigun ezusteko larri bat izan” dela aitortu dute ere. “Orain, arrazoi bat gehiago dugu egitasmoa bururaino eramateko”.