Errigorako eskaerak egiteko epea bihar despedituko da

Guaixe 2021ko mar. 23a, 09:15
Errigoraren auzolanean parte hartu zutenen talde argazkia. UTZITAKOA

Ohiko tokietan edo www.errigora.eus web orriaren bidez egin daitezke eskaerak

Errigorak asteazkenean itxiko du udaberriko kanpaina, Eskutik eskura. Haren bidez Nafarroa hegoalde eta erdialdeko oliba-olio birjina estra (5 litroko bidoiak), arroza, pasta eta kontserbak (12 ontziko sortak) eskatzeko aukera da, despentsa tokiko produktuekin betetzeko. Errigoratik jakinarazi dutenez, "hainbat produktu agortzen hasi dira dagoeneko, beraz, ez ezazu azken ordurako utzi eta eskatu bertako eta kalitate bikaineko jakiok ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta".

Eskaera web orriaren bidez egiten duenak guztia ordaindu edo bi zatitan ordaintzeko aukera izanen du, erdia martxoan eta beste erdia apirilean. Ohiko tokitan eskaera egiten dutenek hura jasotzerakoan pagatu beharko dute. 

Erlazionatuak