Udaberriko Errigora hemen da

Guaixe 2021ko mar. 18a, 10:55

Errigora auzolanean aurrera egiten duen ekimena da.

Martxoaren 24ra arte Nafarroa hegoalde eta erdialdeko oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz eta pasta-sortak eskatu daitezke, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Banaketa apirilaren bigarren hamabostaldian eginen da herrietako ohiko puntuetan.

Bueltan da Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina. Haren bidez “ekoizteko erak alda daitezen, kontsumitzeko moduak aldatzeko bide bat proposatu nahi dugu. Izan ere, gaurko kontsumoaren araberakoa izango da biharko ekoizpena”. Kanpainarako Plateretik baratzera leloa aukeratu Errigorak: “eserita itxaron ordez, aulkitik altxatu gabe egin baitezakegu bidea elikadura burujabetzara: jan dezagun pentsatzen dugunaren arabera. Elikadura sistema bertso bat balitz bezala, has gaitezen plateretik. Bete dezagun tokiko uztarekin. Kontsumi ditzagun eskala txikian ekoitzitako elikagaiak. Eros ditzagun produktu agroekologikoak”.

Errigorak bere jarduna “auzolanean oinarritzen den ariketa kolektibo” gisa definitzen du: “izan ere, ekoizpena eskaerara moldatu ohi da. Kanpaina honen bidez azken urteetan frogatu dugun bezala, taldean arituta, milaka kontsumitzaileren hautu kontzienteek ekoizpenean eragin handia izan dezakete eta elikadura burujabetzaren bidean pausu ederrak eman ditzakegu denon artean. Ikusi dugu hainbat produkturen eskaerak gora egin ahala, nekazari eta transformatzaileen arteko adostasun berriak beharrezko izan direla, alde guztientzat bidezko harremanak ezarriz”. 

Eskaintza
Ohi denez, olioa (5 litroko bidoietan), zainzuriak, pitillo piperrak, orburuak, kardua, menestra, borraja, zerba, potxak, tomatea, kremak, txitxirioak, arroza eta pasta (12ko unitateka) eskuratzeko aukera izanen da, hainbat ekologikoan ekoiztutakoak. Eskaerak www.errigora.eus webgunearen bidez edo 848 871 223 telefonora hots eginez egin daitezke. Ordainketa txartel bidez eginez gero, bi zatitan ordaintzeko aukera dago (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Eskudirutan, berriz, produktuak jasotzean.