Parte hartze prozesuengatik gobernuaren aitortza

Guaixe 2021ko mar. 29a, 14:01
Bakaikuko eta Etxarri Aranazko udaletako ordezkariak Nafarroako Jauregiko lorategian diplomekin. Argazkiak: utzitakoak.

Etxarri Aranazko Udalaren kasuan aitortza plaza inguruan hobetzeko parte hartze prozesuagatik izan da. Bakaikuko Udalaren kasuan, berriz, herriko hausnarketa estrategikoa egiteko parte-hartze prozesuagatik jaso du aitortza. 

Nafarroa Gobernuak herritarren partaidetzarako jardunbide egokien adibide diren erakundeak saritu zituen joan den astelehenean, “demokrazia parte-hartzailea hobetzeko ezagutzak eta tresnak eman dituztenak”. 2018 eta 2019 urteetan lau arlotan landutako jardunbide egoki saritu ditu foru administrazioak, tartean Etxarri Aranazko Udala eta Bakaikuko Udala. 

Etxarri Aranazko Udalak plazako kioskoa birmoldatzeko asmoarekin sortu zuen parte hartze prozesua. Hala ere, azkenean herri guztiarendako mugikortasun-plan bihurtu zen, prozesu parte hartzaile eta ireki baten bidez. Prozesua planteatutako ekintzak gauzatzearekin bukatu zen. Bestalde, Bakaikuko Udalaren udalerriari buruzko hausnarketa estrategikoa egiteko parte-hartze prozesuak gobernantza berri bat planteatzen du udalerriarendako, udalbatzaren eta bizilagunen arteko harreman estuan. Auzotarrek egindako 300 ekarpenen ondorioz, hamar jarduera-ildo ezarri dira.

Etxarri Aranatz 
Maizek gogorarazi zuen duela hiru urte “parte hartze prozesu zirraragarria ekin” ziotela. “Herritarrei galdetu genien nolako herrigunea nahi zuten. Eta hortik urte eta erdiko prozesu bat atera zen”. Haren bidez “gure eremu berriak zein izanen ziren erabaki genuen, oinezkoentzat jartze eta mugikortasun plan orokor bat egin genuen. Baita plazan kioskoa eta estalopea eraiki ere”. Prozesuan parte hartu zuten pertsonei eskerrak eman zizkien, “bereziki talde motorreko zortzi boluntarioei, baita egin genituen lau batzarretan parte hartu zuten herritar guztiei, inkesta edo idatzien bidez egindako ekarpenak ere”. 

Etxarriko alkate ohiak azaldu zuenez, “orduan denok bizi izan genuen zer den elkarlana, zer enpatia, zer den toki desberdinetatik abiatu eta kontsentsu bidez adostasunetara iristea. Ikasgai handia izan zen”. Maizek gaineratu zuenez, “bere burua demokrazia aurreratutzat eta modernotzat duen edozein demokraziak bere herritarren ahotsa zuzenean erdigunean jarri behar du. Bai gurearen moduko prozesu lokaletan, bai beste tamainakoetan ere, esaterako, estrategia plan handiak edota azpiegitura handiak. Eta, jakina, Herriei ahotsa ematea, Herrien estatus politikoa erabakitzeko eskubideari”.  

Bakaiku 
Galartzak bakaikuar guztiei eman zizkien eskerrak lehenik. Baita Sakanako Garapen Agentziari, Emun enpresari eta Nafarroako Gobernuaren parte hartze sailari ere, “bidelagun izateagatik”. Zinegotzi bakaikuarrak esan zuenez, “herri txikiek elkar zaintzen laguntzea errazten duten komunitateak sortzen ditugu. Gainera, gure lurrarekin lotura estua dugu. Errespetatu beharra dago, jasangarritasunean aurrera egiten laguntzen digulako”. 

Bakaikuko zinegotziak herriko arazoetako batzuk zerrendatu zituen: langabezia, lan prekarietatea edota biztanleriaren gutxitzea eta zahartzea. “Horiek ikusirik, hamar urte barruko Bakaikura iristeko bidea parte hartzearen bidez diseinatu genuen, estrategia plana osatuz”. Galartzak esan zuenez, “orain etorkizunerako bidea egitea dagokigu. Horretan, ez dira faltako zailtasunak, akatsak eta ongi egindakoak. Bidea malkartsua izan arren, ortzi muga eta iparra argi dugunean, aldapak leunagoak direla badakigu”. 

Parte hartze aktiboan oinarritutako gobernantza eredu berrien alde egin zuen Galartzak. Bakaikuarrek plan estrategikoan erabakitako proiektuak gauzatzeko finantziazioa ezinbestekoa izanen dela esan zuen zinegotziak Nafarroako Gobernuko arduradunen aurrean. “Auzolanean eta elkarrekin etorkizuneko Bakaiku marrazten jarraitzeko konpromisoa” berritu zuen udal ordezkariak. 

Gobernukideak 
Nafarroako lehendakari Maria Chivite Navascues ek esan zuenez, saritutakoak “politika publikoak, zerbitzuak eta bizi-kalitatea nabarmen hobetzen laguntzen duten kasu zehatzak dira”. Eta gaineratu zuenez, “adimen kolektibotik eta talentuaren eta aniztasunaren sendotasunetik aurrera egin dezakegula Nafarroa hobe batean, gizarte hobe batean”. 

Chivite presidenteak azpimarratu zuenez, garrantzitsua da parte-hartzea neurtzea, “ez bakarrik prozesu edo parte-hartzaile kopuruaren arabera, baita ideia, hausnarketa eta ekarpenen arabera ere, balioaren ikuspegitik. Parte hartzeak lege eta arau hobeak egiten laguntzen duelako, baina baita erabakiak gehiago doitzen eta gizartearen errealitatera eta herritarren beharretara egokitzen ere”, esan zuen presidenteak sarituen aurrean. Sarituen “adibidea” eta “ekarpena” aitortzeaz aparte, gobernuak “elkarrizketan, entzutean eta talde-lanean oinarritutako lidergoak” martxan jarri dituela gogorarazi zuen Chivitek, “deszentralizazioa eta eragileen parte-hartzea aktibo gisa ulertuta”. 

Javier Remirez presidenteorde eta Presidentzia, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak nabarmendu zuenez, saritutako parte hartze proiektuak “indargarri” dira sistema demokratikoan, “esparru publikora iristeko bide berriak irekiz, eta horien bidez gauzatzen da parte-hartze demokratikorako oinarrizko eskubidea”. Remirezek “herritarren partaidetza handiagoa eta ahalduntzea” eskatu zuen, eta azpimarratu zuenez, “proiekturik arrakastatsuenak ekimen kolektibotik, adostasunetik eta bultzada horizontaletik abiatzen direnak dira”. Remirez presidenteordeak azpimarratu zuenez, “parte-hartzearen kultura zabaltzen” ari dela eta “gero eta erakunde eta erakunde gehiago” daudela zeregin horretan.

Jardunbide egokien bankua
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Gardentasunaren Atariaren barruan, jardunbide egokien bankua sortu du eta han sartu ditu astelehenean saritutako bost proiektuak. Bankuak proiektuen dokumentazioa eta bideoak jasoko ditu. Remirezen esanetan, helburua bikoitza da. Batetik, eredugarriak diren partaidetza-prozesuen eta prozesu horiek ahalbidetu dituzten pertsona eta erakundeen aintzatespena mantentzea; eta, bestetik, eredu izatea, beste erakunde batzuek inspirazio-ereduak izan ditzaten.