Herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokiagatik udalei aitortza

Guaixe 2020ko aza. 2a, 12:08
Bakaikun plan estrategikoa ontzeko egindako bileretako bat.

Nafarroako Gobernuak aitortza egin die Etxarriko Udalari plaza inguruan hobetzeko parte hartze prozesuagatik eta Bakaikuko Udalari herriko hausnarketa estrategikoa egiteko parte-hartze prozesuagatik aitortza egin die.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria Javier Remirez Apestegiak herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokien aitortza egin die Etxarri Aranazko Udalari eta Bakaikuko Udalari. Aurrenak plaza ingurua hobetzeko garatutako parte-hartze prozesuagatik jaso du foru administrazioaren aitortza. Hurrenak, berriz, herriaren gaineko hausnarketa estrategikoa egiteko parte-hartze prozesuagatik. 

Remirezek esan duenez, “Nafarroako Gobernuak herritarren parte-hartzea garatzeko konpromisoa hartu du, batetik, demokratizatzeko eta jendartera irekitzeko eta hurbiltzeko bitartekoa delako eta, bestetik, laneko metodologia bat delako, aukera ematen duena elkarrizketa eta deliberazio publikoa sustatzeko gobernantza publikoaren funtsezko baliabideak diren aldetik”. Hori sustatzeko indarrean dan martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legeak, Nafarroako parte-hartze demokratikoari buruzkoa. 

Aipatu legean jasotako neurrietako bat da protokoloak martxan jartzea, aitor daitezen administrazio publikoek, sindikatuek, enpresek eta abarrek herritarren parte-hartzearen arloan dituzten jardunbide egokiak. Aurten 19 hautagai aurkeztu ziren 4 mailatan. Epaimahaiak haiek baloratu ondoren, toki entitateen mailan Etxarri Aranazko eta Bakaikuko udalak izan dira aitortza jaso dutenak. 

Etxarri Aranazko Udalak 2017ko otsailean abiarazi zuen parte-hartze proiektuaren bidez udaletxe parean oinezkoendako zabalgune berria lortu zen. Horrekin batera kioskoa berritu eta hari itsatsitako estalope berria mustu zuten 2018ko abenduaren 22an. Bakaikuko Udalak, berriz, herriko plan estrategikoa egin zuen bakaikuarren parte-hartzearekin. Hiru lehentasun markatu zituzten: etxebizitza, eskolen eraikina eta auzolana. Horri buruzko araudia dagoeneko egina eta herri galdeketan onartuta dago. Eskolak hartu zuten eraikinari buruz erabakia hartzea da asmoa orain.