Torturari buruzko dokumentalerako finantziazioa lortu dute

Guaixe 2021ko api. 7a, 10:50
Sakanan gutxienez 149 tortura kasu zenbatu dituzte. Artxiboa.

Sakanan torturaren errealitatea jasoko duen Arg(h)itzen dokumentalerako 13.035 euro jaso dituzte.

Aixita elkarteak sustatuta, Sakanan torturaren “errealitate lazgarriaren dimentsioa” jasoko duen dokumentala eginen dute. Izan ere, gutxienez 128 sakandarrek pairatutako 149 tortura kasuren lekukotza jaso dute. Elkarteak torturaren gaia azaleratzeko Arg(h)itzen proiektua martxan jarri zuen, eta hura gauzatzeko Internet bidezko finantzaketa kanpaina martxan jarri zuen.

Epea despedituta 242 diru ekarpen jaso dituzte, guztira 13.035 euro. Elkarteak, gutxienez, 10.000 euro jaso nahi zituen eta ikus-entzunezkoa egiteko bilketa egokia 12.000 euro izan zitezkeela adierazi zuen. Azken kopuru hori gaindituta dokumentala eginen duen lantaldea elkarrizketak grabatzen hasiko da orain. Dokumentala heldu den urte hasierarako egina izatea espero dute.