Torturaren ondorioz 14 pertsona hil dira Euskal Herrian

Guaixe 2021ko mar. 29a, 10:58
Torturaren ondorioz hildako 14 euskal herritarrak gogoratzeko ekitaldia Donostian. Argazkia: Egiari Zor.

Egiari Zor fundazioak 14 bizitzak aitortzea eta erreparatzea beharrezkoa dela adierazi du, bizikidetza demokratikoa eraikitzen jarraitu ahal izateko. Torturaren ondorioz hildakoen memoria aldarrikatzeko bideoa egin du.

Donostiako Antigua auzoan egindako lore eskaintza egin zuen asteazkenean, Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Egunean. Ekitaldi horrekin torturapean 1961. urtetik gaur egun arte hildako 14 pertsonak gogoan izan zituen. Horretaz aparte, pertsona horien bizitzak memoriaren parte izatea beharrezkoa dela aldarrikatzeko prestatu duen bideoa aurkeztu zuen. Torturaren ondorioz hildako 14 pertsonen artean Antonio Goñi Igoa etxarriarra dago. 1970ean Donostian Burgosko prozesuaren kontrako manifestazio batean parte hartzeagatik atxilotu eta torturatu zuten. Antoniok ezin izan zuen bizi izandako haren karga berekin eraman eta bere buruaz beste egin zuen.

Egiari Zor fundazioko kideek azaldu dutenez, “gatazka armatuaren ondorioz mota askotako indarkeriak elkar bizi izan dira, min eta sufrimendu handia sorrarazi dutenak. Zorionez, indarkeriaren biktima batzuek zegokien aitortza jaso dute dagoeneko. Aldiz, ez da horrelakorik egon Estatu aparatuek praktikara eramandako indarkeriek kaltetutakoen kasuan”. Torturapean edo torturaren ondorioz hildako 14 pertsonak izan direla nabarmendu zuen, gaineratuz, “tortura basati horien guztien erantzuleek, egile materialek eta erakunde erantzuleek zigorgabetasun osoa izaten jarraitzen dute. Eta nahikoa da jada”. 

Fundazioko kideak azaldu zuenez, “harrituta gaude ikusita oraindik nola ordezkari politiko eta instituzionalek aitzakiak bilatzen dituzten botere publikoek torturatu eta hiltzeko erabakiaren ondoriozko erantzukizun politikoak beren gain hartu ez ditzaten. Indarkeria oro arbuiatzeko jarrera sinesgarria izan dadin, neurgailu bera erabili behar da guztiendako: urraketa bera jasan duten pertsonendako, eskubide berberak”.

Donostiako ekitaldian ziurtatu zutenez, “tortura praktika sistematikoa izan da atxiloketa zentroetan, ondo diseinatutako egitura bati eskerrak. Ez zen, beraz, polizia jakin batzuen kontua izan. Tortura posible egin zuten mediku forentseek, epaileek, abokatuek, komunikabideek, uneko gobernu arduradunek, zenbait alderdi politikoetako buruzagiek…” Egiari Zor fundaziotik “etorkizuneko elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko heriotza horiek, eskubide urraketa larri horiek aitortzea” exijitu zuten.