Toure detektibearen patua

Guaixe 2021ko mar. 29a, 12:14
Jon Arretxe liburuak sinatzen Altsasuko aurkezpenean.

Jon Arretxe Perez Arbizun bizi den idazleak 'Desconfía' azken liburua aurkeztu zuen asteazkenean Iortia kultur gunean. Paris "ilunenean" kokatzen den 'Mesfidatu hitzez' nobelaren gaztelaniazko bertsioa da

Toure Jon Arretxe idazleak sortu zuen detektibe berezia. Burkina Fason jaioa, Bilboko San Francisco auzora joan zen. Auzo hori nobela beltzak kokatzeko ezin aproposagoa dela aitortu du Arretxek behin baino gehiagotan. Baina Toureren ibilbidea ez zen hor gelditu. Bilbon hainbat istorio bizi ondoren, poliziatik ihesi Nafarroako Pirinioko herri txiki batera joan zen detektibe ospetsua. Ondoren, Parisera joan zen. Baina Senaren ertz ederrak eta Eiffel dorrea ikusten den Paris ospetsu horretara; ez. Toure Paris "beltzera" joan zen. Berriz ere, hiriaren ertzetara, auzo pobreetara. Argiaren hirian ere bizitza bilatu beharko du detektibeak.

Mesfidatu hitzez da Arretxek Parisen kokatu zuena eleberria. Oraingoan, gaztelaniazko bertsioa kaleratu du: Desconfía. Cristina Fernandez Blancok egin du itzulpena eta, ohi denez, Ereinek argitaratu du. Asteazkenean liburuaren aurkezpena egin zuen Iortia kultur gunean Altsasuko Liburutegiaren, Arkatz liburu dendaren eta Haritza tabernaren eskutik. Toureren istorioaren errepasoa egin zuen, eta Trumoiaren alaba gazteendako liburua aurkeztu zuen ere.


Jon Arretxe 'Desconfía' liburuaren aurkezpenean, Iortian. 

Kritika soziala da nobela beltza poliziakotik alderatzen duen elementuetako bat. Poliziakoetan hilketa bat gertatzen da, eta protagonistek, poliziek, hiltzailea aurkitzeko ikerketa bat egin behar dute. Nobela beltzean, aldiz, protagonistak beste batzuk dira: hirietako bazterretan bizi direnak eta abar. Kritika sozial "gordina" egin behar dute nobela beltzek, Arretxeren ustetan. Toure detektibearen bizitzan zehar pasatzen duenarekin, kritika hori nabarmena da. Hortaz, irakurleak Tourerekin enpatizatzea lortu du Arretxek, nahiz eta "perfektua ez izan, inolaz ere". Nobela beltzek ere erritmo azkarra izaten dute.

Sanfranetik Parisera
Toureren istorioa Bilboko San Francisco auzoan hasi zen 19 kamera nobelan. Burkina Fassotik etorritako pertsona bat zen eta bertan aurrera egiteko edozer egiten du, eta egiten dituen gauzengatik polizia bere atzetik doa. Auzotik atera gabe, Arretxek 612 euro nobelarekin Toureren istorioa jarraitu zuen. Kritika soziala umorearen bidez egin zuen idazleak. Tourek aurreiritzi guztiak alde batera utzi behar izan ditu, eta edozein lan hartzen du aurrera egin ahal izateko. Kritika sozial handiena sagaren hirugarren liburuan egin zuen Arretxek: Hutsaren itzalak. Toureren egoera eta zirkunstantziak berdin jarraitzen dute.

Estolda jolasak liburuan Tourek hondoa jotzen du, eta deportatzen dute. Nobela honetan idazleak Afrikaren alde bat, ahaztuena, erakutsi zuen. Hurrengo nobelan, Sator lokatzak liburuan, aldiz, Toure San Franciscora, "ghettora", itzuliko da eta betiko lagunekin biltzen saiatuko da. Paperik gabekoen bizitza ongi islatzen du liburuak.

Nobela beltzetako beste ezaugarrietako bat hiriak izan ohi dira. Hirietako bazterretan gertatzen da akzioa, baina Ez erran deus liburuan Arretxek Toure Nafarroako Pirinioetako herri txiki batera eraman zuen. Normalean oso lasaiak izan ohi diren herriak. Ihes egiten iristen da Toure mendietako herrira. Azken nobela, Mesfidatu hitzez edo Desconfía, asteazkenean Altsasun aurkeztu zuena, Parisen kokatu du. Nobela guztiek gaztelaniazko bertsioa dute.

Haurrendako literatura
Altsasuko aurkezpenean Jon Arretxek Trumoiaren Alaba gazteendako liburua aurkeztu zuen. Nobela beltzaren artean badira Lurraren Taupadak, Harresi Handirantz eta Beti Iparralderantz Arretxek haurrendako eta gazteendako idatzitako liburuak ere.

Trumoiaren Alaba Sumatra uhartean kokatuta dago. Abentura nobela bat da eta Batari neskatoak eta Kusuma bere neba txikiak hondamendi baten ondoren bizi duten ibilbide luzea erakusten du. Biek ustekabez eta magiaz beteriko mila abentura eta arrisku biziko dituzte eta bidean ere lagunak egingo dituzte. Besteak beste, naturaren suntsitzea, turismoaren eragina, erlijioen arteko lehiak, umeen trafikoa, mafien lana eta abar azaltzen dira.

Arretxeren lanak

  • Toureren saga
    • 19 kamera (2012)
    • 612 euro (2013)
    • Hutsaren itzalak (2014)
    • Estolda jolasak (2016)
    • Sator lokatzak (2017)
    • Ez erran dus (2019)
    • Mesfidatu hitzez (2020)
  • Haur eta gazte literatura
    • Beti iparralderantz (2014)
    • Harresi handirantz (2015)
    • Lurraren taupadak (2018)
    • Trumoairen Alaba (2020)
  • Nobelak
    • Xahmaran (2009)
    • 7 kolore (2010)
    • Tangerko ametsak (2011)
    • Arrutiren banda (2017)