Duatloia

Mikel Astiz eta Ines Moreno txapeldunordeak Arbizun

Maider Betelu Ganboa 2021ko api. 5a, 11:00

Eguraldi bikaina lagun, 91 duatleta lehiatu ziren Arbizuko Duatloian, eta Mikel Astiz eta Ines Moreno sakandarrak Ander Noainen eta Inma Pereiroren atzetik sailkatu ziren. Hegoi Lakuntza juniorren 5. postuan sailkatu zen

Udaberriko giro eguzkitsuarekin jokatu zen, larunbatean, 23. Arbizuko Duatloia, aldi berean Nafarroako Distantzia Motzeko Duatloi Txapelketa izan zena. Pandemia dela eta, Arbizuko Udalak 120 partaideren muga ezarri zuen eta azkenean 91 duatleta izan ziren Arbizuko proban aritu zirenak. Horietatik 13k ezin izan zuten proba bukatu. Osasun neurriak betetzeko, Olatzea Hotelaren pareko eremu guztia itxi egin zen eta duatleten irteera eta helmuga eta trantsizio guneak edo boxak bertan izan ziren, publikorik gabe. Eta, jakina, aurtengo proba guztiak bezala kronometratutako irteera izan zen; duatletak 10 segundoro hirunaka atera ziren. 

Bi proba jokatu ziren Arbizun. Batetik ohiko proba, Arbizuko Duatloia (8 km korrika -32 km bizikletan-4 km korrika), Nafarroako Distantzia Motzeko Duatloi Txapelketa izan zena, eta bestetik Arbizuko Ibilbide Herrikoia (4 km-16 km-2 km), proba nagusiaren distantzia erdia zuena. Junior mailakoak bertan aritu ziren. Ibilbidea aurreko urteetako antzekoa izan zen, herrian prestatutako 4 kilometroko zirkuitua, eta bizikleta segmentuan 32 kilometroko tartea, tartean Lizarragako portua (750 m) gainditu, eta Etxarritik jaitsita Arbizura heldu behar izan zuten partaideek. Ez zebilen haize askorik, duatletek biziki eskertu zutena, horrek izugarri zailtzen baitu bizikleta segmentua batez ere.

Proba nagusian Ander Noain (Saltoki) eta Inma Pereiro (Saltoki) gailendu ziren nagusitasun osoz. Madrilgo errendimendu altuko gunean trebatzen den Ander Noain gazteak (1:34:20) hegan egin zuen, segmentu guztietan aurrean izan zen eta 4 minutuko tartea atera zion baita ere proba oso ona egin zuen eta bigarren sailkatu zen Ihabarko Mikel Astizi (Donibane, 1:38:29). Joseba del Barrio (Tri-Ur Gazia) izan zen hirugarrena (1:38:55). Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate altsasuarra Top-Tenean sailkatu zen, 6. postuan sartu baitzen, proba ona egin eta gero (1:40:46). 

Partaide gehienek aitortu zuten bizikleta ondoko korrikako azken segmentua egin zitzaiela gogorrena, baita Ander Noain txapeldunak ere. Noainek aitortu zuen lasterketa “oso polita eta oso gogorra” zela, azken segmentua bereziki. Madrilgo errendimendu altuko gunean aritzen den 22 urteko triatletak Aste Santuko buelta probestu zuen Arbizuko proban aritzeko eta apirilaren 18an Melillan jokatuko den Europako Kopa prestatzeko. Aitortu zuenez, bere entrenatzaileak zehaztutako denborak bete zituen, eta trantsizio guztietan aurrean izan zen. Oso pozik zegoen garaipenarekin. 

Emakumezkoetan, aurreko astean Altsasuko Duatloia irabaztetik zetorren Inma Pereiro 48 urteko beteranoa lehenengoz aritu zen Arbizun, eta “lasterketa ederra” iruditu zitzaion. Pereirok bi minutuko aldea atera zion Ines Moreno altsasuarrari (Lea, 1:59:30), eta Maialen Elia izan zen hirugarrena (2:01:39). 

Sakandarrak podiumean
Nafarroako Distantzia Motzeko Duatloi Txapelketako txapelduna Ander Noain izan zen eta Mikel Astiz txapeldunordea. Bestalde, Sergio Garcia de Eulate beteranoen 1. mailako txapelduna izan zen. Emakumezkoetan Inma Pereiro izan zen txapelduna, Ines Moreno txapeldunordea eta Silvia Perez beteranoen 2. mailako txapelduna. Beraz, sakandarren dantza izan zen Arbizuko podiumean. 

Arbizuko Ibilbide Herrikoia
Arbizuko Herri Lasterketari dagokionez, Saltokiko Julen Andueza (49:27) eta bere taldekide Claudia Martinez (1:00:52) izan ziren garaileak. Saltoki taldea, beraz, Arbizuko protagonista izan zen. Sakandarrei dagokienez, Sakana Triatloi Taldeko Iñaki Alvaro 5. postuan sailkatu zen (54:38) eta Hegoi Lakuntza altsasuarra 11. postuan sartu zen, juniorren mailan 5.a (58:54). 

Sakandarrak Arbizuko Duatloian. Sailkapena.
* Arbizuko Duatloia. Absolutua (8 km-32 km-4 km)
Gizonak:
1.Ander Noain 1:34:20
2.Mikel Astiz 1:38:29
6.Sergio Garcia 1:40:46
29.Ivan Sobredo 1:54:15
31.Jose Ignacio Mikeo 1:55:27
34.Juan Carlos Gomez 1:56:09
40.Mikel Lakuntza 1:57:56
41.Juan Luis Maiza 1:58:01
67.Luis Flores 2:20:53

Emakumeak:
1.Inmaculada Pereiro 1:57:25
2.Ines Moreno 1:59:30
11.Silvia Perez 2:21:46

* Arbizuko Ibilbide Herrikoia (4 km-16 km-2 km)
Gizonak:
1.Julen Andueza 49:27
5.Iñaki Alvaro 54:38
11.Hegoi Lakuntza 58:54
15.Luismi Chaves 1:03:13
18.Jon Lapuente 1:04:47

Emakumeak:
1.Claudia Martinez 1:00:52

*Oharra: Sailkapenean ez da duatleten jaioterria jasotzen. Hortaz, gerta daiteke zerrendan sakandarren bat ez agertzea. 

 

Erlazionatuak

Arbizuko Duatloiak irudi ederrak utzi zituen

Maider Betelu Ganboa 2021 mar 29 Arbizu