Noizbehinka jabetzen gara eguraldia aldatu dela. Iragarritako klima aldaketa. Eta datuek erakusten dute Europarako egindako klima bilakaeraren aurreikuspenetan jasotako joerak betetzen ari direla Euskal Herrian ere. Ikerlariek ondorioztatu dute gurean klima aldaketak hiru ondorio izanen dituela: tenperatura igoerak, uholdeak eta lehorteak.
Nafarroako Gobernuak klimaren bilakaerari buruz egindako ikerlanean hiru fenomenoak baieztatu ditu. Hidrografia aldetik Nafarroa bitan banatzen da, Kantauri itsasora, Atlantikora, isurtzen duten ibaiak eta Mediterraneora isurtzen dutenak. Gure ibarreko mendi batzuk ur banaketa lerro horren zati dira. Aipatu ikerketaren arabera, berotze handiagoa gertatu da tenperatura maximoetan Kantauri isurialdean, Pirinioetako ibarretan eta ur banaketa lerrotik hegoaldera kokaturiko ibarretan. Iruñetik behera berotzea jaitsi egiten da. Bestalde, tenperatura minimoen bilakaera homogeneoagoa da Nafarroa guztian.
Datuek ikerlariei esan diete 1980tik aurrera nabarmen handitu dela egun beroen eta gau beroen kopurua. Gainera, mende hasieratik urte askotan igo da egun eta gau beroen portzentajea, %50etik %80ra, 1961-1990 urteekin alderatuta. Beste datu bat, 1990az geroztik, askoz ere urte gehiagoetan izan dira bero boladak. Gainera, azpimarragarria da bero boladak luzeagoak izan direla. 2003ko bero boladak 18 egun iraun zituen. Ondoren ere izan dira bero boladak: 2013an eta 2015ean. Bestetik, gurean ohikoa izaten da neguko gau izarratuen ondoren izotza egitea eta dena txuri argitzea. Aipatu ikerketaren arabera izotz egunen kopuruak behera egin du nabarmen joan den mendeko 90eko hamarkadatik aurrera.
Laburbilduz, bilakaera joerek aurreikusten dute tenperaturak igoko direla, ugarituko direla bai bero boladak, bai egun eta gau beroak eta izotz egun gutxiago izanen dela. Gainera, prezipitazio-erregimena Mediterraneoaren antzekoa bihurtuko da, hau da, aldakortasun handiagoa denboran eta euri motetan; dena den, badirudi, urteko prezipitazio maila konstante mantenduko dela, %5-10eko jaitsierarekin. Euria kontzentratuago egiteak, jakina, uholdeak dakartza. Hemen edo arroan behera, Ebro ibarrean. Bero boladak edo lehorraldiak luzeagoak izanen dira.
Gertu ere bi ondorio izanen ditugu klima aldaketagatik. Poloen urtzearekin itsasoaren maila igoko da, eta gaur egun ezagutzen dugun kostaldean ondorio handiagoak utziko dituzte olatuek. Kantauri itsasoko hondartzak inguru ahulenen artean kokatu dituzte ikerlariek. Bestetik, urte guztian elurrez eta izotzez estalitako Pirinioetako parajeak, glaziarrak, 30 urtetan desagertuko dira.
Gizarte- eta ekonomia-inpaktuak
Klima aldaketak ingurumenean ondorioak eraginen ditu. Baina baita jendearengan eta ekonomian ere. Ekosistemetan izanen diren inpaktu horien ondorioz munduan barna hainbat ondorio izanen dira, esaterako: biodibertsitatea galduko da eta azaleko eta lurrazpiko ur baliabideak gutxituko dira. Horrek eragin zuzena du nekazaritzan eta abeltzaintzan: plagak, lurren higadura… Hau da, klima aldatzean milioika pertsonen elikadura iturriak arriskuan egonen dira edo, okerrenean, desagertu eginen dira. Bestela esanda, gosea. Eta elikadura desegoki bati lotutako gaixotasunak. Jende gehiago hilko da. Baina aipatutako ur faltarena ere arazo larria izanen da milioika pertsonarendako eta haien osasunarendako. Osasuna guztiok balio handitzat dugu. Eta klima aldaketak arriskuan jarriko du gu guztiona.
Gehitu horri ekosistemetan izanen diren aldaketa handiak: beroaldiak, lehorteak, muturreko euriak, uholdeak, luiziak, aire kutsadura… Aurreko guztiaren ondorioa da hainbat herrialdetan ekonomia hazkundea motelduko dela, pobrezia handituko dela. Hau da, klima aldaketak gosetea ekarriko du munduko txoko askotara. Eta, ondorioz, bizimodu hobearen bila pertsonek migratu eginen dute. Bestelako ondorioa da baliabideak eskuratzeko eta kontrolatzeko sortuko diren gatazkak. Ura da haietako bat.
Klima aldaketak natur baliabideen agortzea ekarriko du eta, horrekin batera, nekazaritzaren errendimenduaren beherakada. Ondorioz herrialdeen arteko desoreka handiagoa izanen da. Eta abiapuntua argia da: herrialde batzuk ahalmen txikiagoa dute ondorio horiei guztiei aurre egiteko. Nekazaritzan eta abeltzaintzan klima aldaketak izanen dituen eraginak agerikoak dira. Baina basoetan ere izanen dira aldaketak, basoari lotutako jarduera guztiei eraginez. Eta itsasoan, arrantzari eraginez. Industriak dauden kokaguneak klima aldaketaren ondorioz pertsonendako bizigarriak izaten segituko dute? Nola jokatuko du energiaren sektoreak? Energia berdea etiketa bat baino gehiago izanen da? Eta finantza zerbitzuak zer inpaktu jasoko dute klima aldaketarekin. Argi dagoena da klimak eragindako ondorioak larriagoak izatean zailagoa eta garestiago izanen da hainbat tokitan ondasunak aseguratzea. Ironikoki, klima aldaketari ekarpenik egin ez dioten herrialdeak pairatzen hasiak dira dagoeneko ondorioak.
Goian aipatutako guztiari genero ikuspegia gehitzen badiogu zein litzateke emaitza? Ziurrenik klima aldaketak ez die berdin eraginen gizonezkoei eta emakumezkoei. Eta nola eraginen dio klima aldaketak hizkuntza ekologiari? Hainbat faktorek bat egitearen ondorioz gaur egun munduko makina bat hizkuntza desagertzeko zorian daude. Klima aldaketak eragindako migrazio batek edo ekosistema baten suntsiketak hizkuntza komunitateak desagerrarazi edo mundu-ikuskera gabe utzi ditzake.
Gure ibarrean, Sakanan, fosilak opatzeko toki aproposa da. Ugarien agertzen dena harri txiki borobil bat da, bere gainean itsas izar bat duena. Euskal Herria garai batean itsaso tropikal baten hondoa izan zenaren lekukotza da. Planetan izan diren klima aldaketak naturak eragindakoak izan dira. Azken honena ez, ardura osoa gurea da.