Gobernuak guardetxeko lanak aurten eman nahi ditu

Guaixe 2021ko api. 21a, 09:38
Duela 12 urte bota zuten Aralarko guardetxea. Argazkia: utzitakoa.

Basozainaren egoitza hartuko lukeen eraikina egiteko lanak aurten eman nahiko lituzke foru administrazioak. Aurreikusitako bi eraikinetan txikiena eraikiko omen da.

Nafarroako Gobernuak 2009ko apirilean bota zuen Aralarko guardetxea. Ordutik han jasoko den eraikinen berri ematen duen argibide oharra besterik ez dago. Bi eraikinez osatuta dago foru administrazioak zehaztutako proiektua. Alde batetik, basozainaren bulegoa izanen dena dago, 87 metro karratuko eraikina izanen litzakeena. Bestetik, 150 metro karratuko eraikin nagusia legoke, besteak beste, taberna, interpretazio gela eta turismo bulegoa hartuko lituzkeena. 

Aralar Elkarteko presidente Patxi Xabier Razkin Sagastibeltzak jakinarazi duenez, “Maria Chivite Navascues presidenteak esan digu aurten eginen dutela basozainen bulegoaren lanen deialdia. Horretarako, 125.000 euro daudela esan zuen”. Aurretik Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Itziar Gomez Lopezek esana zien deialdia 137.000 eurokoa izanen zela. 

Kopuru batekin edo bestearekin, hirugarren aldia izanen da Nafarroako Gobernuak guardetxeko lanen lehen fasea emateko deialdia eginen duena. 2018an lanen truke 81.121,34 euro eskaini zituen eta enpresa bat bera ere ez zen aurkeztu. 2019an lanak 112.000 euroren truke atera ziren eta deialdia hutsik gelditu zen. 

Europa 
Nafarroa Ezagutu Sarea da naturagune babestuak kudeatzen dituzten entitate eta pertsonek osatutako sarea da. Bertan dago Aralarko Elkartea. Guardetxerako duten egitasmoaren berri jaso dute Razkinen bidez. Eta sarekideei interesgarria iruditu zaie. “Eraikin nagusia, 400.000 euro inguruko kostua lukeena, Europako dirulaguntza deialdi batera aurkeztu daitekeela esan dute. Aukerak aztertzen ari dira”, azaldu du elkarteko presidenteak. 

 

Erlazionatuak

Guardetxe berria udarako

Erkuden Ruiz Barroso 2018 urt 19 Sakana