Duela ehun urte ere herria itxi zuten

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko api. 29a, 13:50
Etxarri Aranazko plazaren ikuspegi zaharra. Argazkia: www.etxarriaranatz.eus

Herrialdean barna nafarreria gaixotasun kasuak agertzen hasi ziren, eta Etxarri Aranazko Udalak jakin zuenean Lizarragan gaitzarekin gaixotutakoak zeudela, zaindariak jarri zituen herri sarreran.

Gertuko norbait hiltzea latza da. Kolpea handiagoa da hildakoak senide bat baino gehiago direnean. Eta pandemia egoera betean ingurukoak gaizkitzen ikusteak kezka sortzen dizu. Eta larritu egiten zara bere osasun egoerak okerrera egin duela jakitean. Eta pentsamendu beltzak etortzen zaizkizu. Eta buruko errota lanean hasten da, uste okerrenak behin eta berriro ehotzen. Egoera hainbesterainokoa da, pertsonen arima oraindik gehiago ez kolpatzeko, hil ezkilak jotzeari uzten zaiola. Hainbesterainokoa da egoera medikuak eta apaizek gaixoak artatzera ez direla iristen. 

Marka-marka eginda gelditu zitzaien etxarriarrei 1918ko gripea. Gogor jo zuelako pandemiak eta 123 etxarriar hil zituelako, populazioaren %7,9. Zenbat senide, zenbat lagun, zenbat aldamen, zenbat sufrimendu… Beraz, ez da harritzekoa hiru urteren ondoren, herrialdean nafarreria gaitzaren kasuak agertzean, Etxarri Aranatzen kezka zabaltzea. Horregatik, Lizarragan nafarreriarekin gaixotutako zenbait pertsona zeudela jakin bezain laster, Etxarri Aranazko Udalak “aho batez” erabaki zuen: “nafarreria gurean zabaltzeko prebentzio neurri gisa lizerratarrei debekatzea Etxarri Aranatzen sartzea”. Erabakia 1921eko maiatzaren 14an hartu zuen udalak. 

Rafael Carasatorre Vidaurre ikerlariak Etxarri Aranatz 1900-1940 liburuan jaso duenez, Martin Angel Liciaga, Francisco Echarri eta Fernando Goya zaindari jarri zituzten, gau eta egun. El Pensamiento Navarro egunkariko korrespontsalak maiatzaren 22an argitaratutako kronikan, azokaren berri emateaz aparte, zera jakinarazi zuen: “Alkate jaunak, nagusien aginduak betez, herritar guztiak txertatzea eta birtxertatzea agindu du, horrela nafarreriaren inbasio bat bera ere saihesteko (…) Eta agindu hori betez, gaitza agertuko den beldurrez, eskolako haurrak txertatu dira eta herri guztia txertatzen segitzen da; gripearen zigor beldurgarriaren oroitzapen tristea baitugu”. 

Garagartzaroaren 11an Etxarri Aranazko Udala bildu zen eta, jakin zutenez Lizarragan nafarreria gaitza ia erabat desagertu zela, erabaki zuten zaintza hilaren 13an kentzea, eta hala lizerratarrek herrian sartzeko aukera izatea. 

Txertaketaz 
Artetxe eta Aranburu’tar Iñaziok Napar-eriya eta txertaketa izenburuko artikulua argitaratu zuen Donostian argitaratzen zen Argia astekarian 1921eko maiatzaren 15ean. Artetxek zioenez, “zorionez, gaurko egunetan ez da ikusten ainbeste eta ainbeste arpegi itxusiak, napar-eri edo baztangak utzitako ageri nabarmen orren bitartez”. Aurreko artikulu batean jakinarazi zuen gaitzaren jatorria ezezaguna zela. 

Artikulugileak hala segitu zuen: “¿Zer da txertaketa? Beyaren errapeitan oneri asaldatuko gaitz baten ‘pasmua’ edo sorna esartzia gizonari. ¿Zertarako? Gaitz ori gogor aurka egiten oituta egon dadin gure soñeko odola; gero napar-eriya, nola ta baidan erabateko zamarra txertaketa-eriyakin, sartu, esarri, eziñik izan dadin ‘gorputzian’”. 

Artetxek gaztigatu zuenez, ‘Jener’ medikua txertaketaren asmatzailea zela. “Bañan lenago baziran gaitz orren berri zekitenak; Rusia-aldean du txertuak sorterriya. Ango gizonak, ez osagileak, baizik edozeinek, jakiñian egonik zekiten, ugaldua egonarren baztanga, txerto kutuz igurtzitzen bazuben sauriren bat, beyak jaixten zituztenian, ondorenian ez zutela izango napar-eririk”. Eta azalpenekin segitu zuen: “Geroztik, Jenner izendatuak ikasiyaz obeto, erakutsi zuan txertagaitzaren biarra baztanga aldamentzeko, eta gizaldiyak gogortzeko eta garbitzeko”. 

Duela mende bateko txertaketaren irizpideen berri eman zuen artikuluan: “Gaur egun agindua dago txertatzia bost urtetik bost urtera”. Orduan ere txertatzearekin zalantzak edo kontrako jarrera izanen zituen jendea izanen zen Artetxeren artikuluan ondorioztatzen denez: “bañan… ¿zein, noiz eta noizko txertatzen zarete? Ez bildurtu gaitz xamur orrengatik; ez begiratu gaitz orri oxagilearen eginkisun txoro bati bezala; ez parrerik egiñ, ez españak okertu eta begiyak ‘kiñutu’, baztanga, lotsagarriya da gutxiyenian, geyenian negar biziya laga oi duana; txertua berriz, egun batzubetako egopena. Bataerne eta bestiaren alderdiyan begiratuaz erabaki…”

Erlazionatuak

1918ko dolu egunak

Alfredo Alvaro Igoa 2018 aza 30 Sakana