Zeinek ez du lagunekin kukuka, kuriketara, estalketara edo ezkutaketan jolastu? Eta harrapaketara? Sokasaltoan ibili zinen sekula? Eta goma luze haiek? Parez pare jarri, bien hankak inguratzen zituen gomak. Mugimenduekin “amarauna” sortzen zen eta handik pasa beharra zegoen gero! Eta tiza edo obra bateko kisu zati batekin zeinek ez du lurrean irudiak eta zenbakiak marraztu ondoren txingara jolasteko?
Intsekturen, parasitoren, bakterien edo onttoren batek haritzen orri edo enborretan koxkorrak sortzen ditu, kurkubia edo kuku-sagar. Borobilak dira eta garai batean haiekin kurkubiken aritzen ziren, kaniketan. Gure garaian kristalezkoak ziren, koloretakoak, eta marrazkidunak ziren batzuk. Nahiz eta bakarren bat, aldian behin, batek daki nondik sortutako metalezko errodamendu txikiekin aritu nahi izaten zuten.
Txorromorroan jolasten. Argazkia: www.pcnen.com
Astoa edo Txorromorro
Bi haur talderen artean jolasten da, talde bat astoa izanen da eta bestea bere gainera salto eginen du. Jokoaren helburua da asto gisa daudenak salto egile izatera pasatzea eta saltolariak salto egiten segitzea. Jokoa hasteko haur bat, buru edo epailea, paretaren kontra zutik jartzen zen eta gero haren hankartean taldeko jokalari batek burua sartzen zuen. Eta bata bestearen atzean makurtuta kokatuz ilara edo astoa osatzen zuen taldeak.
Beste taldekoek astoaren gainera salto egin behar zuten, lurrera erori gabe. Behin denak asto gainera saltatu ondoen, epaileak bere eskuko bost behatzetako bat jartzen du lehenengo astoaren bizkar gainean eta txorro, morro, piko, tallo, ke adierazita, lehenengo astoak bizkarrean jarrita duen atzamarra asmatu behar du, aurreko bost izen horietako bat aipatuz. Asmatuz gero astoa zen taldea salto egitera pasatzen zen eta alderantziz. Beste bertsio batean, epaileak kaxulika, tijerica, kaxulon esaten zuen eskuekin haien itxura egiten zuen bitartean (esku bateko ahurra, eltze txiki bat bezala, bi behatz gurutzatuta eta bi esku ahurrak elkarrekin eltze handia irudikatuz).
Salto egiten dutenetako batek lurra ukitu edo asto baten hankari heltzen dionean ere, salto egiten dutenak asto izatera pasatzen dira. Jolasak arintasuna eta indarra behar ditu aldi berean: komeni da lehenengo astoa mutil indartsua izatea, salto egiten dutenen pisuari eusteko. Salto egiten duten lehenak arinak izatea komeni da, asto ilaran ahalik eta urrutien salto egin eta beste taldekideei lekua uzteko.
Garaian garaikoa
Udaberriarekin batera barraskiloak ateratzen ziren. Haiek bildu eta jateko prestatu aurretik egun batzuetan jan gabe izaten ziren animaliak, barruan zuten zikinkeria botatzeko. Barraskilo gosetu haietako batzuk hartu eta haiekin lasterketak egiten genituen espaloietan tizaz inprobisatutako pistetan. Haien martxa estimulatzeko parean landareren baten orriak jartzen genizkien. Baina oso zaila zen barraskiloek ibilbidea zuzen egitea.
Eraikuntza lanen bat etxe ondoan suertatuz gero, masa egiteko baliatzen zen harea pila gure jolastoki bihurtzen zen langileak ez zeudenean. Gure besoek luzeran ematen zuten guztiaren adinako tunelak egiten genituen harean, gure jostailuzko auto txikiendako ibilbideak sortzen genituen, gora eta behera haiekin ibiltzeko. Harea pila besterik ikusten ez zuten helduek, eskala txikian geuk eraikitako urbanizazioa zen guretako. Jakina, etxera harez goraino zikinduta iristen ginen. Euri zaparraden ondoren, batzuetan, urari bidea emateko “ubideak” egitea izan zen gure entretenigarria.
Udazkenean herriko plazako zuhaitzak kimatzen zituzten. Bildu eta eraman aurretik lurrean gelditzen ziren zuma haiekin eta edozein sokarekin arkuak egiten genituen, filmetako indio haien pare ibiltzeko. Punteria aski trebatua genuen udatik, orduan egindako tirabikeekin edo tiragomekin. Y itxurako egur adarra, goma bat (auto edo bizikleta baten kamera zatia) eta larru zati bat (oinetako zahar batekoa) behar genituen, jaurtigaiak edonon zeuden harri txikiak ziren. Eta jomuga, momentuan iruditzen zitzaiguna.
Neguan, elurra egiten zuenean, aldapen bila jotzen genuen eskuan plastiko bat genuela. Hura ipurdian jarri eta elurretan kanala zabaltzen genuen. Behin elur hura ongi zapatuta, plastikoa ipurdi azpian genuela, geure burua aldapan behera botatzen genuen, ziztu bizian. Egun lerekin aritzen dira.
Garai batekoak
Gure gurasoek, aiton-amonen jokoetako batzuk ere ezin aipatu gabe utzi. Zoztaka makil nahiko lodi eta gogorra da. Jokalari bakoitzak haietako bat zuen sarketakan jolastean. Batek berea lurrera indarrez bota eta han sartuta uzten zuen. Besteak beraien zoztaka bota eta lurrean sartu bai, baina, aldi berean, ahalegintzen ziren beste jokalariaren makila lurrera botatzen. Lurra heze zegoela jokatu behar zen, jakina.
Jose Mari Ustarrozek kontatua da Uharte Arakilgo haurrak Geinbera larreko aldapan irristeak egiten jolasten zirela: “neguan batez ere, lohia zegoen garaian. Halako kanal txiki bat egin, han bi hankak sartu eta handik irristatu, goitik behera. Euririk ez baldin bazegoen, lehor xamar bazegoen, pixa egin, 'engrasetarako'. Trenbideko aldapa horretan ere ibiltzen ginen”. Pantaloi bat baino gehiago ez zen etxera osorik iristen.
Pirrinka deitzen zaio burdinezko pieza borobilari, pertz edo kupel bati kendutakoa (bizikleta baten gurpilaren metalezko zatiak ere balio zuen). Metalezko uztai hori bueltaka jartzeko makil, burdin edo alanbre bat erabiltzen zuten (pirrinkatea) eta, horrela, kalean aurrera pirrinkan ibiltzen ziren.
Atxaldiño edo txirrintxonketan behi aziendaren gurdiarekin jolasten zuten, hara igota eta oreka mantenduz edo. Azienda lotzeko habea hausten ez zutenean…
Altsasun festan kukaña jartzen zuten eta parte-hartzaileen erorikoak arintzeko behean ira edo ixtor meta jartzen zituzten. Hortik hartuko zuen iraulka izena jokoak. Herrietako festetan ere antolatzen ziren zaku lasterketak edo aulkiaren jokoa.
Jolaserako tabak. Argazkia: eu.wikipedia.org
Arkumeen hanketako hezur batzuk, tabak, jolasteko erabiltzen zituzten ere. Hezur horiek lau alde dituzte. Makina bat jokatzeko modu daude. Haietako bat da tabak hartu eta mahaira edo lurrera bota. Gero beste taba bat eskuan hartu eta airera bota eta erortzean hartu beharra zegoen. Taba hori airean zegoen bitartean lurrean zeuden beste taba guztiak posizio berean jarri behar ziren, lehenik alde bat, gero bestea, hurrena eta azkena. Behin hori eginda, prozesu bera jarraituz, taba airera bota bitartean, lurrean zeuden gainontzeko tabak jaso behar ziren. Eskuan zeuden tabetako bat erori edo airera botatzen zena hartzen ez bazen, berriro hasi beharra zegoen. Denak jaso eta txanda galtzen ez duenak irabazten zuen.