Aritzalko basoa faunarendako zubibidea

Errepideak eta autobiak bitan erdibitzen dute Aritzalkoko basoa.

Nafarroako Gobernuak Aralar eta Urbasa-Andia abereendako lotzeko autobia gaineko zubibidea egiteko Europako dirulaguntza eskaera egin du. Bi mendien arteko ekologia konektagarritasuna bermatu nahi luke gobernuak.

Europako Batasunak (EB) Next Generation funtsak sortu ditu “Estatu kide guztiei bermatzeko suspertze jasangarri, uniforme, barneratzaile eta bidezkoa”. Funts horien barruan React-EU laguntza-programa dago. Eta horietara Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hiru proiektu aurkeztu ditu, behin-betiko argi berdea jasotzeko zain daudenak. 

Itziar Gomez Lopez kontseilariak azaldu duenez, aurkeztutako hiru proiektuek “‘Navarra Green’ izeneko Nafarroako Trantsizio Ekologikoaren Estrategian barne hartu genituen, Europako Hitzarmen Berdearekin lerrokatutako sei osagai finkatuz, jarduketa ezberdinen oinarri modura, helburua izanik proiektu isolatuak izan beharrean garapen jasangarriaren eredu berri baterantz aurrera egiteko estrategia bat erabiltzea”. 

Ekologia pasabidea 
Aurkeztutako egitasmoetako bat da Sakanako Autobiaren (A-10) eta NA-2410 errepidearen gainetik eginen litzatekeen faunarendako pasabide bat. Etxarri Aranatzen legoke, Aritzalkoko hariztian. 100 eta 120 metro arteko luzera luke pasabideak. Abereendako autobia gaineko pasabidearen helburua litzateke Urbasa eta Aralarreko mendilerroen artean existitzen den faunaren barrera fisiko nagusiena salbatzea; honek Aritzalkoko hariztiaren bi eremuak konektatuko lituzke. 

Gomez kontseilariaren esanetan, “jarduketa honekin kontserbaziorako garrantzi handiko ekologia konektagarritasunaren arazo bat konpondu nahi da Natura 2000 Sarearen eskakizunak betetzeko helburuarekin”. Gomezek gaineratu zuenez, “jarduketa hori 2030erako EBren Biodibertsitatearen Estrategiarekin lerrokatzen da eta, gainera, ekonomia berraktibatuko luke, dimentsio horietako obra publiko batek egin dezakeen heinean”. Bere eraikuntza aurrera eramateko 5 milioi euroko finantzaketa bat eskatu du departamentuak.

Barrera efektua 
XX. mendeko 90. hamarkada erdialdean Sakanako Autobia egitean eta hura hesituta egotean, Aralar eta Altzania eta Andia eta Urbasa arteko mugikortasuna asko zaildu zen basoko animaliendako. Lehendik ere NA-2410 errepidean eta trenbidean harrapatuta animalia bat baino gehiago hiltzen ziren. Azpiegitura horiek ibarraren ondoan abereen mugikortasunerako hesi efektua sortzen dute. Bestalde, Nafarroako Gobernuak Sakanako Autobiako (A-10) itxiturak aldatu egin ditu, altuagoak jarriz, ia bi metrokoak eta zulo txikiko sarea jarriz. Etxarren eta Lakuntza artean aldatu du hesia azken bi urtetan. 

Eta Abiadura Handiko Trena (AHT) beste hesi bat izanen litzateke. Ibilbide proposamenetako bat Iruñea eta Gasteiz Sakana guztian barna joanez lotuko lituzke. Aukera horren arabera AHTko trazadura ibarraren hegoaldetik joanen litzateke Urritzola eta Etxarri Aranatz artean eta Aritzalko pasa berritan iparraldera eginen luke Bakaikun. Autobia azpitik pasako litzateke tren azkarra, “tunel faltsu baten bidez”. 

Harrapaketak  
Kontuan izan behar da hilkortasun erreala handiagoa bada ere, foru administrazioak 1998tik 2019ra Sakanako Autobian (A-10) harrapatutako animalia hauek opatu zituzten: 29 basurde, 25 orkatz, 24 lepazuri, 22 azeri eta 21 azkonar. Kopuru txikiagoan, basakatuak, katajinetak, erbiak, lepahoriak, bisoi europarrak eta igaraba bat.

Erlazionatuak

Sakana zeharkatuko lukeen AHT ibilbidearen azalpena

Sakana

Sustapen Ministerioak abiadura handiko trenaren, AHTren Nafarroako korridorea eta Euskal Y lotzeko bi proposamen egin zituen. Batek, H alternatibak...
Autobian hesia aldatzen

Sakana

Egungoaren ordez ia bi metro luze eta zulo txikiko sarea jartzen ari dira.