Aldapan gora, Izan Bidea

Guaixe 2021ko api. 29a, 19:34
PResoen eskubideen alde tontorretara igotzeko deialdia egin du Sarek.

Sarek Euskal Herriko 650 mendi tontorretatik presoen etxeratzea aldarrikatuko du maiatzaren 8an. www.650tontor.sare.eus webgunearen bidez eman daiteke izena parte hartzeko.

Lastailaren 3rako aurreikusita zuen Sarek mendi igoera kolektiboa egitea. Baina orduko eguraldi latzak ekimena atzeratu zuen, eta plazetan egin ziren elkarretaratzeak. Eta aldarrikapena bere horretan jarraitzen duenez, urruntze-politika bertan behera uztea eta gradu-progresioa aplikatzea preso guztiei, maiatzaren 8rako deia egin du. Egun horretan Euskal Herriko 650 tontor igotzeko deia egin du Sarek. Haietako 17 Sakanan daude. 

Izan Bidea dinamikaren baitan kokatutako ekimena da tontorrena. Mendi gainetatik “presoak etxera itzultzeko bidearen hasiera” aldarrikatuko dute. Horretarako, Izan Bidea dinamikak euskal herritar adina km ibiltzea du helburu, hau da, 3.127.326. Dagoeneko “euskal presoen egoera konpontzea eta bizikidetza eta bakea lortzeko bidean aurrera egiteko” ia-ia milioi bat km bete dira. Sareko kideek diotenez, “gero eta gehiago garelako ibiltarien sare hau osatzen dugun eta kilometroak egiten ari garenak”. 

Ziurtatu dutenez, Izan Bidea dinamikak “ideologia askotako pertsonak elkartzea lortu du, eta, gizarte-aktibazioa eta erakundeetan egindako lana uztartuta, argi daukagu egoera hau behin betiko konpontzea lortuko dugula”. Sarekideek gaineratu dutenez, “bide hori garatzen jarraituko dugu. Adostasun politiko eta sindikalen aktibazioa, sozietate zibilarekin batera. Helburua lortzeko modu bakarra bidea elkarren ondoan egitea baita”. Eta helburua da: urruntze-politika desagertzea eta presoak eta erbesteratuak Euskal Herrira itzultzea, eta gradu-progresioa aplikatzea, salbuespenik gabe. Hau da, egunero-egunero presoen eta haien senideen eskubideak urratzen dituen salbuespen-erregimena desagerraraztea.

Erlazionatuak