Aurtengo aurreneko artile bilketa

Guaixe 2021ko mai. 10a, 08:31
Mankomunitatearen hondakinen tratamendu plantan pala artilea hartzen. Artxiboa.

Astelehenetik asteazkenera, 07:30etik 14:00etara, Arbizuko Hondakinen Tratamendu plantara eraman beharko dute artzainek. Haiendako arazo bihurtu den hondakin horri irtenbide egokia emateko aukera izanen dute.

Sakanako Mankomunitatearen Hiri Hondakinen Zerbitzuak joan den urteko agorrilean estreinakoz artilea jaso zuen. Zehazki, 31 sakandarrek eramandako 24.360 kilo artile jaso zituen zerbitzuak. Esperientzia hori ikusita, ardiak dituzten sakandarrekin harremanetan jarri dira zerbitzuko hezitzaileak jakiteko ardiei ilea noiz moztu behar zieten. Jasotako erantzunen arabera erabaki dute heldu den astean artilea jasotzeko hiru egun zehaztea. Baina zerbitzuan ez dute baztertzen aurrerago data gehiago zehaztea. 

Garai batean artileak erabilera ugari bazituen ere, gaur egun artzain askok ez diote irtenbiderik opatzen eta gaizki pilatu, lurperatu edota erre egiten dute. Hiri Hondakinen Zerbitzuak horretaz jabetuta, zerbitzua eskaini nahi die artzainei. Artilea, ahal bada zakuetan sartu gabe, Arbizuko hondakinen tratamendu plantara eraman beharko dute aipatu egunetan. Hango baskulan pisatu ondoren, horren araberakoa ordaindu beharko dute artzainek. Zakuetan eramaten dutenek, handik atera beharko dute artilea.

Zerbitzuak artilea Artaxoako Ecofert Sansoain SM enpresara eramanen du, han konposta egiteko egituratzaile bezala erabil dezaten. Prozesu horrekin, hondakina lehengai bihurtu eta ekonomia zirkularra sustatzen da, ardien ilea ongarri bihurtuta. Artzainek pagatutako dirua enpresen tasari aurre egiteko baliatuko da. 

Silo plastikoa 
Aziendaren jatekoa moztu eta kontserbatzeko belar bolak plastikoz bilduta ikustera ohitu gara. Neguak aurrera egin ahala halako gero eta bola gehiago jaten dituzte abereek, eta plastikoa pilatzen zaie abeltzainei. Hura egoki tratatzeko Arbizuko hondakinen tratamendu plantara eraman daiteke. Eramandakoa pisatu eginen da eta haren araberako tasa pagatu beharko da garraio eta kudeaketagatik. 
 
900 730 450
Doako telefono horretan Sakanako Mankomunitateko hezitzaileek hondakinen kudeaketari buruzko informazioa eta azalpenak ematen dituzte. 

Erlazionatuak