Kontzejuak Errozko zubia zabaltzea nahi luke

Guaixe 2021ko mai. 13a, 11:27

Errozko zubia zabaltzea nahi luke Urritzolako Kontzejuak.

Herrira joateko errepide bakarrean dago zubia eta, estua denez, autoak eta furgonetak besterik ezin dira pasatu. Kamioiek, elurra kentzeko makinek eta nekazaritzako ibilgailuek dermioko bidetik joan behar dute herrira.

Urritzolako Kontzejuko ordezkariak Arakilgo Udalekoekin bildu dira berriki. Urritzolarrek bilerara eraman zituzten gaien artean herrirako NA-7065 tokiko errepideko zubia zegoen. Arakil ibai gainean dagoen zubiak 83 metro luze eta 3 metro zabal ditu. Gainera, bertatik 12 tona baino gutxiago duten ibilgailuak pasa daitezke. 

Urritzolako Kontzejuko presidente Fermin Mariñelarena Iraizozek azaldu digunez, "zubiaren zabalera handitzea nahi dugu eta, horrela, handik hondakin bilketako kamioia, elurra kentzekoa edo nekazaritzako makineria handia (zisternak, uzta makinak, fardo-makinak) pasatu ahal izateko. Azken horiek udan ibaitik pasatzen dira". Bestela, tamaina handiko ibilgailu horiek dermioko bidetik joan behar dute Urritzolara. Mariñelarenak nabarmendu duenez, "horren ondorioz bidea hondatu egiten da, eta duela urte batzuk 40.000 euro gastatu behar izan genituen bidean". 

Tramitazioa hasi berria
Kontzeju buruak azaldu duenez, "Arakilgo Udala Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuarekin harremanetan jarriko da zubiak kultura babesen bat duen jakiteko. Eta, horren berri jaso ondoren, Herri Lan Departamentura joko du zubia eskatzeko eskaerarekin". Arakilgo Udalak egindako eskaeraren berri jakinarazi dio Errozko Kontzejuari. Mariñelarenak jakinarazi duenez, ez da aurreneko aldia foru administrazioari zubia zabaltzeko eskaera egin diotena, kontzejuak duela 20 urte pasa ere egin zuelako. 

Urritzolarrek Egillorren halako zerbait egin dela azaldu dute. Izan ere, joan den urte hasieran mustu zuten zabaldutako zubia. Lehendik zegoen harrizko zubiaren paralelo, eta hari erantsita, zubi berri bat egin zuten, egitura bakar baten itxura egiteko. Eta, bestetik, jatorrizko zubia zaharberritu zuten. Izun ere antzeko zerbait egin zuten. 

1953 
Urte hartan izandako uholdeak Errozko zubiaren erdiko arkua suntsitu zuen. Zubia erabilgarri egiteko zementuzko berrikuntza egin zuten. Harrizko beste lau arku ditu zubiak eta iparraldeko aldean haiei dagozkien zubi-bularrak ditu eraikuntzak.