Hazien zaintza sarea sortzear

Guaixe 2021ko mai. 10a, 09:53
Emakumezkoa kuiatxo landarea begiratzen. Argazkia: Arakilgo Udala.

Arakilgo barazki barietateen hazien ugaltze, zaintza eta banaketarako topaketa egin zen Ihabarko kontzeju-etxean ostiralean.

Ibarreko nekazariek erabilitako 70 landare barietate jaso zituen joan den urtean Arakilgo Udalak. Horretarako propio bertako barietateak, bioaniztasun haziak egitasmoa martxan jarri zuen. Oihana Olaberria Jaka alkateak azaldu duenez, “jendea sentsibilizatzen ari da bioaniztasunaren berreskuratzearekin, klima aldaketarekin… Arakilen nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin lotutako ezagutza handia dago eta galtzen ari zela ikusten genuen. Eta bioaniztasun pila oso denbora gutxian galdu da. Horregatik, udalean uste genuen proiektua beharrezkoa zela”. Proiektua lantzen bi urte darama Arakilgo Udala eta joan den urteko ilbeltzean abiarazi zuten. 

2020an aipatutako ezagutza jaso eta ibarrean irauten duten barietateen bilketa egin zuten. Agroekologian aritzen den Arrea enpresa kontratatu zuen Arakilgo Udalak, “tokiko ezagutza lantzen du. Proiektu dezente egin ditu. Konfiantza handia ematen zigun bere lan egiteko moduak eta horregatik jo genuen haiengana”. Arreako teknikari bat Arakilgo 12 herrietatik pasa zen eta hainbat arakildarri elkarrizketa egin zien, nahiz eta pandemiak erraztasunik ez eman. Ibarreko jende larriarekin egon zen teknikaria. “Ordu askotako lana, elkarrizketa lasaiak. Batez ere ezagutza jasotzeko”. Haziak ere eskatu eta jaso dituzte. Ezagutza hori guztia gida edo liburu batean jasoko du Arakilgo Udalak, aurki argitaratzea espero duena. “Guri interesatzen zaigu jendeak hori izan eta erabiltzea”. 

Alkateak azaldu duenez, “jendeak izugarrizko harrera ona egin digu herri guztietan. Oraindik ere jendea udaletxera etortzen da haziekin, ganboikoan opatutako kutxaren batean opatuak, edo telefonoz deitzen dute esanez zer duten, edo interesagarria izan daitekeela”. Arreako teknikariek haziak gorde, sailkatu eta ikertzen dituzte. Eta orain haziak ematen dituztenengana joko dute teknikariek informazio eske. 

Ikastaroak 
Joan den urtean txertaketei eta haziak gordetzeari buruzko ikastaroak antolatu zituen Arakilgo Udalak. Olaberriak azaldu duenez, “Aurten, berriz, jasotako ezagutza hori zabaltzen ari gara, eta ikastaroak egiten ari gara”. Dagoeneko gaztainondoei eta beste txertaketa mota batzuei buruzko ikastaroak antolatu dituzte. Eta ostiralean barazki barietateen hazien ugaltze, zaintza eta banaketarako topaketa izan zen Ihabarren. Ostegunean, berriz, alubiei buruzko jardunaldia hartu zuen Uharte Arakilgo udaletxeak. Alde batetik, David Ruiz (Elkea) babarrunen laborantza ekologikoaz hizketatu zen. Eta, bestetik, Errioxako Angianoko Babarruna egitasmokoek tokiko babarrun eta baba barietateen balioa aitortzeko estrategien berri eman zuten. 

Erlazionatuak