Mugitzeko garaia heldu da

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mai. 10a, 12:27
Altsasu BHIko ikasleak eta Dantzaz taldeko dantzariak 'Basoak' emanaldiaren ondoren.

Hirugarren urtez Dantzabideak dantza erresidentzia egin dute Dantzaz taldeko kideak Altsasu BHIko eta Andra Mari ikastolako ikasleekin. 'Basoak' ikuskizunean erresidentziari amaiera eman zioten. 

Basoak Dantzaz taldearen ikuskizun bat da. Gurs kontzentrazio esparruan gertatutako istorioa batean oinarritu dira lana sortzeko, eta ongi etorri, konfinamendu eta lokatza izeneko atalez osatuta dago. Aurreko ostiralean, Dantzaren nazioarteko egunaren hurrengo egunean, Altsasu BHIko bigarren mailako lau ikasle taldek Basoak ikuskizuna egin zuten, astean zehar sortutako koreografiekin. Oholtzara salto! Programaren Dantzabideak jardueraren barruan egindako erresidentziaren amaiera izan zen, eta kasu honetan Dantzaz taldea "teloneroak" izan ziren, protagonistak ikasleak zirelako. Andra Mari ikastolako hirugarren mailako ikasleek ere parte hartu zuten erresidentzian, baina Etxarriko perimetro itxieragatik ezin izan zuten emanaldian egon. Aurrerago, herrian bertan Basoak ikuskizuna eginen dutela aurreratu zuten.

Dantzaz elkartearen helburua dantza sustatzea da. "Horregatik saiatzen gara beti horrelako egitasmoak egiten", azaldu du Fernando Saenz de Ugarte taldeko zuzendariak. Hirugarren ikasturtez etorri dira Sakanara: "Oso lan polita egiten dute, alde batetik, talde lana irudikatzen dutela: hiru herri elkarlanean aritzen dira. Bestetik, gure lanaren baitan ere elkarlana dago". Oholtzara salto eta Dantzabideak programa Etxarri Aranazko, Altsasuko eta Olaztiko Udalek antolatzen dute, eta arte eszenikoak gazteei gerturatzea eta herrietan sustatzea du helburu.

Mugimendua
Dantza erresidentziaren oinarria ikasleen sorkuntza eta mugimendua sustatzea da. Talde lanaren bidez eta Dantzaz taldeko dantzari profesionalen laguntzarekin koreografia bat sortu behar dute gazteek. "Dantzan aritzea guztientzako zerbait hurbila da, baina oso gutxitan praktikatzen da. Baina egiterakoan, oso gertukoa da". Gainera, programa honen bidez gazteek dantzariak ezagutzen dituzte eta haiekin harremanetan egoten dira, "ikusten dute ez direla pertsona arraroak". Erresidentziaren azken egunean sortutako koreografiak familiaren eta "komunitatearen" aurrea egin behar dituzte, emanaldi bat sortuz. Dantzaz taldeak parte hartzen duen arren, protagonistak ikasleak dira, "publikoa ikasleak ikustera etorri da". Osagarri guzti horiekin "zerbait oso polita" sortzen da.

"Guztiok ez daukagu oso landuta gorputzarekiko harremana. Egiten dugun kirolaren arabera arau oso zehaztuta ditugu, baina ez dugu gorputz osoko lanketa bat egiten, integrala". Ikasleen dantzarako ahalmenaz hitz egiten, Saenz de Uraldek dio "denetarik dagoela", eta ez dela bakarrik mugimendua kontuan hartu behar; beste faktore bat sartzen da jokoan: sorkuntza. "Izan daiteke mugimendurako dohain handiak ez izatea, baina sormena izugarria izatea". Lehenengo egunean "gatazka handiak" egoten direla aitortu du -"nik ez dut egin nahi, begira zer egin du horrek..."-, baina bosgarren egunerako "bat-batean" dantza sortzen da. Mugimenduak ikasleak sortutako dira, kasu batzuetan Dantzaz taldeak egiten duen mugimenduaren antzekoa izan daiteke, baina bestela "haiek proposatutakoak" dira. Koreografiak taldean egindakoak dira eta oso koralak, "guztiek aukera dute haien tartea izateko eta eszenatokian bakarrik ez sentitzeko laguntzen du".

Urte zaila
Pandemia egoeragatik, "zailtasun handiak" izan dituztela aipatu du Saenz de Ugartek, eta horregatik oso eskertua agertu da Oholtzara salto! programa aurrera ateratzeagatik. Elkarlanaren adibidea dela aipatu du dantzariak. Etxarri Aranazko, Altsasuko eta Olaztiko Udalek antolatzen duten ekimen bat da, eta Nafarroako Kutxa eta La Caixa fundazioen eta Nafarroako Antzoki Sarearen laguntza jasotzen du. Elkarlana dago ekimenaren atzean: "Sakanako adibidea oso ona da hiru udal elkartu direlako baliabideak handitzeko eta jende gehiagori iristeko", azaldu du Ramoni Lopez Antzoki Sareko idazkari teknikoak. Hortaz, fundazioek 110.000 euro jartzen dituzte, eta udalek 40.000 euro, azaldu du Izaskun Azkonak fundazioen izenean. Aurrekontuaren zati handi bat dantza sustatzeko bideratzen da. Bestetik, programaren barruan antzerki forumak eta tailerrak ere egiten dira.

Erlazionatuak