D ereduan matrikulatzeko gonbidapena

Guaixe 2021ko mai. 17a, 14:59

Gizonezkoa silletarekin kalean gora. Artxiboa.

Ikastetxeetan 2 eta 3 urteko haurrak aurrematrikulatzeko epea gaur zabaldu da eta ostiralera arte hala egonen da. Euskara Zerbitzuak gurasoak haien txikiak D ereduan matrikulatzera animatu ditu.

Gurasoek seme-alabak ikastetxean aurrematrikulatzeko garaia bertan da. Horrekin batera, gurasoek beraien txikiendako nahi duten hizkuntza eredua aukeratzeko garaia ere bada. Eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak gurasoak D ereduan matrikulatzeko gonbidapena egin die. Gurasoek zalantzarik izan ez dezaten euskarazko eredua hautatzeko hainbat arrazoi eman ditu. 

D ereduaren alde egin nahi duten guraso askoren zalantza da haiek euskara ez dakitela. Euskara Zerbitzuko teknikariek gogorarazi diete euskaraz ez dakiten guraso askok hautatu dutela D eredua. Gainera, “milaka haur eta gaztek ikasi dute D ereduan”. Euskara Zerbitzutik ziurtatu dutenez, “gehiago dira euskara eskolan ikasi dutenak, etxean ikasi dutenak baino”. Ikas prozesuari ere erreparatu diote, izan ere, “hizkuntzak barneratzeko unerik aproposena haurtzaroa da”. 

Gehiago
Aldi berean, euskara teknikarien iritziz, “euskara umearen etxeko hizkuntza ez izatea ez da traba euskaraz ikasi eta etxeko lanak egin ahal izateko”. Etorkizunera begia ere jarri dira. Batetik, “eskolan ikasi ez dituen beste hizkuntza batzuk helduaroan ikasteko erraztasun gehiago dituzte haur eleanitzek”. Bestetik, “D ereduan ikasten dutenek aukera gehiago izanen dituzte eremu profesionalean”. 

Azkenik, Euskara Zerbitzuko teknikariek gurasoei azaldu dietenez, “euskaraz jakiteak ingurua sakonago ezagutu eta ulertzeko aukera” ematen duela. Gaineratu dutenez, euskarazko  harreman sozialak, kultur produktuak, aisialdiko jarduerak eta bestelakoek euskal komunitateko kide egiten dituela hiztunak.

Horregatik guztiagatik, Euskara Zerbitzutik diotenez, D eredua aukeratzeko “ez zaigu arrazoirik falta”. Arrazoi horien guztien berri ematen duten eskuorriak aurrematrikula garaian haurrak dituzten etxeetara bidali dituzte. Argudio horiek, gaztelaniaz, arabieraz, frantsesez, ingelesez eta euskaraz irakurtzeko aukera izanen da. 

Lanbide Heziketa 
Lan mundura begirako ikasketak egin nahi dituztenek maiatzaren 17tik 26ra dute izena emateko aukera.