Bioaniztasunaren zaintza sarean daude 35 arakildar

Guaixe 2021ko mai. 20a, 08:54

Udaberrian baratzean ereitekoak diren hamaika hazi mota banatu zituzten hilaren 7an eta udazkenean garai horretako haziekin gauza bera eginen dute. Fruta arbolen zaintzaileak ere badaude.

Baratzean ereite eta landatze garaia dela baliatuz, tokiko bioaniztasuna mantendu eta ugaltzeko sarea gauzatzeko pausoa eman zuten Arakilgo Udalak, Sakanako Garapen Agentziak (SGA) eta Arrea elkarteak maiatzaren 7an. Helburu horrekin 15 bat pertsona elkartu ziren Ihabarko kontzeju etxean ostiralean. Sakanako agroekologia eskolaren saioko parte hartzaileek haziak modu egokian ugaltzeko oinarrizko prestakuntza jaso zuten: espezieen ugaltze mota desberdinak ezagutu, hibridazioak ekiditeko gomendioak jaso, hazia gordetzeko fruituak nola aukeratu, nola garbitu eta kontserbatu, eta abar. 

Arakilgo Udalaren Bertako barietateak, bioaniztasun haziak ekimenarenak ibarrean hainbat hazi jaso zituen. Eta, bestetik, XX. mendeko 80ko hamarkadan Sakanan jasotako haziak eta CITa eta CRF gernoplasma banku publikoetan zeudenak ere eskuratu zituzten. Ihabarren udaberrian baratzean ereiteko moduko 11 barietateetako haziak banatu zituzten, esaterako: “eper begi” babarruna, lekatarako indaba beltz eta txuria (landare baxukoak), "txoporra" babarruna, Krispilla zuria letxuga, Lakuntzako txitxirioa, eta abar. 

SGAko elikadura teknikari Nerea Viana Zugadik azaldu duenez, “Ihabarren izan zirenez aparte,  beste hainbeste pertsona ari dira zaintza taldean parte hartzen, guztira 35 bat pertsona dira. Zaintza taldean baratzeko barietateez aparte hainbat fruta arbola barietateren zaindariak ere badaude” gaineratu du teknikariak. Vianak aurreratu duenez, “hurrengo hazi banaketa udazkenean izanen da, udazkeneko eta neguko barietateen banaketa egiteko balioko duena. Gainera, proiektuaren eta agroekologia formakuntza eskaintzaren markoan jardunaldi eta saio gehiago aurreikusita” dituztela jakinarazi du. Azkenik, azaldu duenez, alubien eta lekaleen laborantza ekologikoari eta Errioxako Angianoko alubiari buruzko jardunaldia egin zen Uharte Arakilgo udaletxean ostegunean. Jakingarri guztiak 10 bat pertsonak entzun zituzten. 

Erlazionatuak