Joseba Garmendia Albarracin

"Sakandarrek ez dute baloratzen prozesuak izan duen arrakasta"

Guaixe 2021ko mai. 27a, 14:27
Joseba Garmendia Albarracin Altsasuko azokan. Artxiboa.

Joseba Garmendia Albarracin tokiko garapenari buruzko doktore tesia prestatzen ari da. Alde teorikoarekin batera, praktikaren atala ere badu. Azken horretan Sakanak azken 11 urteetan bizitako prozesua azaltzen du. 

Duela hamarkada bat pasa Sakanan bizi izandako prozesua bertatik bertara ezagutzen du Garmendiak, buru belarri sartuta ibili baitzen. Bere behatokia baliatuta, ibarrak egindako ibilbidea hizketagai izan du. 

Sakanako krisi mahaia sortu zen, ondoren etorriko ziren garapen agentzia eta plan estrategikoa. Barruan ibili zinen. Nola ikusi zenuen bilakaera hori? 
Uste dut sakandarrak ez direla konturatzen ibarrean egindako prozesu guztiaz. Ez da baloratzen izan duen arrakasta, zein azkar egin den eta zein emaitza lortu dituen.  

Eta zergatik uste duzu horrela dela? 
Esaten dute euskaldunok ongi produzitzen dugula, lan fina egiten dugula, baina oso saltzaile txarrak garela. Ez dakit umiltasun faltsu batengatik edo, ez dugula egiten. Hemendik denbora batera ikusiko dugu prozesua zein garrantzitsua izan den. Ez dakit jendea kontziente den zer egin den eta zer zaila izan den. Gogoratzen dut 2008an eta 2009an, krisi bete-betean, langabezia izugarri igo zen, 2.000 langabetura (apirilean 1.215 langabe zeuden). Gizarte tentsioko egoera batean lortu zen hainbat eragile aritzea larrialdi mahaian. Zeuden sindikatuak, enpresariak, udalak, Sakanako Mankomunitatea, alderdi politiko guztiak, gizarte eragileak. Inork ez zuen sinisten hausnarketa prozesu horretan. Inork ez zuen sinisten historikoki liskartsuak izan direlako harreman guztiak: sindikatuak enpresariekin, sindikatuen artekoak, alderdi politikoak beraien artean, gobernuen artekoak, udalek beraien artean… Inork ez zuen sinisten handik zerbait atera zitekeenik. Eta atera zen! Gainera, adostasun nahiko eta neurtu batekin. Hori 2011ko azaroan izan zen. 

Horrek zer ekarri zuen? 
Orduz geroztik orain arte egin dena izan da, lehenik eta behin, oinarriak jarri, arkitektura bat eraiki. Hor funtsezko bi elementu daude: Sakanako Garapen Agentzia eta Sakanako Plan Estrategikoa, bide orri bat planteatzen duena. Gero lotu ahal izatea Nafarroako Gobernuarekin akordio bat, finantzaketa batez ere. Zeren garapen agentzia batek baliabideak ez baditu, nekez egin dezake aurrera. Eta momentu honetan sei edo zazpi langile daude lan fin bat egiten. Emaitzak ikusten ari dira. 

Normalean prozesu hauek luzera begira egon behar dute. Esaterako, orain Goiekira joaten bazara esaten dizute: “2008ko krisia hobe eraman genuen 90eko hamarkadako krisiaren ondorioz egindako lanagatik, garapen agentziagatik-eta”. Emaitzak ematen ditu. Batzuk ez dira ikusgarriak. Baina ekartzen duena da enpresa asko sendotu ahal izatea, elkarlanean funtzionatzea, erronka handiagoei eutsi ahal izatea, lurraldearekiko sustraitze prozesuak (batzuk emozionalak) sustatzea… 

Gauza horiek ez dira ikusgarriak. Baina garapen agentziaren bueltan gauza ikusgarriak daude: Dinabide; Lizarragako mikro sarea; e-Hiera berrikuntza prozesua; Irurtzunen enpresek inbertsioa egin eta 200 lanpostu sortu dituzte; Etxarri Aranazko hiltegian eraldaketa gunea eraikitzen ari dira; Nafarroako Gobernutik inbertsioetarako ekarri duen dirua; foru administrazioaren eta Sodenaren inplikazioa garrantzitsua izaten ari da eta, eskertzekoa, behingoz, aurretik izandako Nafarroako Gobernuekin eskualdea, neurri batean, baztertua sentitu baita; turismoan eta udalek ez dakit zenbat euro aurreztu dituzten energia arloan energia berriztagarrien eta eraginkortasun neurrien bitartez. Horietan guztietan garapen agentzia aktibo garrantzitsu bat izan da.   

Denborarekin gero eta joera handiagoa egonen da, hala espero dut behintzat, beste eragile batzuk dinamika horretan apustu irmoagoak egiteko. Garapena sustatzearen ardura udalak bustitzen baditu, udal batzuek badute jarrera ekintzaile hori, proiektu gehiago sortaraziko ditu. Horiek ibarrarendako izanen dira. Eta, beste aldetik, enpresen artean ere. Badagoelako enpresari belaunaldi bat autosufizienteak direnak, beti autosufizienteak izan direlako. Nik uste dut konturatu behar direla gaur egungo testuinguruan elkarlana funtsezko faktorea dela. Batez ere, mikro enpresa eta enpresa txikietan. Dauzkaten ahuldadeak gainditu ahal izateko. Hori elkarlanaren bitartez egiten da edo, bestela, etorkizuna beltza izan daiteke. Hori orokorrean, gauza partikularrak egon baitaitezke. 

Zerk du garrantzia halakoetan? 
Horrelako prozesuak lurralde konkretuetan ezartzeak eskatzen du arduraren motxila eskualdeko eragileek hartzea. Hori ere Sakanan azpimarratzekoa da. Sakanan 2008-2011ko mentalitatea zen Nafarroako Gobernuari eskatzea eta eskatzea. Hori beharrezkoa da. Baina 2011n dagoen mentalitate aldaketa hori, gero galtzen joan dena. Eta hor egon dira Batuta, Sakantzen Sarea eta beste esperientzia batzuk. Egin dutena da: “ados, Nafarroako Gobernuari eskatu behar zaio, berak garapena sustatzeko konpetentziak eta diru baliabideak dituelako. Baina, horretaz aparte, hemengo eragileek ere zerbait egin dezakegu”. Nik uste dut “zerbait egin dezakegu hori” funtsezkoa dela.  

Leako gerenteak eta Zeraingo esperientziako arduradun Jakoba Errekondok ez zuten elkar ezagutzen. Haiekin hitz egiten, biek esan zuten, oso-oso garrantzitsua dela, gakoa dela, autoestimua. Sinistea posible dela, sinistea bide onetik goazela. Uste dut, neurri handi batean, sakandarrok hori lortu dugula.