Joseba Garmendia Albarracin

"Arnasguneetan garapen endogenoa beharrezkoa da"

Guaixe 2021ko mai. 26a, 14:33
Joseba Garmendia Albarracin UEMAren jardunaldian aurkezpena egiten. Argazkiak: Utzitakoak.

Arbizu eta Etxarri Aranatz kide diren UEMAk antolatutako Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz jardunaldia antolatu zuen Donostian, ilbeltza akaberan. Joseba Garmendia Albarracinek han eman zuen bere lanaren berri, eta sakandarrei orain. 

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa bulkatzeko, euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza handitzeko eta Iñaki Arregi euskaltzalea omentzeko, haren izena duen ikerketa beka sortu zuen. Lehen deialdian Garmendiak (ekonomialaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea) saria eskuratu zuen Tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologia lanarekin; lan teorikoa, udalerriak garatzeko estrategien ingurukoa.  

Nolaz aurkeztu zinen? 
Lehendik UEMArekin eta Udako Euskal Unibertsitatearekin harreman batzuk izan nituen. Tokiko garapenari buruzko kezka zegoela argi eta garbi zegoen. UEMAk barne prozesua egin zuen beste erakunde batzuekin, Gipuzkoako Foru Aldundia eta beste. Udalerri euskaldunen gaiari sozioekonomiatik heltzeko kezka eta gogoa nabari zen. Ni lan akademikoa eta praktikoa gaiaren inguruan egiten ari nintzenez, aurkeztea erabaki nuen, eta baliagarria baldin bada, ongi. 

Zein da lanaren helburua? 
Lehenik, sarrera bezala, udal euskaldunen eta arnasgune diren herrien sozioekonomia azterketa xumea egiten da. Eta ondorioa da udalerri horietan hiru erronka daudela, eta hirurak bateragarriak izateko garapen eredu jakin bat sustatu beharko litzatekeela: garapen endogenoa. Berezitasun batzuk ditu. Azken hiru hamarkadetan akademia literaturan hainbat korrontek erreparatu diote gertutasunari, tokiko ezaugarriei (identitatea, kohesioa…) eta aldagai positiboak dira lurralde konkretuetan sozioekonomia garapena sustatzeko orduan. Eta, bestetik, nire praktikan edo ibilbidean ikusi ditudanak. Teorian, akademiaren ikuspuntutik, ezinezkoak liratekeen garapen prozesu batzuk posible izan direla ikusi dut; oso baldintza kaskarretan egon izan diren lekuak, zentroetatik oso urrun, gaizki komunikatuak… Akademia ortodoxoak esaten dituenaz aparte, garapena arrakastatsu bihurtzeko beste patroi batzuk daude. Faktore horiek guztiak ateratzen saiatu naiz. Azkenik, garapen endogenoko estrategia bat zerotik eraikitzeko metodologia proposamena egin dut, inguru horietarako edo edozeinetarako baliagarria dena. 

Faktoreak eta hiru erronka aipatu dituzu. 
Lehenik, esan beharra dago udalerri euskaldunak eta arnasguneak kontsideratzen direnak (herri txikiak), berez, ez dutela inolako berezitasunik euskaldunak ez diren beste edozein herri txikirekin. Ekonomia garapen estrategia puruak diseinatu eta garatzeko orduan, ez dago desberdintzen dituzten sozioekonomia ezaugarririk. Halako herriendako halako eredu propio bat behar dela esaten duenik ez dago. Soziolinguistika arazorik ez duten beste herrietan ere planteatu daiteke. 

Bigarrenik, udalerri euskaldunek daukaten berezitasuna da hiru erronka dituztela: sozioekonomikoa, demolinguistikoa eta soziokulturala. Hiru horiek bateragarriak izateko garapen endogenoa beharrezkoa da. Esaterako, udalerri txiki hauetako batean planteatu daiteke kanpoko enpresa bat ekartzea, kolpean 200 lanpostu sortuko dituena. Horrek gure etorkizun materiala ziurtatuko du, baina, ekartzen duen arriskua da gure izaera propioa galtzea, kulturalki eta linguistikoki ahultzea eta abar. Orekak lortzeko garapen endogenoa planteatzen da. 

Euskaltasunak tokiko ekonomia estrategian ekarpena egin dezake. Nola? 
Hizkuntzak, euskarak, bi norabideetan jokatzen du. Batetik, garapen estrategia bat aurrera ateratzerakoan definitu behar diren ekintzetan ebaluatu behar da ere horrek demolinguistika eta soziokulturako erronketan izanen duen inpaktua. Eta, bestetik, beste dimentsio batean, euskarak, kulturak eta abarrek neurri batetan identitatea sendotu egiten du eta kohesioa indartu egiten du. Faktore horiek guztiak oinarri on bat dira garapen endogenoko estrategia aurrera eramateko. Bestetik, euskarari edo demolinguistikari loturiko ekonomia jarduerak sortu baldin badaitezke, horrek ere beste faktore gehigarri bat ekarriko luke. 

Adibideren bat? 
Nik hiru adibideetatik asko ikasi dut. Bi oso leku txikiak dira, eta neurri batean baztertuta. Bizkaiko Lea ibarra, bost udalerri dituena: Amoroto, Gizaburuaga, Aulestia, Mendexa eta Munitibar. Guztira 2.000 biztanle dira. Kezka zuten baserriak husten ari zirelako, jendea eta gazteak hiriburura ikastera joaten ziren. Eta 60. hamarkada akaberan prozesu sozial bat hasi zuten. Gazte batzuk biltzen hasi ziren, zerbait egin beharra zegoela adierazi zuten, beraiek han bizi eta lan egin nahi zutelako. Sozioekonomia dinamika indartsua hasi zen, garapen estrategia bat aurrera ateratzeko udaletan alderdien arteko adostasunak lortu zituzten. Hasi ziren kooperatibak sortzen. Ondoren, 80ko hamarkadan, Leako Mankomunazgoa sortu zuten eta 1991 aldera Ukamikako industrialdea lortu zuten. Beteta dago, ez dakit hirugarren fasea eginen duten. Bilbon inork sinisten ez zuen industrialde bat eraiki zuten, momentu honetan erreferentzia dena eta beteta dagoena. Eta lortu zuten 400 lanpostu inguru sortzea. Sakanara ekarrita, hemen 5.000 lanpostu sortzearen pare litzateke. Han garapen agentzia dago. Sekulako lana egin dute. 

Inguru hori Bizkaiko punta batean dago, zentroetatik oso urruti, autobietatik nahiko urruti, komunikabide txarrak dituzte, industria tradiziorik gabe bere garaian, aireportuetatik, unibertsitateetatik, teknologia zentroetatik oso urruti. Literaturak esaten duenez, horrelako lekuetan, edo turismoan aritzen zara (Lekeitio ondoan dago) edo ez dago besterik. Eta, justu, beraiek industria prozesua egin dute. Beraiek lortu bazuten… Sakantzen Sareak hango protagonistetako bat ekarri zuen Sakanara, industrialdeko kudeatzailea izandakoa. 

Zerainen kasua da bestea. Metodologikoki oso antzekoa da: parte hartzailea izan da, bertako eragileek bultzatu dute, bertako eragileek normalean kanpotik zerbait lortuko dutenaren edo arrakasta izanen duenaren esperantza gutxi dute. Beraz, autoestimu handiarekin eta konfiantza prozesu handiarekin lortu zuten 200 biztanleko herri batean 50 lanpostu sortzea: kooperatibak sortu, materiadun ondareari balioa eman zioten, bertutedun zirkuluak sortu zituzten turismoa erakarriz eta elikagaien eraldaketa eta salmentaren bitartez. Hainbat proiektu aurrera eraman zituzten. 

Nire hirugarren iturria Goierriko garapen agentzia da, Goieki. Batez ere industriako enpresekin lan oso polita egin du, enpresak elkarlanean jartzeko, teknologia erronkei eusteko, berrikuntzarako dituzten gaitasunak sustatzeko, nazioarteko azoketara elkarrekin joateko… Hor, eta beste leku askotan ere, praktika egoki batzuk daude. 

Hor hizkuntzak zein leku hartzen du? 
Lea eta Zerain arnasguneak dira, eta dena euskaraz da. Eta Goierrin nik beti bilerak euskaraz egin ditut. Beste gauza bat da, nik uste, Lean eta Zerainen euskararen dimentsioa ez dutela ezta planteatzen. Hain naturala dute! Goierriren kasuan nik ez dakit bere garaian euskara enpresetan sustatzeko garaian garapen agentziaren bitartez zerbait egin ote den. Baina, esaterako, erronka demolinguistikoa ezin daiteke jarri garapen agentzia baten ardurapean. Badaude beste eragile gehiago: erakundeak (udalak, mankomunitateak), herri mugimendua eta sindikatuak enpresen barruan euskararen erabilera sustatu dezaketenak (enpresako euskara planak). Gai honetan lidergoa garapen agentzia batek eraman beharko lukeen? Zalantza handiak ditut. Garapen agentzia baten helburua da bertan dagoen ekoizpen egitura ziurtatzea etorkizunera begira, nahikoa lanpostu mantenduko ahal izanen dituela populazioak ez alde egiteko eta gazteek bertan kokatu ahal izateko. Gazteekiko edo migranteekiko hizkuntzaren transmisioaren erantzukizuna eta funtzioa beste batzuen esku egon beharko luke. 

Halako lan bat egin ondoren, zertan gelditzen da? 
Honetaz arduratu behar duten eragileekin hitzaldiak-eta aurreikusiak daude. Bizi osoa daramat Euskal Herriko bazter guztietan hitzaldiak ematen. Leako-eta esperientziak oinarri hartuta, metodologia proposatu nuen. Sakanako kasuarekin aukera izan nuen metodologia horrek funtzionatzen zuen edo ez, praktikan jartzeko. Ikusi dugu funtzionatu duela eta arrakastatsua izan dela. Gainera, hasierako oinarri kaskar batzuen gainean eraiki da eta, azkenean, lortu da zeuden oztopoak gainditzea. Hitzaldiak ematen segituko dut.