Berriak merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko kanpaina eginen du

Guaixe 2021ko eka. 3a, 10:59

Rebeca Alen Royo (SDOZE), Ainara Lasa Perez (Berria) eta Castillo Suarez (Mank).

Bertan parte hartu nahi duten establezimenduek asteartera arte izena eman dezakete. Hilaren 15etik 24ra erosketak egiten dituzten bezeroen artean 1.000 euro zozketatuko dira. 

Euskara hutsez argitaratzen den egunkariak Berria Zabalik kanpaina Sakanan martxan jarriko du. Berria berari “ikusgarritasuna emateko” eta ibarreko “merkatari txiki eta ostalarien jarduna biziberritzeko kanpaina da” Berriak aurkeztu duena. Eta bi epetan garatuko da. Lehenik, kanpainan parte hartu nahi duten establezimenduetako arduradunek izena eman beharko dute, dohainik da. Horretarako, www.berria.eus webgunean dagoen galdetegian datuak bete beharko dituzte. Horren zabalkundean Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak ere lagunduko dio. 

Izena ematen duten establezimendu guztietan garatuko da kanpaina hilaren 15etik 24ra. Establezimenduek kanpainan parte hartzen dutela adierazteko kartela izanen dute sarreran. Dendetan erosi, taberna edo jatetxeetan kontsumitu edo zerbitzuren bat kontratatzen dutenek aldiro txartel batean datuak bete eta 1.000 euroren zozketan parte hartuko dute horren bidez. Berriak hilaren 30ean zozketatuko du dirua. Irabazleak sariko dirua kanpainan parte hartu duten establezimenduetan gastatu beharko du. Gainera, kanpainan parte hartzen duten establezimenduen artean ere saria zozketatuko du Berriak: egunkarian 1.000 euroko balioa duen publizitatea jartzea.  

Berria egunkariko marketing eta publizitate arduradun Ainara Lasa Perezek kanpainaren aurkezpenean aldamenean izan zituen hura laguntzen duten Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko Castillo Suarez teknikaria eta Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteko Rebeca Alen Royo. Ekimenaren babeslea Nafarroako Rural Kutxa da.