Ainhoa Betelu Satrustegi

"Gizarte zerbitzuek edo pediatrek informazioa izatea komenigarria da"

Guaixe 2021ko eka. 2a, 11:06

Ainhoa Betelu Satrustegi eta Lizar. UTZITAKOA

Ainhoa Betelu Satrustegi arbazuarra Lizarren ama da. Anfasen zerbitzuaren erabiltzailea da.

Lizar Atakondoa eskolan hasi zen ikasten eta gaur egun Iruñeko Andres Muñoz Garden ari da ikasten. Gainera, Anfasen Lakuntzako egoitzara ere joaten da astean bitan. 

Anfasek eskaintzen dituen zerbitzuen berri nola izan zenuen? 
Atakondoa eskolan esan zidaten Lizarrendako logopedia saioa gutxi xamar zela, eta eskolatik kanpo saio gehiago behar zituela. Nora jo nezakeen galdetu nuen eta esan zidaten Anfasen bitartez egin zitekeela. Eta nire sorpresa izan zen Anfas Lakuntzan dagoela eta hara joan nintekeela. Nik uste nuen bakarrik down sindromea zutenak joaten zirela bakarrik. Baina hori ez da horrela. Edozeinendako irekia dago. Arazoren bat baldin badauka, zerbitzu batzuk ematen dira han. Eskolatik pista eman zidaten. Mankomunitatera hots egin nuen Sakanako Anfasekin nola hitz egin jakiteko. 

Atakondoa eskolan ikasten du Lizarrek?
Lehendabiziko urteetan bai, 9 urtera arte. Ikasturte hasieran ikastetxea aldaketa eskatu nuen. Bi eskola erakutsi zizkidaten: Iberoko Isterria eta Iruñeko Iturrama auzoko Andres Muñoz Garde. Isterria kontzertatua da eta ez zegoen tokirik. Andres Muñoz Garden begiratu genuen, tokia zegoen eta berehala aldatu zitekeen ikastetxez. Ikasturtea hasi bazen ere, ilbeltzetik beste tokian hasi zen, orain arte.  

Lizarrek logopedia behar zuelako jo zenuten Anfasera. Beste arlo batzuk lantzen dituzue orain? 
Lehenbizi logopedia saioarekin hasi ginen bakarrik, astean behin. Ondoren aukera eman zidaten akademia gaitasunak lantzeko, hau da, irakurtzen eta idazten ikasteko saioa eskaini zidaten eta baietz esan nien. Astean bitan joaten da egun batez logopedia lantzera eta bestean akademia trebetasunak. Astean bitan joaten gara eta oso kontent, oso ongi. 

Berezitasuna Lizarren adina da, ezta? 
Sakanako zerbitzuan denak txikitxoak dira eta, nik dakidanez, Lizar helduena da. Badago neskatxa bat, baina gazteagoa da, 15 urte izanen ditu. Lizarrek aurten 21 urte eginen ditu. Zaharrena da alde handiz. Ez dakit zenbat denbora gehiago iraunen duen, zeren badauka epe muga. Ez dakit hurrengo urteraino izanen den edo zenbat denbora. Zeren Andres Muñoz Garden hurrengo urtean bukatuko du zikloa. Suposatzen da gero, segur aski, Lakuntzako Tasubinsara, lanpostu batera bideratuko dutela.  

Logopediarekin eta akademia gaitasunak lantzen segitzerik izanen duen oraindik ez dakizu. 
Ez dugu horretaz hitz egin. Esan zidaten epe muga bat dagoela, baina ez dut gogoratzen. 

Anfasek Sakanan zerbitzu hori izatea nola baloratzen duzu? 
Zerbait zoragarria iruditzen zait. Behar zen, eta behar da. Azkenean, Iruñera bideratzea dena, ezinezkoa da. Kilometro asko egin behar dira. Irurtzundik gertu nago. Baina, hala ere, nahiago dut Lakuntzara joan. Kostatzen zait gehiago joatea eta ez dut pentsatu behar non aparkatu edo zer egin behar dudan. Niretako Lakuntzan zerbitzua izatea pauso oso-oso handia da. 

Zure esperientziatik, zer esanen zenieke sakandarrei? 
Iruditzen zait informazio hori gizarte zerbitzuek edo pediatrek izatea komenigarria dela. Zeren informazio hori nonbaiten galdu egiten da. Arazoren bat duen umeen gurasoei informazio hori ematea oso komenigarria da. Gutxienez jakin nora joan. Oso gomendagarria da informazio hori izatea. Anfasekoak hor daude, gu laguntzeko. Gainera, zerbitzu asko dituzte: akademia trebetasunak landu, logopedia, psikomotrizitatea… Lagundu gaitzaketen gauza asko daude. Eta askotan ez jakitea pena da. Zeren eta zenbat eta terapia horiek zenbat lehenago egin, orduan eta hobe. Nik, esaterako, Lizar txikia zenean, urtetan Iruñera gauza batera eta bestera joan naiz. Erotzeko modukoa. Hemen hori guztia izatea pauso handia da. Arazoak dituzten umeen gurasoei aholkatzen diet dudarik gabe galdetzeko. Jendea animatu dadila! Zerbait handia da, zure seme-alabengatik egitea merezi duena. 

Erlazionatuak